Maite Iturberen ustez, Miramon erreferentziazko zentroa da

EITBko zuzendariak esan duenez, Donostiako zentroan 7,5 ordu ekoizten dira egunean ETBrako. Ordu kopurua handitu egin da iaztik

Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusia, Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2017ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak Miramongo ekoizpen zentroaren etorkizuna «ondo» ikusten duela adierazi du, EITBko administrazio kontseiluan, Elkarrekin Podemosen galdera batzuei erantzunda. Duela hilabete batzuk kezka sortu zuen zentroaren egoerak, Eusko Legebiltzarreko taldeetako ordezkariek —EAJkoek izan ezik— egindako bisita baten ostean. Aldiz, Iturbek esan du Miramon bere inguruan erreferentziazko zentro garrantzitsuena dela oraindik ere.

Jon Zubeldia LABeko kide eta segurtasun eta osasun batzordeko kideak hala esan zuen irailaren 12an BERRIAn: «Segurtasun arduradunak esaten du ez dagoela arazorik segurtasun aldetik. Baina nik egoera larri ikusten dut». Iturberen arabera, ez dago kezkatzeko motiborik, eta OSA sistema jarraitzen dute. Ebaluazio sistema horren arabera, ez omen dago inolako arriskurik. ELAko ordezkari Ander Bengoa, aldiz, horren kexu azaldu zen BERRIAn, irailean, kezkatuta.

EITBko zuzendari nagusiak, bestalde, Miramonen dekoratu gehiago ez egitea eta aroztegia desagerraraztea justifikatu du, fikzioa asko aldatu delakoan. Izan ere, abenduaren 31n bi urte oso beteko dira Miramonen telesail baten azken eszena grabatu zela. Eskamak kentzen izan zen han bertan grabatu zuten azkenekoa —helduentzat ETBrako egin den azkena—, eta, denboraldi bakarra iraun bazuen ere, dekoratu batzuk zentroan dituzte oraindik. Dekoratu horiek Euskadi Irratiaren promozio bideo batzuk grabatzeko erabiltzen dituztela azaldu du Iturbek.

EITBko zuzendari nagusiaren arabera, gaur egun konpetentzia «oso handia» da, eta taldeak ezin du bere gain hartu fikzio bat egiteko ekoizpenaren kostua. Kanpoko ekoizpen etxe batekin telesailak egitea «lehiakorragoa» dela nabarmendu du.

Iturbek emandako datuen arabera, Miramongo zentroan astegunetan 7,5 ordu ekoizten dira egunero ETBko lau kateetarako. 2016an, 1.400 ordu ekoitzi zituzten, eta 2017an 2.000 ordura iritsiko dela nabarmendu du Iturbek. Aurtengo ordu horietatik, euskarazko saioak honako hauek dira: Burubero eta Burubero Fest lehiaketak, Txoriene, Gu ta gutarrak, Bagoaz!, 3Txulo, 3Txulo Jokoan eta Gure Kasa.

4,8 milioi gehiago, 2018an

Ekoizpen etxeek egiten dituzte Miramongo programak, baita gaztelaniazko guztiak ere. Irailean, egoitzako LABeko eta ELAko ordezkariek salatu zuten baldintza «oso txarrak» dituztela ekoizpen etxeetako langileek. Iturberen arabera, lan hitzarmen sektoriala dago eta EITBri ez dagokio ezer egitea. Iturbek, bestalde, onartu du zentroaren modernizazioa erritmo motelean doala. Ikuspegi horretatik Bilboko zentroa eta Miramongoa ezberdinak direla aitortu du.

Aste honetako administrazio kontseiluko bileran ez dute 2018ko aurrekontuez hitz egin. Aurreko hilabetekoan, aurrekontuaren gaineko bozketa ez zen aurrera atera, baina bozketa ez da bete beharrekoa. Aurrera egingo du aurrekontuak, eta Eusko Jaurlaritzak aurten baino 4,8 milioi euro gehiago emango dituEITBrako 2018an: 130,9 milioi. Kultura, Hizkuntz Politika eta Kirolak saileko aurrekontu osoa 250,5 milioi izango da.

Ez dute zehaztu nola banatuko duten dirua. Josu Bilbao ETBko fikziozko edukien arduradunak urriaren 30ean adierazi zuen 2018an ez dutela fikzio berririk egingo, Go!azen izan ezik.

Sos batzuk nora joan diren jakinarazi du Iturbek, administrazio kontseiluan: Kataluniako gertakizunen emanaldi berezia egiteko, En Jake saioak —Prime Time Media ekoizpen etxeak egiten du— 107.000 euroko gainkostua izan du, eta El programa de Klaudio-k —K2000k egiten du—, 111.000 eurokoa. Euskaraz Ahoz aho saioarekin eman zuten hango berri, eta programa hori ETBko langileek ateratzen dute aurrera.

Administrazio kontseiluko kide bat baino gehiago kexu azaldu da, Iturbek galderen erantzunak ahoz ematen dituelako, idatziz eman beharrean.

Bestalde, Eusko Legebiltzarrean EITBren erreforma integrala egiteko lantaldea osatu zuten martxoaren 20an. Zortzi hilabete luze joan dira, eta ez aurrera ez atzera gelditu da. Ez dute metodologia parte hartzailearen inguruko erabakia adostu oraindik. Irailean, EH Bilduk esan zuen lantaldea utz dezakeela, eta salatu zuen EAJ eztabaida «desitxuratzen» ari dela. Abenduaren 18an egingo dute hurrengo bilera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.