Makinen ahotsak kantuan

Ez da zientzia fikzioa: adimen artifizialaren bidez sortutako musika erosten hasiak dira diskoetxe handiak. Horren kontrara, «gizatasunaren galerak» kezkatzen ditu kritikoak.

Robotez osatutako lehen heavy metal taldea sortu zuten Alemanian. SERGEI ILNITSKY / EFE.
Andoni Imaz.
2019ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Londresko Orkestra Sinfonikoak Transits pieza jo zuen 2012an, eta zera esan zuen lanaz Peter Russel musikologoak BBCn: «Obra zoragarria da, XX. mende hasierako Frantziako obra garaikideen kutsua dauka». Russelek, ordea, ez zekien lan hori ez zela musika konpositore baten burutik atera; Iamus izeneko software batek sortu zuen.

Aurtengo konpositore izarrak beste izen bat dauka: Endel. Martxoan, Warner Music zigiluarekin sinatu zuen kontratua algoritmo informatikoak. Dagoeneko bost disko kaleratu ditu, eta berak sortutako beste hogei egin beharko ditu aurten. Algoritmo batekin grabazio kontratua sinatu duen lehen diskoetxe handia bilakatu da Warner.

Halere, konpositore berezia da Endel: ez ditu ohiko musika piezak sortzen, entzuleari pertsonalizatutako «musika paisaiak» ematen dizkio. Alegia, entzuleak esaten dio erlaxatu, kontzentratu edo lokartu nahi duen, eta algoritmoak egoera bakoitzerako sortutako musika jartzen dio.

EHU Euskal Herriko Unibertsitatean informatika musikala lantzen du Izaro Goienetxeak (Lezo, Gipuzkoa, 1985), eta musika automatikoki sortzeko metodo bat sortu du. BertsoBot proiektuaren barruan, bertso doinuak automatikoki sortzeko metodoa aurkeztu zuen iaz. Bertsoen melodiez osatutako bilduma edo corpus batetik abiatu zen horretarako. Musika generoaren arabera sailkatzeko metodo bat ere aurkeztu zuen. Hala, multzokatutako melodia horien antzekoak diren berriak sortuko ditu makinak.


Andrea Bocelli tenorea, 'YuMi' robot orkestra zuzendariaren ondoan, Pisako Nazioarteko Robotika Jaialdian. / ABB

Goienetxeak berak alde nabarmena ikusi du berak egin duenaren eta Endel algoritmoaren artean. «Musika baino gehiago, meditazioko soinuak» aurkitu ditu ikertzaileak softwarearen diskoetan. Hura aztertuta, ikusi du «sentsazioak sortzea» dela Endel-en helburua: «Aldagai batzuk ditu, eguneko unearen eta entzulearen egoeraren araberakoak —bioerritmoak eta garunean emititu beharreko patroiak—, eta horrela sortzen dira soinuak. Ez da musika sortzeko metodo normal bat».

Urrats bat harago joan da algoritmoa, baina ohikoa makinari «irakastea» izaten da. Corpus bat hartu, eta horren ezaugarriak ateratzen dira, Goienetxeak kontatu moduan: «Adibidez, atera daiteke modelo bat ikusteko zein bitarte edo akorde sekuentzia izaten diren komunenak corpus horretan, makinak ikasteko». Ezaugarri estatistikoei erreparatuta, sortutako doinuek bide berari jarraituko diote.

Ondorioz, «makinak ezagutzen duenetik sortuko du». Are gehiago, berritzen saiatuz gero, eta ezagutzen ez duen bide bat hartzen badu, bere metodoak berak esango dio oker dabilela. «Denak hasten dira Skynet esaten», baina metodo horrekin ez dago makinak beregainak izateko modurik. Gainera, ez daukate sortutako hori baloratzeko tresnarik: «Sortzen duzu melodia bat, eta izan daiteke estatistikoki zuzena, baina entzutean, agian ez da interesgarria, ez du ezer esaten. Makinak ez daki gauza bat polita den ala ez, berak antzekoak sortzen ditu». Bide hori fintzeko, feedbacka behar da: pieza bat sortu ostean, makinari esatea sortu duen hori ondo dagoen ala ez.

Bestelakoa da Xabier Erkizia musikagileari (Lesaka, Nafarroa, 1975) burura etortzen zaion lehen hausnarketa: «Gehiago kezkatzen nau berotasunaren edo gizatasunaren galerak». Erreparatzen dio musikaren «funtzionaltasunari» ere: «Munduan ez da egongo armada bakar bat ere ez duena musikaririk edo musika bere ikaspenen barnean txertatzen ez duenik». Zeregin bikoitza ikusten dio orduan: musika izan daiteke «erritmoa markatzeko ariketa biolentoa», baina izan dezake aldi berean «manipulazio liluragarria» ere.

Kantu perfektuaren bila

Makinak musika egiten ikusteak ez dio ardurarik sortzen Erkiziari, baina adimen artifizialaren atzean dauden beste funtzio batzuek entzulearen erabakian duten eragina edo ordezkapena datorkio gogora: «Duela urte batzuk, Applek Genius aurkeztu zuenean, esan zuten nola diseinatu zuten entzuleen gustuen arabera halako kantu Frankenstein bat, arrakastaren patroia. Niri horrek izugarrizko beldurra ematen dit, hor ez dudalako ikusten arrakastaren patroia, baizik eta esklabotzaren patroia». Leon Tolstoiren aipu batekin lotzen du egoera: «Esklabo gehien behar den leku horretan, ahalik eta musika gehien beharrezkoa da».


Txistu jota, abestiak ezagutzeko gai da Malagako Unibertsitatean sortutako robot bat. JORGE ZAPATA / EFE

Makinek «funtzionatzen duenaren gainean» sortzen dutela nabarmendu du Goienetxeak, eta hori bera da Erkiziari kezka eragiten diona: «Kantu perfektu horren atzean, nik arma perfektua ikusten dut». Adimen artifizialak jaso ezin duen alderdi humanoa interesatzen zaio musikariari: «Norbait hunkitu daiteke tren bat pasatzen entzuten. Jakina, badago hor zati kultural bat nabarmena: egunero hots horiek entzuten dituena nekez hunkituko da txori bat entzutean. Musika gauza ikaragarri subjektiboa eta intimoa da».

Bruselan egon berri da Erkizia, sinposio batean, eta Manfred Werder konpositorearekin egin du topo bertan. «Ikaragarri musika isila egiten du, hagitz kontzeptuala, konplexua; problematikoa ere izan daiteke konpositorea dela esatea». Werderrek musika sortzean dena isilaraztea bilatzen du, musikak estal dezakeen beste guztia azalera dadin. «Hori da adimen artifizialak sekula egingo ez duena». Teknologia hortik kanpo ikusten du: «Mikrofonoek ez dute aditzen, entzun egiten dute soilik, ez dira gai arreta jartzeko. Iruditzen zait algoritmo batek nekez ikasiko duela azala ukitzeko modu horri arreta ematen, edo behar den adimena jartzen, haien adieratik hartuta hitza».

Bat-bateko kontsumoa

Adimen artifiziala, Endel algoritmoaren moduan, ez da sorkuntzara mugatzen. Enpresek unean uneko sorkuntza pertsonalizatua dute helburu: «Google, Spotify, Sony eta enpresa handi horiek sartu dira, deep learning edo ikaskuntza sakonarekin potentzia handia dago, eta interesa handitu egin da», Goienetxearen hitzetan. Joera horrek «zerikusia du gure garaiarekin», Erkiziaren ustean. «Gure aldartea aldatzeko erantzukizuna guk hartu nahi ez dugunean, musikari ematen diogu gure instintu oinarrizkoenak ernatzeko erantzukizuna. Askoz errazagoa da makina bati uztea. Zerikusia du bat-bateko kontsumoarekin: orain subidoia nahi badut, algoritmo batek egin dezake hori».

Bat-bateko kontsumo horrek ekarri du azken urteetan kantuaren gailentzea diskoaren gainetik. Singleak kaleratzen dira, gero eta gehiago. Errealitate horren aurrean, Erkizia penatu egiten du disko osoak entzuteko gaitasunik ezak: «Iruditzen zait musikaren zatikatze horretan gordetzen dela funtzionaltasun erraz bat, bideokliparen atzean gordetzen den bezala. Funtzionalagoa da, imajinazioarentzat espazio gutxiago dagoen heinean». Imajinazio eta emozio falta hori medikazio modernoekin parekatzen du: «Buruko mina daukat, ba Ibuprofeno 600, eta aurrera. Eta, gainera, hartu orduko efektua egitea nahi dut. Musikak badu hartu bezala efektua egiteko gaitasuna, baina ordaindu beharreko prezioa ere uste dut izugarri garestia izan daitekeela».

Medikuntza ofizialaren aurrean, ordea, badaude erreparoetarako beste bide batzuk: «Ez dugu zalantzan jartzen medikuak errezetatzen diguna, baina badaezpada ere probatzen dugu zerbait homeopatikoa, nahiz eta denek esan hori azukrea baino ez dela». Uste du musikarekin ere antzeko zerbait beharko dela: «Une batean iritsiko gara musika aukeratzeko modu homeopatiko baten beharrari aurre egitera».

Musikaren sorkuntza kanpo eraginen bidez moldatzeko interesa aspalditik dator, Goienetxea eta Erkiziaren arabera. Mozart aipatu du lehenengoak, eta Beethovenengana bigarrenak. Mozartek dado joko bat egin zuen: dadoa bota eta, ateratako zenbakiaren arabera, lotu egiten zituen aurrez sortutako musika zatiak. «Azkenean, musika piezak ausaz sortzen zituen».

Beethovenek 1814. urtean sortu zuen Wellingtons Sieg pieza, Johann Nepomuk Maelzelek eskatuta. Maelzelek robot bat asmatu zuen, orkestra osoa ordezkatzea amets, eta konpositoreari eskatu zion Gasteizko guduaren ohorezko pieza bat robot batek jo zezan. Beethovenen pieza sonatuena bihurtu zen, baina berak gorroto zuen: «Robot batek interpretatzeko collage bat egin zuen».

Ordutik 200 urte baino gehiago pasatu dira, eta adimen artifizialaren bidez sortutako musika eraldatu da, diskoetxe handiekin kontratuak sinatzeraino. Haren inguruan jarduteko modua, ordea, ez da horrenbeste aldatu, Erkiziaren ustean: «Adimen artifizialei buruz hitz egiten dugunean egoera infantilean gaudela ematen du, geure humanitateaz lotsatuta, baina, aldi berean, hura aldarrikatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.