BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA (III)

Malgaxeen lurralde arretuan barrena

'Bosgarren uhartea' ere deitzen diote Madagaskarri. Fauna eta flora aldetik aberastasun ikaragarria du, baina hori mantentzeko beharrezkoa da hango natur baliabideen ustiatzea etetea.

Malgaxeen lurralde arretuan barrena.
2016ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Madagaskar, malgaxeen herrialdea, munduko uharterik handienetakoa da. Deforestazioaren ondorioz arretzen ari bada ere, oraindik fauna eta flora endemiko ugariren gordeleku paregabea da. Iberiar penintsula adina bada hedapenean, eta goitik beherako 1.500 kilometrotan, eta 400 inguruko zabaleran, paisaia eta biotopo anitz topa ditzakegu. Jatorri ezberdinetako hemezortzi etniatako malgaxeen bizilekua da. Haiei erreparatuta, ez dirudi Afrikan gaudenik, ezta Asian ere. Hizkuntza ere polinesiar-malaysiera familiakoa dute. Madagaskar afrikarra izan gabe Afrika da, aparteko aparta, zirrara eragilea.

Gure uda sasoian abiatu bagara ere hara, bidaiari ekiterakoan Antananarivon lurreratu etafreskura sumatzea dena bat izan da, altu baitago hiriburua. Uhartearenerdialde guztia goitik beherako mendikate batek zeharkatzen duenez, bertakoek Tanadeitzen dute, eta 1.280 metroko altueran kokatzen da gutxi gorabehera. Muino ugari ditu, eta haren sakanetan biltzen da hiri kaotiko jendetsua, nekazaritza guneetako exodoaren lekuko. Baina historiaren xarma ere berekin gordetzen du, frantziarrek kolonizatu aurreko azken erregina merinen jauregia goian duelarik; kolonoek eraikitako tren geltokia, berriz, behean; erdian kaosa eta jendetza, eta, kanpoaldean, adreilu «fabrikak» eta arroz zelaiak nonahi. Horiek zeharkatuz, errepide estutik ekialderantz goaz alokatutako autoan,Thiresyrekin, ibilbide osoan gure gidari izango dugunarekin. Izan ere, goraino eta gehiago beteta doazen taxi brousse delakoetan —furgoneta antzekoak— bidaiatzea ez baita giro.

Kostaldetik kostaldera

Horrela, Indiako Ozeanorantz jo dugu hasteko. Andasibe natur parkea izango dugu lehen helmuga. Bertan aurkituko omen ditugu hamaika lemur desberdin, hegazti bereziak, lianak… Baina benetan ikusi nahiizan duguna, zuhaitz arteko hostoetan eta adarretan, laino eta euri artean eroso, jostari dabilen indria da, lemurretan handiena. Hezea da basoa, eta hotza,baina era berean emankorra, Vakona zuhaitza —etxeen tailatuetarako erabilia— eta palisandrotan aberatsa. Eskerrak natur parkean gauden, bestela zuhaitz bereziok aspaldi ebaki eta ebatsiak zituzten, maiz samar gutxi batzuen patrikak berotzeko egin izan duten bezala.

Turisten ibilbidetik aldendu eta bizimodu erreala ezagutzeko, herrira bertaratu gara,azokan janaria erosteko aitzakian. Pobrezia agerikoa dela ezin ukatu: lokatz artean haurrak jolasean, oinutsik, arropa lardaskak soinean, helduak egurretan, beharko, ez baita giro! Madagaskarreko pobrezia tasa %70ekoa da, baina zonalde honetan are nabarmenagoa da, eta, ondorioz, biziitxaropena ez da 60-65 urtetik gorakoa.

Mendialdetik itsasertzera abiatu gara jarraian, Pangalanes kanalera. Indiako ozeano oldarkorra ekiditeko, paraleloki, laku ugariak ibai bidez lotuz, frantziarrek garraiorako eraiki zuten kanala. 625 kilometroko luzera du. Betsimisarakatarren lurraldean kokatzen den egoitza dotore batera iritsi gara. Ekosistema honetan arraroak dira halakoak, aberatsen baten inbertsio nabarmenera. Mendebaldeko eurietatik ez gara libre izango, baina kostaldeko epeltasunean gauez egin dugun ibilaldian aye-aye-aren, malgaxeentzat adur gaiztoko lemur iheskorraren begi distiratsuak ikusi ahal izan ditugu.

Alderik alde, mendebalderantz, Mozambikeko kanalerantz jo dugu hurrena. Sakalavatarren ingurune lehor eta beroan naturaren indarrak liluratu gaitu. Guztion ondare izendatuak dira Bemarahako tsingy-ak. Formazio karstiko berezituotan urak goiko aldeak higatuz haitzuloak eta pitzadurak sortuak ditu karaitzetan, bai horizontalki, baita bertikalki ere, klima gogorraren laguntzaz. 60 metro arteko zirrikituetan gora eta behera, ferrata antzekoetan zehar osatu dugun ordu batzuetako ibilaldiak txundituta utzi gaitu, batzuetan haitz punta zorrotzetan oreka ariketak eta guzti serioski egin beharrez. Tsingy hitzak ez du alferrik esan nahi oinutsik ibili ezinezkoa.

Natur parke horretara heltzeko, lur pistetan zehar hautsak harrotuz etorri gara. Nekazari nomada egarrituekin noizbehinka ura partekatuz, batelak elkarri lotuta osatutako transbordadoreetan,Tsibirihina eta Manambolo ibaiak zeharkatu ditugu. Denak merezi du, are gehiago Baoben etorbide ospetsuan ilunabar liluragarria ikusteko parada izanda.

Erdiko bizkarrezurra

Hurrengo geltokia goi lautadan izango dugu. Tanatik hegoaldera merinek gobernatzen dituzten lurretan barna emango ditugu segidako egunak. Antsirabe hiriburua rickshaw edo pousse-pousse-en erritmoan ezagutu dugu. Gizona gure gurditxoari tiraka ikustea gogorra egin zaigu, baina jabetu garenean lan hori beharrezko duela eguneroko ogia lortzeko, arindua hartu du gure barne gatazkak.

Goi ordokian nekazaritza herrixka ugari daude. Horietako batean Betafo lakutik gertu dagoen Fiadananako komunitateari bisita egin diogu. Kooperatiban antolatzen hasiak dira, bisitarion egonaldirako ibilaldia eta ostatua eskainiz. Etekina komunitatearen beharretara zuzenduko dute, eskolako andereñoa ordaintzeko, kasurako. Izan ere, hezkuntza hobetzea dute lehentasunetako bat. Txangoan agurtu ditugu forjariak, adreilu egileak, sokagileak, nekazariak, alfonbragileak, ikazkinak… Horrela ikasi dugu urtean hiru arroz uzta ateratzen iaioak direla, misiolari norvegiarrek uraren ustiaketa eraginkorra erakutsi zietela; baita etxeen arkitekturari, deforestazioari eta hileta errituei buruzko kontuak ere. Aferokgertuagotik ezagutzeak herrialde osoa eta haren egoera hobeto ulertzera eraman gaitu.

Batetik, deforestazioa. Larreetarako, etxegintzarako, ikatzetarako, sua egiteko edo bestelakotarako mendiak eta zelaiak larrutzen ari dira, sekulako triskantza eraginez ekosistemari. Madagaskar berdetik arre kolorera pasatu da. Azken hamarkadetan basoaren hiru laurdenak galdu ditu. Jasanezina, desertizazio eragilea, eta pobrezia areagotzailea den jokabidearen aurka ahots asko ari dira altxatzen,baina gobernuak ez du askorik egiten. Ez du lehentasunen artean, eta ustelkeriak jota dago. Ez da harritzekoa, beraz, munduko herrialde pobreenen artean aurkitzea. Horren adibide: umeen erdiek muturreko malnutrizioa jasaten dute.

Hileta errituak, bestetik. Asiako kutsu nabarmena duen Hezurren Biraketa deituriko erritua egiten dute leinuko hildakoen omenez, zendu eta bospasei urtera. Leku berezienetan kokatutako sendiaren kriptatik gorpuzkiak atera, zapietan bildu, perfume eta likoretan busti eta hildakoekin hitz egiten dute, bedeinkazioak eskatuz. Familiak elkartzen dira oturuntzan dantza eta kanta, eta ospakizun handirako aurreztutako sosak xahutuko dituzte.

Bidaian hegoalderantz harraitzen dugu; hurrengo geldialdia betsileotarrekin egingo dugu Fianarantsoa inguruan, berriro ere nekazaritza giroan murgilduta. Ibai jaitsiera kanoetan, herritik herrira trekking eginez, antzinako tresna eta lanabesekin landutako lur emankorretan barrena, beren kultura erakusteko irrikaz dagoen gidariaren azalpenei adi joan gara. Berak diosku herriak Zaharren Kontseiluak gobernatzen dituenez, beren asmoak betetzeko gazteak sarri erabaki tradizionalegiotatik kanpo ibili beharrean aurkitzen direla, iraultzaile txiki bilakatuta.

Andringitra eta Isalo

Natur parke batetik bestera jauziak eginez, errepide kaxkarretan barna iritsi gara Andringitra parkera, mendi paraje birjinara, granitozko mendilerroan 2.658 metroko gailurrak dakusazkegularik. Madagaskarreko Yosemite ere deitzen diote. Lurretik zuzenean atera eta gailentzen diren mendiok beren baitan biltzen dute biodibertsitate eta flora aberats gozagarria. Horretaz ohartu ziren mendizale frantziarrak, eta Tsaranoro bailaran ezarri zuten beren bizilekua. Horretaz profitatu gara gu, ireki zituzten aterpeak eta turismorako baliabideak egonaldirako erraztasunak eskaini dizkigutelako.

Tsaranoromendi ikusgarriari begira (1.910 metro) hartu dugu ostatu, basotxo tropikalez inguratuta, naturaz blai. Trekkingerako hainbat aukera eskaintzen dizkigu bailarak. Horien artean pare bat hautatuko ditugu: Langela mendira (1.540 metro) eramango gaituena, eta Hora Avaratra muino eta basoak zeharkatuz herri arteko ibilbidea.

Lehenari igoera goiztiar batekin ekin diogu. Bertako gidariak lagunduta, ibilbidean zehar, landaretza endemikoa, bitxikeria naturalak eta goizeko eguzki printzez arroketan etzanda gozatzen ari diren isats eraztundun lemurrak deskubritu ditugu. Halako batean,bidezidorra harri eta arroka artetik doa gorantz. Azken zatia amildegi ertzetik igaroz heldu garagailurrera. Hango ikuspegia hitzetara ekartzea zail gertatzen da: Andringitrako parajea bistan, bailarak tarteko, urrutieneko mendiak ere behagai. Beherakoan ur jauziak, hilobiak, lemurrak , bainurako putzuak, lasaitasuna…

Bigarren ibilaldian bailarako biztanleak topatu ditugu: herriko maisua, ospitaleko medikua, zebuak bazkatzera daramatzan unaia, arroz terrazetan nekazaria, eskulangileak, lurra landu eta bere ekosistema zaintzen dutenak, bailaraz harro daudenak. Mendizale frantsesentzako esker oneko hitzak besterik ez dutenak denek ere, haien aurkikuntzaren eskutik etorri baitzaie bertakoei aurrerapena eta bizi baldintzen hobekuntza.

Paradisu batetik bestera goaz, ekialderantz, itsasoranzko bidean aurkitzen dugun Isalo Natur Parkera. Vezotarren lurralde horrek altxor ugari dauzka, hareharrizko mendilerroa izaki, higadurak forma bitxiak sorrarazi ditu mendizaleon gozagarri, Leihoa eta igerileku naturala, esaterako. Bero jasangaitza ekidinez mikroklimara garamatzan trekkinga egin dugu: kanoi, ur jauzi, putzu, mendigain eta, oro har, biodibertsitate askotarikoa bezain txundigarria gordetzen duten hainbat txoko ezagutuz bukaera eman diogu gure bidaiari.

Ohartuko zinen, irakurle, zein askotarikoa izan den gure bidaia, eta planetako bosgarren uhartearen aberastasuna ezagutzea merezi duela. Madagaskar osoak merezi duen moduan, gain behera doan harribitxi hau zaintzea eta laguntzea malgaxeen eginkizuna ez ezik denon ardura dela ere iruditzen zaigu. Sinetsita gaude horrekin, eta, hain zuzen ere, horregatik ekarri ditugu hitzetara bertan bizitakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.