Malko bat. Tristurak, nahigabeak, inpotentziak, pozak, beldurrak, minak... emozioren batek eragindakoa. Edota hotzak. Begian sartutako hauts izpi batek. Betile egoskor batek. Alergiaren batek. Tipula mozteak. Poliziak jaurtitako gasak.
Malkoak, begiak babesteko. Malkoak, pertsonaren barrunbeen eta barne krakatekoen erakusle. Malkoak, garunean gertatzen denaren leiho. Malkoak ikerketagai. «Begian lan egiten dugunok esaten dugu garunaren leihoa dela begia: ireki, eta zer gertatzen den ikus dezakezu». Elena Vecinorena da azalpen argigarria. «Enbrioiaren garapenean, begia garunaren zatia izaten da. Bereiziz joaten da». EHUko GOBE Oftalmo-biologia Esperimentaleko Taldeko zuzendari eta Biologia Zelularreko katedraduna da Vecino. 26 urte ditu GOBE taldeak.
Begiak nerbio sistemari buruzko informazioa ematen du. Begian atzeman daitezke gaixotasun batzuk. Garunean gertatzen ari denaren aztarnak: «Begian odol-hodi txiki batzuk lehertuta baldin badaude, horrek esan diezaguke garunean gauza bera gertatzen ari dela, arazo baskularrak egon daitezkeela. Baina begian ikusten duzu. Begiak esaten digu askotan gero zer gertatuko den garunean». Gaixotasun neurodegeneratiboak —parkinsona, alzheimerra...— garunarekin lotzen dira, baina begiak —eta malkoak— oso garrantzitsuak izan daitezke haien ikerketan.
Organo oso sentibera da begia. Azala baino askoz ere sentiberagoa, EHUko ikertzailearen esanetan: begiaren zati gardenean azalean halako300-600 nerbio bukaera daude. «Orduan», azaldu du Vecinok, «pentsatu genuen bertara irits zitezkeela parkinsonaren moduko gaixotasun neurodegeneratibo baten seinaleak». Parkinsona da gaitz neurodegeneratiborik ohikoenetan bigarrena, alzheimerraren atzetik.
27 gaixo, 560 proteina
Vecinok zuzendutako ikerketa talde zabal bat parkinson gaixoen malkoak ikertzen ari da, malkoetan parkinsona goiz diagnostikatzea ahalbidetuko duten biomarkatzaileak aurkitzeko. Diagnostikorako bakarrik ez, biomarkatzaile horiekin gaitzaren monitorizazioa, jarraipena ere egin nahi dute. Ikerketa pilotu bat egin dute, eta biomarkatzaileak izan daitezkeen bost proteina aurkitu dituzte. Proteomes aldizkarian argitaratu dituzte ikerketaren emaitzak.
Parkinsona duten 27 pertsonaren malkoetako proteinak alderatu zituzten kontrol taldeko beste 27 pertsonaren malkoetako proteinekin. 560 proteina guztira. Aurrena, ikusi zuten ea proteina ezberdinen bat zegoen batzuetan eta besteetan. Hau da, ea gaixotasuna markatzaile bakar bati lotuta zegoen. Ez zuten aurkitu. Ez da harritzekoa: normalean biomarkatzaile bakar batek ez du erakusten gaixotasuna edukitzearen eta ez edukitzearen arteko aldea.
Proteinak alderatzean ikusi zutena izan zen sei proteina prozesu neurodegeneratiboei lotuta zeudela, eta parkinson gaixoek horietatik bost proteina gainadierazita zeuzkatela —kopia gehiegi—. Gainadierazita bai, baina zenbat? Parkinsona ez zutenek halako bi baino gehiago, gutxienez.
Bost proteina horietatik batez ere hiru prozesu lisosomaletan inplikatuta daude. Lisosomak zeluletako organulu batzuk dira, eta entzimen bidez zelulen barruko digestioaz arduratzen dira: molekula handiak puskatu eta molekula txiki bihurtzen dituzte, eta zelulako elementuei behar duten elikagaia ematen diete. Lisosomek birziklatzen dituzte zeluletan sortutako hondakinak ere. Birusak eta bakterioak suntsi ditzakete. Eta, zelula bat kaltetuta badago eta ezin bada konpondu, lisosomek parte hartzen dute zelularen heriotzan edo apoptosian.
Bana-banako ikerketa
«Lisosomek neuronen barneko garbiketan parte hartzen dute», zehaztu du Vecinok. «Neuronen funtzionamenduak sortutako zaborra ezabatu egin behar da, eta, ezabatzen ez denean, zaborra pilatu egiten da neuronaren barruan. Pentsatzen dugu hori izan daitekeela neuronen heriotzaren arrazoia zenbait gaixotasun neurodegeneratibotan».
Ikerketaren berrikuntzetako bat izan da gaixo bakoitzaren malkoak ikertu dituztela, ikerketa bana-banakoa izan dela —orain artean egindako ikerketetan, gaixo taldeen malkoak aztertu izan dira—. Indibidualizatua eta kontrol talde batekin. «Guk jakin nahi dugu nola atzeman gaitzapertsona jakin bati, eta gaitza pertsona horretan nola garatzen den», Vecinoren arabera. «Aurrerapena adierazgarria da».
Oso malko gutxirekin lan egin dute. Bost mikrolitroko laginak hartu dituzte begi bakoitzean, begia ukitu gabe eta anestesiarik erabili behar izan gabe. Malko tanta bakoitzak 20-25 mikrolitro ditu, Vecinok zehaztu duenez. Parkinsona duten gaixoek malko gutxi izan ohi dute.
Ikerketaren bereizgarrietako bat da 27 parkinson gaixoetatik hiruk gaitza eragin dezakeen gene baten mutazioa dutela: E46K-SNCA. Bizkaiko familia bat eta Gipuzkoako beste bat identifikatu dituzte mutazio horrekin. Kasu horien garrantzia nabarmendu du Vecinok, haien jarraipena egin dezaketelako, biomarkatzaileen bilakaera ikus dezaketelako, eta parkinsona zenbateko aurrerapenez diagnostikatu dezaketen jakin.
Ikerketa taldearen helburua ez da bakarrik parkinsona goiz diagnostikatzeko biomarkatzaileak aurkitzea. Baita zergatia aurkitzea ere. «Zergatik daude proteina horiek hain gainadierazita? Zein da hori eragiten duen alterazioa? Zer prozesutan daude inplikatuta?», galdetu du Vecinok. Diagnostikoaz hitz egiten duenean, gaixotasuna ezagutzeaz ari da. «Gaixotasuna ezagutzen duzunean, terapiak diseinatu ditzakezu, botikak, eta sendatzen saia zaitezke. Guztia lotuta dago».
Ikerketa pilotua izan da. 27 pertsonako bi taldetan egin dute. Orain, talde zabalagoetan probatu nahi dute —ehun bat lagunetan—, ikerketa pilotuan ikusitakoa balioztatzeko. «Ikerketa zabaltzen dugunean ikusiko dugu ea biomarkatzaileak izateko bost hautagaiek biomarkatzaileak izaten jarraitzen duten».
Testa helburu
Gurutzetako ospitaleko neurologoek eta oftalmologia espezialistek parte hartu dute ikerketan. Baita CIC Bioguneko proteomika zerbitzuak ere. Orain, zabaldu egin dute ikerketa taldea: alde batetik, Donostia ospitaleko neurologia eta oftalmologia zerbitzuak ere sartu dira, paziente gehiagok parte hartu ahal izateko; bestetik, Tecnaliak ere bat egin du. Izan ere, biomarkatzaileak zehaztu eta gero, test bat garatu nahi dute, malkoekin parkinsonaren diagnostiko goiztiarra egin ahal izateko.
Parkinsona atzemateko test bat kaleratuz gero, alde handia legoke gaur egun gaitzaren biomarkatzaileak atzemateko erabiltzen diren zenbait biderekin alderatuta: puntzio lunbarra eta likido zefalorrakideoa erauztea. Malkoen bidez egitea erosoagoa litzateke, eta ez hain inbaditzailea.
Oftalmologoek ospitalean jasotzen dituzte malkoak, eta ospitaleko malkoen bankuan gordetzen dituzte. Aurretik, oftalmologoek sakon aztertu behar dituzte ikerketan parte hartzen dutenen begiak, begietako bestelako arazorik ez dutela ikusteko, horrek ikerketaren emaitza baldintzatuko bailuke. Gurutzetako eta Donostia ospitaleetako neurologoen eta oftalmologoen bitartez egiten ari dira ikerketa. Bertan tratatzen ari diren parkinson gaixoak izan behar dute; bertatik kanpokoak, oraingoz, ez.
Zientzia
Malkoak parkinsona ikusteko
EHUko, Gurutzetako ospitaleko eta CIC Bioguneko ikertzaileen talde batek bost biomarkatzaile identifikatu ditu parkinson gaixoen malkoetan, gaitza goiz diagnostikatu ahal izateko. Ikerketa pilotua izan da, eta orain zabaldu egin nahi dute, ikusitakoa balioztatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu