Euskal makila

Makilaren heldulekuak

Makila hainbat helduleku eta adabegi dituen objektua da Euskal Herrian. Besteak beste, errespetuaren eta errekonozimenduaren sinboloa da, artisautzarako adar ederra, dantzarako eskutokia eta borrokarako arma.

Mizpira makilak, orbain bihurtutako zauriekin, alberditarren tailerrean, Irunen. ALBERDI MAKILAK
Mizpira makilak, orbain bihurtutako zauriekin, alberditarren tailerrean, Irunen. ALBERDI MAKILAK
enekoitz telleria sarriegi
Irun-Oiartzun
2024ko apirilaren 20a
05:00
Entzun

Dantzatu egiten da makila, eta egiten dira makil dantzak. Endreda-makila da bazterrak nahasten dituena. Makilakaria makilekin borroka egiten duena. Makila hautsiarekin inon ez sartzea da gomendatzen dutena. Makilaria da kabalkadetan makilekin firurikan aritzen dena. Makila egilea adarra ederresten duena. Makila da artzainarena, makila mendizalearena, eta makila erratzarena. Agintariena zein herriarena. Makila da gurpil artean oztopo gisa trabatzen dena. Euskarria da ezinarentzat, lagungarria mokor herdoilduarentzat, eta bada makilapean zigortuta bizi denik ere. Makilukaldiak dira behin baino gehiagotan jotzen direnak, Makilakixkik banatzen zituenak, eta makilak hautsi arte aritzen dira etsitzen ez dutenak. Adabegi adina helduleku ditu makilak.

Eta horregatik izan ei da ikergai zaila. Hala dio Fermin Leizaola etnografoak: «Ez dira makilaren inguruko ikerketa asko egin, baina, testuinguru bat jartzen hasita, esan behar da ia objektu guztiek dutela funtzio praktikoren bat, funtzionalitate bat. Makilari dagokionez, lanerako erreminta gisa, artzainaren makila da objektu hori. Haren laguntza behar izaten duelako ganaduari eta txakurrari aginduak emateko, mendian mugitzeko, azienda zenbatzeko...». Jendearen iruditeria bestelakoa da, ordea. «Makila horrek, noski, ez dauka zerikusirik ohorezko makilarekin, eta ohorezko makila horrek Ipar Euskal Herrian askoz ere tradizio handiagoa izan du, eta beste konnotazio batzuk ere bai. Ainziart familiak bospasei belaunaldi daramatza makilak egiten Larresoron [Lapurdi], eta Alberdi familia ere aspaldian ari da Irunen [Gipuzkoa]. Ederrak dira makila horiek».

Irungo tailerra

Arrazoi du Leizaolak. Makilak dira ederrak, istorioak dira ederrak, eta azalpenak dira ederrak. Alberditarrena etxea da, tailerra da, eta bizibidea da. Tailugilea zuten aitona, makila egileak osaba eta aita, eta hirugarren belaunaldiko kideak dira Beñat eta Saioa Alberdi. Artisaua bata, idazkaria bestea. «Hau da gure mundua», azaldu dute atarian. Erakutsi dituzte ohorezko makilen bildumako alerik preziatuenak, eta makilaren esangurak: «Makila tradizionala beti erabili izan da errekonozimendua adierazteko. Makila oparitu diozun hori pertsona errespetagarria dela eta maite duzula adierazteko. Makila beti izan da herriarena, eta ez du zertan izan agintariarena bakarrik. Ez da klase sozial kontua. Lehendakariak badauka, baina Joxemari tabernakoak ere bai».

Adar ederrez jositako baso bizi bat da Lapitz auzoko tailerra. Egur, zerrauts, kola eta historia usaina dario. «Honek guztiak daukan xarma da duela hiru mende bezala egiten ditugula», azaldu du Beñat Alberdik. Mizpirondo adarrekin, alegia: «Teknikoki oso egur dentsoa eta gogorra da, baina, aldi berean, malgua. Horrek egiten du oso berezi». Markak dira beste berezitasuna: «Orbaintze baten emaitza dira. Udaberrian, basora joaten gara, mizpirondoa aurkitu, adar egokia aukeratu, eta zauri batzuk egiten dizkiogu. Sei hilabete geroago bueltatzen gara adar hori moztera. Moztu eta tailerrera ekartzen dugu. Labe batean sartzen dugu, eta azala kentzen diogunean ikusten ditugu zauri horiek orban bihurtuta. Zauri hori egiten diozu beste edozein egurri, eta markarik ez da ateratzen». 

Beñat Alberdi makila egilea, Irungo bere tailerrean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Beñat Alberdi makila egilea, joan den astean, Irungo bere tailerrean. ANDONI CANELLADA / FOKU

Sailkatuta eta ordenatuta daude denak: zaharrak eta berriak, finak eta lodiak. «Zuri-zuri hauek dira aurtengoak. Eginda daukagun landaketa batekoak». Hamar urtez edukitzen dituzte lehortzen, muntatu aurretik. Baso zaharra behar du mizpirondoak. «Eta gurean ez dauzkagu halako asko. Iparraldera joaten gara, Pirinio ondora. Inoiz moztu gabeko basoak daude han. Ekosistema horretan ateratzen dira mizpirondoak. Eta argiaren bila egiten dute gorantz puja berriek. Hor aurkitzen ditugu makilak. Ni GPS batekin joaten naiz; aita, ez».

Kolatuta eta zutika jarrita daude azkenak. Xixelarekin grabatua dute punta, ezkutatua eztena, eta larru trentzatuz edertua heldulekua. «Ingalaterrara doa hau, AEBetara beste hau, eta Frantziara beste hori». Euskal makila tradizionalak dira. Ipar Euskal Herrian ondare immaterial gisa daude onartuta. Hegoaldean, ez. «Errekonozimendu hori lortu nahi dugu, eta zain gaude Jaurlaritzaren ilaran. Ondare ziurtagiri hori behar dugu, babes juridiko bat gure ondorengoentzat», aldarrikatu du Alberdik.

Makilekin dantzan

Ohorezko makilak dira Irungoak, baina bestelakoak dira dantzarako erabiltzen direnak. Makil dantzek tradizio handia dute euskal dantzetan. «Makil dantza gisa ezagutzen diren gehienak trokeo dantzak izeneko generoaren barruan sartzen dira. Bi ilaratan jarrita dantzatzen direnak, figura ezberdinak osatuz, erreminta ezberdinekin», azaldu du Mikel Sarriegi dantzari eta ikerlariak —Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak liburua argitaratu du berriki—. Makila txikiekin eta handiekin egiten direnak ezberdindu ditu. Aurrenekoak oso hedatuta daudela dio: paloteado esaten zaie Nafarroa hegoaldean. Euskal Herri osoan egiten dira. Eremuaren arabera, batzuk edo besteak nagusitzen dira. Ezagunak dira Berakoak eta Otsagabikoak (Nafarroa), eta dantzatzen dira Gipuzkoan eta Ipar Euskal Herrian ere (Kaskarotak).

Makil dantzan, Amezketan. JAVIER JUANES
Makil dantzan, Amezketan. JAVIER JUANES

Makil dantzen jatorria greziarren garaiko dantza pirrikoetan dagoela dio Sarriegik: «Soldaduek gerrarako egiten zituzten dantzak ziren, prestaketa eta ariketa fisiko gisa egiten zituzten dantzak». Baina, militar kutsuko dantza horiek aparte utzita, makilak euskal dantzetan bestelako formak ere hartzen dituela dio: «Jorrai dantzan, aitzur kirtena da simulatzen dena, baina sinbolizatzen da lurrari kolpeak jotzea ere. Hor, makilaren funtzioa izaten da neguan lo hartu duen lur hori esnaraztea. Perkusiorako eta erritmorako elementu ere bihurtzen da makila». 

Sarriegik aipatu du euskal dantzetako buruzagi makila ere: «Zintekin edo ikurrinarekin apaindua. Aginte makila bat da. Dantzako trantsizioak-eta agintzeko erabiltzen da». Eta Ipar Euskal Herriko dantzetan makilak hartzen duen beste funtzio bat: «Funtzio akrobatikoa. Buruzagi makila horrekin akrobaziak egiten dituzte, jiraka-jiraka, eta botatzen dute airean... Lehiaketak ere egiten dituzte horiekin, eta badaude makilari eskolak ere».

Makilekin borrokan

Makilariak daude, eta makilakariak daude: makilekin borroka egiten dutenak. Talde bat asteartero biltzen da Oiartzungo (Gipuzkoa) Elorsoro kiroldegian, Iñaki Ganboaren aginduetara. Bera da borroka modu horri buruz Euskal Herrian gehien ikertu duena: aztarrika dokumentuetan eta galdezka bazterretan. Harrigarria da egin duen bilketa lana. Esplikatu du Siziliako (Italia) makilakarien berri izan zuenean hasi zela bertakoak ikertzen. Dokumentatuta dauzka XVIII. mendeko datuak, baita atzeragokoak ere. XIX. mendean izandako indarra, eta 36ko gerratik aurrerako gainbehera. 

«Jasotzen nituen albisteak eta datuak, baina teknikarik ez. Azkenean, Amezketan [Gipuzkoa] topatu nuen arrastoa. Pista hari segika iritsi nintzen zekien batengana. Modu jakin batean borrokatzen zena, eskrima bat zuena». Ezkutuan irakatsi zion Ganboari. «Kezka handia zeukan. Zeren makila borroka ez baitzegoen ongi ikusita. Bazterrekoak borrokatzen ziren, sesiozaleak, tabernetan-eta ibiltzen zirenak, alproja samarrak. Gizon hark ez zuen nahi familiak hori jakiterik: ‘Irakatsiko dizuet, baina nor naizen inori esan gabe’. Beldur hori gainditu zuen, eta irakatsi zidan».

Ikasi zuen, eta irakatsi du. Hogei urte daramatza Oiartzunen eskolak ematen. «Besteenak erosten ditugu, eta geureak saldu ez. Geuk ere ez dugu ongi saldu. Hartu behar luke hau guztia norbaitek eta aurrera eraman. Merezi du. Oso teknika sofistikatua da. Nik ikerketari forma eman diot, baina nahi nuke beste ikerlari batek begiratzea, nonbait agertzea eta eskuragarri jartzea. Ikerlari profesionala naiz, baina kimikaren alorrean, ez etnografian. Aterabide bat eman nahi nioke egindakoari».

Makila borrokan, Oiartzungo kiroldegian. Beltzez, Iñaki Ganboa. GORKA RUBIO / FOKU
Makila borrokan, joan den astean, Oiartzungo kiroldegian. Beltzez, Iñaki Ganboa. GORKA RUBIO / FOKU

Oharkabean iragan baita makila borrokaren gaia, eta badu Ganboak horri buruzko hausnarketa: «Makila borroka ez da politikoki zuzena. Euskaldunei buruzko irudi bat daukagu egina, eta hau ez dator bat irudi horrekin. Dantza, auzolana... horiek bai, baina nik jaso ditudan pasadizoak ez dira halakoak. Baldintza oso gogorretan bizi ziren, eta erabakiak hartzen zituzten zirt edo zart. Batzuetan, lehenengo makilarekin eman, eta gero galdetu».

Belaun hautsien eta beso kraskatuen istorio ilun eta pasadizo ezkutuak kontatu ditu Ganboak, taldekideekin borrokan hasi aurretik. Bortitza da borroka. Lodiak dira makilak. Gorosti, elorri beltz eta mizpira. Egurraren soinua eta kolpeen oihartzuna Oiartzunen. Makilaren heldulekuak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.