PAF elkarteak atzo aurkeztu zuen Loverdose festibala. Maiatzaren 19tik 21era iragango da, Baionan, eta maitasunaren eta patriarkatuaren arteko harremana galdezkatzea du xede. Horretarako, formatu ezberdinetan landuko dute gaia. Nathalie Riobe Gorostiaga (Baiona, 1980) PAF elkarteko kideak azaldu zituen festibalaren nondik norakoak.
Zer da Loverdose festibala?
Maitasuna eta patriarkatua hizpide dituen festibala da. Gaur egun erlazionatzeko ditugun moduez eztabaidatzeko aukera izango da.
Maitasuna eta patriarkatua ez ote dira kontraesana?
Bata bestearen parean ikusirik, noski, hori pentsatzen ahal dugu, baina gaur egungo gizartean elkarrekin doaz. Hau da, gaur egun sistema patriarkal batean bizi gara, eta sistema honek maitasun harreman jakin batzuetara formateatzen gaitu, eta maitatzeko manera horiek gidatzen dute gure bizitza.
Nola?
Txikiak garenetik betetzen digute burua gaiaz, marrazki bizidun bidez, film eta serie bidez, baita publizitate bidez ere. Inkontzienteki, guk nahi izan gabe ere, harreman eskema horietan eraikiak gara. Beraz, handitzean maitasun harremanetarako manuak ditugula esan genezake: hau da, inkontzienteki gure bizitza lortzeko eskema klasiko eta arautuetan sartzen diren bikote harremanak bilatzen ditugu. Esan dezakegu gaur egungo maitasuna patriarkatuak edo, are gehiago, heteropatriarkatuak arauturikoa dela. Beraz, gai politikoa da maitasuna, landu beharrekoa.
Horiek horrela, zer eginkizun du festibalak?
Nork bere burua galdezkatzea, bistan dena. Feminismoan berezituak diren hainbat hizlari ekarriko ditugu. Baina helburua ez da proposamen elitista edo ezin ulertua izatea: denek eskuragarri duten gogoeta bat izatea nahi dugu.
Festibal batean bilduta.
Horretarako, formatu ezberdinetan landuko da gaia: hitzaldi, mahai inguru, bakarrizketa umoretsu, tailer, erakusketa, dokumental proiekzio eta gaualdi bidez, adibidez. Izan ere, batzuei errazago iritsiko zaie mezua bakarrizketa umoretsuan; beste batzuei, berriz, gaualdian, festa giroan, mozkorrak gaudenean ere gure burua geldezka dezakegulako [irriak]. Horrez gain, emazteak ekarri nahi izan ditugu oholtza gainera, besteak beste, agertoki artistikoan gutxituak eta ezkutatuak baitira.
Nori zuzendua zaio?
Publiko ahal bezain zabalak parte hartu dezan nahi genuke, edonor hunkitzen duen gaia baita. Bistan da emazteei bertaratzeko gonbidapen berezia egiten diegula. Haientzat arnasgune bat izatea espero dugu.
Gizonak ere bai?
Hori guztia errespetatzeko gai den edonor ongi etorria da, baita gizonak ere. Denok dugu ikastekoa, eta denok galdezka dezakegu geure burua, gero gure aliatu bilakatu daitezen. Forma ezberdinetako aktibitateak aurreikusi ditugu, bakoitzari egokien zaion forma parte hartzeko. Larunbateko mahai inguruan itzulpen zerbitzua izango da, norberak bere hizkuntzan gogoetatu dezan funtsezkoa iruditzen zaigulako.
Hizlari asko izango dira. Aurkezten ahal dituzu?
Hainbat tokitatik etorriko dira hizlariak, eta hainbat korronte ideologikotakoak dira. Ideia ezberdinetakoak badira ere, PAF Ipar Euskal Herriko elkarte feministaren korrontearen minimoekin bat egiten dute. Hizlari asko daude; beraz, ezingo ditut denak aipatu. Haietarik askok lanen bat argitaratu dute azken aldian: Victoire Tuaillon eta haren Les Couilles sur la table, eta Tal Madesta eta La fin des monstres etortzen zaizkit burura; baita Christelle Murhula kazetaria eta Elisa Rojas ere, zeinak elbarritasunari buruzko diskurtsoa garatu duen.
ATZEKOZ AURRERA. Nathalie Riobe Gorostiaga. PAF elkarteko kidea
«Maitasuna lantzeko gai politikoa da»
Loverdose festibala aurkeztu du PAF elkarteak: maiatzaren 19tik 21era iragango da, Baionan, eta gaur egungo maitasun harremanak galdezkatzea du helburu, mahai inguru, tailer eta kontzertuen bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu