Maitasuna ikusezina da; baita beldurra ere

Zehaztasun ia kirurgikoz onespenaren eta tratu txarren inguruko erradiografia hiperrealista aparta osatu du Alauda Ruiz de Azuak. Hunkitzea eta batez ere gogoeta eragitea lortzen du ekoizpenak.

'Querer' telesailaren fotograma bat. FILMIN
'Querer' telesailaren fotograma bat. FILMIN
gaizka izagirre
2024ko urriaren 19a
05:00
Entzun

Mirenen (Nagore Aranburu) bidaia judizial eta familiarra azalduko du; emakumeak Iñigo Gorosmendi (Pedro Casablanc) senarra salatuko du, 30 urtez ezkonduta egon ostean egindako bortxaketa jarraituengatik.

Kontakizuna lau ataletan banatua dago, eta horietako bakoitzak izenburu jakin bat du: querer (maitatu), mentir (gezurra esan), juzgar (epaitu) eta perder (galdu).

Honelako istorioetan, zeinetan emozioek gainezka egiten duten sarritan, gehiegikeriatan erortzeko arriskua egoten da; muturreko jarrerak dituzten pertsonaiak, antzezpen lan esajeratuak, musikaren erabilpen tranpatia emozioei eragiteko, kamera mugimendu zakarrak urduritasuna areagotzeko eta abar. Baina Alaudak justu kontrakoa egin du, eta maisuki, gainera: edukia soila eta neurritsua da, apaingarririk gabea eta sotiltasun etengabean mugitzen den gidoia du oinarri —Eduard Sola etaJulia de Pazekin batera idatzi dutena— eta pertsonaiak eremu grisetatik atera gabe aritzen dira une oro. Horien portaerak eta ekintza gehienak —bizpahiru sekuentzia salbu— keinu oso txikien baitan mugitzen dira. Gidoiak familia horretako lau kideen ikuspuntuak ditu oinarri, eta horiek dituzten beldur zein zalantzen testigu bilakatu da ikus-entzulea.

Erpin ugari dituen istorioa azaltzeko ez ditu flashback-ak erabiltzen. Biktimaren ikuspuntua dago, erasotzailearena eta bi semeena, eta horren baitan norberak bere ondorioak aterako ditu. Entzuten, ikusten eta sentitzen denaren arabera joan beharko du norberak epaituz.

Pertsonaiak aipatzen hasita, aktore guztien lana itzela da, baina guztien gainetik Nagore Aranburu aipatu beharra dago: zenbat ñabardura, zenbat xehetasun... ikaragarria da.

Kokalekuak ere garrantzia izango du; Bilbon girotua dago, eta, botere ekonomikoaz eta prestigio sozialaz ere mintzo denez, bertako ezkerraldeak eta eskuinaldeak zeresana izango dute traman. Ospea duen familia tradizional batek horrelako salaketa bati nola egiten dion aurre erakusten du. «Boterea», «beldurra» eta gisako terminoak jaioko dira.

Onespenari buruzko elkarrizketak aktualitatearen erdigunean daude, eta duela sei bat urte pentsaezinak ziren gaiak birplanteatzen ari dira. Querer telesailak zorroztasun handiz, eta morboa saihestuz, eztabaida boteretsuak sortzeko gaitasuna du. Telesailak agerian uzten du askok ez dakitela biktima batek nola jokatzen duen, eta gehienetan norberaren ongizatetik epaituak izaten direla. «Zergatik ez zenuen ezer egin?»; «Zergatik ez zenuen garrasirik egin?»; «Zergatik ez zenuen lehenago salatu?»... eta halako galderak sarritan entzuten dira.

Lan heldua, sotila eta oso ausarta osatu du Ruiz de Azuak. Erantzunak eman baino gehiago, ezkutuan dauden galderak agerian uzten dituen harribitxia da. «Maitasuna ikusezina delako, baina baita beldurra ere».

FITXA

  • Sortzailea. Alauda Ruiz de Azua. 
  • Aktoreak. Nagore Aranburu, Pedro Casablanc, Miguel Bernardeau, Ivan Pellicer eta Loreto Mauleon.
  • Herrialdea. Espainia.
  • Urtea. 2024.
  • Non ikusi. Movistar+.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 55 minutu.
  • Generoa. Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.