Maitasun erromantikoa odolusten

Maitasun eredu zehatz bat saltzeko eguna izaten da gaurko eguna, kontsumoan, heteronorman eta patriarkatuan oinarritutakoa. Hala ere, gizartean erroturik dauden ideia horiek deseraiki daitezke

Iker Tubia.
Iruñea
2015eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Bihotza irudikatzen duten ikurrak, geziak, Kupido, bonboiak... Horrelakoz josi dira Euskal Herriko hainbat denda eta komertzio gune San Valentin egunaren karietara. Horien guzien atzean, ideia nagusi bat: maitasun erromantikoa. Hainbeste film, liburu eta telesailetan agertzen den maitasun eredua, pertsonak generoaren arabera bereizi eta bakoitzari rol oso zehatz bak esleitzen dizkiena. Disney maitasuna. Hala ere, berdintasunean oinarrituriko gizartearen alde borrokatzen direnak ez daude inposatutako eredua onartzeko prest.

Gaur, Iruñean, maitasun erromantikoaren mitoak deseraikitzeko tailerra eginen dute hain zuzen, Alicia Panos Rodrigez Olatzagutiko Berdintasun teknikariak emanen du 11:00etatik aurrera, Kattalingorri zentroan. Hiru oinarri ditu maitasun erromantikoak, eta hiru oinarri horiek dira San Valentin egunaren arrazoiak: kapitalismoa, heteronorma eta patriarkatua. Panosek dioenez, bikote harreman zehatz bati buruzko ideia da gaur egungo gizarteak maitasun erromantikotzat duena. «Maitasun erromantikoaren idealak eragin handia du gizon eta emakumeengan, eta pak bat bezalakoa da, harreman heterosexual batetik atera eta gizonen edo emakumeen arteko harreman batean txertatuz gero, berdin-berdin funtzionatzen du».

Panosek argi du: pertsona guziek estereotipoen araberako jarrerak dituztela onartzea da lehenbiziko urratsa, estereotipo horiek badaudela ikusi eta norberari nola eragiten dioten identifikatu. Horren ondoren, aholku bat eman du: nork bere buruari harririk ez botatzea. «Bide luzea da. Inork ez du lortzen ez egun batetik bestera bere burua deseraikitzea, ez generoaren inguruan dugun baldintza asko eta asko eraistea», azaldu du.

Maitasun erromantikoa aztertzeko orduan, hainbat mito dira deseraiki beharrekoak. Alde batetik, bestearenganako sakrifizioaren ideia, gauza anitz albo batera uztera behartzen duena.Bestetik, nia desagerraraztea, espektatiba magikoak izatea, osagarritasunaren edo laranja erdiaren mitoa, maitasuna betierekoa delako ustea eta maitasuna bizitzan behin baino ez dela sentitzen pentsatzea. Fideltasuna eta esklusibitatea, eta jeloskorkeria maitasunarekin parekatzea ere badira maitasun erromantikoak dituen kalteak. Horretaz gainera, baldintzarik gabeko maitasunaren arriskuaren ideia aipatu du Panosek: «Genero indarkeria dagoenean, ideia gakoa da. Edozer gertaturik ere zu maiteko bazaitut, tratu txarrei bidea zabaltzea da, argi eta garbi».

Mito horiek deseraikitzeko, Disney ipuinak aztertu ohi ditu Panosek: Errauskine, Loti Ederra, Sirenatxoa, Aladin... «Erabateko genero doktrinatzea dira, gizonek eta emakumeek izugarri markatutako rolak dituzte».

Gazteek, atzera

Halakoak aztertu eta estereotipoez ohartu ondoren, ez dago atzera bueltarik. Uste horretakoa da berdintasun teknikaria. Horregatik, eta maitasun erromantikoarekin bonbardatzen duten produktuei aurre egitea ezinezkoa delakoan, gazteei kritikoak izateko tresnak eman behar zaizkiela dio. «Ez du balio eskolan egun batez hitzaldi bat antolatzea; programa indartsu bat egin behar da; ikasturte guzietan, gainera».

Neurriak hartzea beharrezkoa da. Nafarroan mahai gainean jarri diren datuek horren beharra nabarmendu dute. Izan ere, 18 urtetik beherakoek salatutako indarkeria matxistako kasuak igo egin dira urtebetean. «Gaizki ari gara. Maitasun erromantikoa tratu txarretan oinarritutako harremanen oinarria da, eta gazteen artean ustez atzean utzitako ideia matxistak berpizten ari dira».

Gizartean oro har neomatxismoak hazten ari direla ohartarazi du Panosek: «Matxismoa itxuraldatzen ari da, eta beste estrategia batzuk erabiltzen ditu». Are gehiago, gazteen artean matxismoa berpizten ari dela azaldu du: jabetza eta kontrol jarrerak maitasunarekin parekatzen dituzte gazteetako askok. Beraz, maitasun erromantikoaren mitoak deseraikitzea beharrezkoa da. Bihotzetan ez da gezirik ziztatu behar, min ematen baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.