Maletarik gabeko bidaiak

Geroz eta jende gehiagok jotzen du oporraldirako maletak mezularitza zerbitzuen bitartez garraiatzera. Erosotasunaren bila, bidaiatzeko modu berriak sortu dira.

2011ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Aste Santua pasatu berritan, maletak eskuan dituztela etorri dira opor egunak etxetik kanpo pasatu dituzten bidaiari gehienak. Bost egun izan edo hamabost izan, fardela leporaino beteta irteteko ohitura dago.

Batzuentzat, geroz eta neketsuagoa da maletak eramaten eta hartzen ibiltzea. Hegazkinez bidaiatzen duten hainbat turistak fakturazio arazoak izaten dituzte maiz, eta autobus geltokietan ere batetik bestera desbideratzen dira maletak zenbaitetan. Maletak arazo bihurtzen dira batzuentzat.

«Maleten helmuga segurtatzeaz gain, galtzeko arriskua gutxitzeko ere, geroz eta bidaiari gehiagok jotzen du oporraldira maletak bidaltzeko mezularitza zerbitzuak kontratatzera», azaldu du Gasteizko Mail Boxes ETC enpresako arduradunak.

Mail Boxes ETC enpresak 15urtetik gora darama, beste hainbat zerbitzuren artean, bezeroen maletak munduko edozein txokotara bidaltzen eta oporlekutik etxeratzen. Hego Euskal Herriari dagokionez, Gasteizen, Bilbon, Galdakaon, Durangon eta Iruñean ditu egoitzak. Kaxetan sartuta eta ongi bilduta eramaten dituzte bezeroen maletak eskatutako lekuraino. «Azkenaldian geroz eta jende gehiago etortzen da zerbitzua eskatzera», azaldu du Elena Riverok, Mail Boxes ETC enpresak Gasteizen duen egoitzako arduradunak.

Bezeroa, gero eta gazteagoa

Zerbitzua kontratatzen duen turista «orain artean, normalean, eta ezaugarri orokor bat emate aldera, jende heldua izaten zen», arduradunak azaldu duenez.

Geroz eta gehiago dira, berriz, oporlekurako joan-etorria lasai eta maleta iritsiko ez den beldurrik gabe egin nahi dutenak. «Jende heldu horrek sarritan pisuzko gauzak ibiltzeko zailtasunak izaten ditu, osasunak ez dielako uzten», Riveroren esanetan. Azkenaldian, mezularitza zerbitzua kontratatzea, ordea, ez da pertsona helduen ohitura soilik.

Ibilbideak adina prezio

Geroz eta bezero gazteagoak jotzen du Mail Boxesen moduko enpresen zerbitzuak kontratatzera. «Erosotasunari asko begiratzen zaio gaur egun; egia esanda, ahal den guztia uzten dugu besteen gain», Riveroren arabera.

Azken urteetan jendearen erosotasuna geroz eta altuagoa denez, Mail Boxes ETCko kaxak munduaren alde batetik bestera ibili ohi dira. «Zerbitzu segurua eta nahiko merkea da», azaldu du arduradunak. Tarifei dagokienez, fardelaren pisuaren eta egin beharreko bidearen araberako prezioa izaten dute kontratazioek.

Euskal Herritik Espainiako hegoaldera 20 kilogramoko maleta bat bidaltzea, adibidez, 30 eta 40 euroren bueltan kostatzen da. Europa aldera bidaltzea, berriz, 50 eta 90 euroren bueltan ibili ohi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.