EITB

Maite Goñi EITBko Audio eta Digitaleko zuzendari izendatuko dute

Urko Aristik betetzen zuen kargua beteko du Goñik. EITBren administrazioaren kontseiluan eman du zuzendaritzak izendapenaren berri.

Maite Goñi. ARITZ LOIOLA / FOKU
urtzi urkizu
2022ko martxoaren 29a
16:41
Entzun

Azkeneko bost urteetan EITBko irratien zuzendaritzan aritu da Urko Aristi (Ibarra, Gipuzkoa, 1977). Lehenbizi, EITBko irratietako zuzendariorde, 2017tik 2019ko udara arte. Odile Kruzetak erretiroa hartu zuenean, berriz, EITBko irratietako zuzendari nagusi izendatu zuten Aristi, eta kargu horretan aritu da azkeneko hiru urteetan. Baina aldaketa iritsi da: Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak Maite Goñi (Ordizia, Gipuzkoa, 1967) aukeratu du taldeko irratiak eta Interneteko kanalak zuzentzeko. EITBko administrazio kontseiluko bileran eman du Aldekoak gaur izendapenaren berri. Karguari izena aldatu diote: EITBko Audio eta Digitaleko zuzendaria izango da Goñi. Aristik EITBn jarraituko du lanean, baina beste zeregin batzuetan.

Maite Goñi irakaslea da. 1990ean, Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologian lizentziatu zen; eta 1996an, Ingeles Filologian, Euskal Herriko Unibertsitatean. Ordiziako (Gipuzkoa) Jakintza ikastolan lan egin zuenetik aitzindari izaten hasi zen Internetek eta IKTek eskaintzen zituzten aukeren erabilera sustatzen. Mondragon Unibertsitateko (Gipuzkoa) irakaslea ere izan da. Zenbait liburu idatzi ditu, hezkuntza arloaren eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiekin ingurukoak gehienbat. 2010ean, Buber saria jaso zuen euskara sustatzeko webgunerik onenarengatik.

Goñi Euskararen Aholku Batzordeko kidea da —Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita dago batzorde hori, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bitartez—; hizkuntza normalizazioaren prozesuan eragina duten arloetako pertsona ezagunen artetik izendatu zuten, eta bertan IKT batzorde-atal bereziko zuzendaria da. Arlo digitaleko eta teknologia berrietako eskarmentuaren berri eman du, halaber, Euskadi Irratian kolaboratuz eta ETB1eko Ahoz aho saioan parte hartuz.

Euskarazko mundu digitalean ezaguna da Goñi, euskarazko hitzak biltzeko egiten duen lanagatik. Bere blogean jaso ohi du Gaurko hitza, eta sare sozialetan ere zabaldu ohi ditu hitz horien esanahiak.

Euskadi Irratian eta Radio Euskadin ez da bestelako aldaketarik izango. Gorka Etxebestek jarraituko du Euskadi Irratiko zuzendari, eta Jon Osak Radio Euskadiko zuzendari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.