Otsailaren 14a da gaur, San Valentin eguna; maitasuna ospatzeko eguna batzuentzat, eta haren aitzakian kontsumitzeko eguna besteentzat. Eskaintza bereziak, bihotz formako bonboiak, lore sortak... banatuko dira gaur nonahi. Baina nola ulertzen du jendeak gaur egun maitasuna? Aldatu al da pertzepzio hori denboran zehar?
Irantzu Fernandez antropologian doktorea da, eta, haren arabera, maitasuna emozio bat da, pertsona bakoitzaren praktikak, identitatea eta egunerokotasuna baldintzatzen dituena. Antropologiaren betaurrekoak jantzita aztertu du gaia: «Ikuspegi antropologiko batetik, emozioek izaera kolektiboa dutela ulertzen dugu: ez dira bakarrik norbanakoaren bizipenak, baizik eta ezaugarri kulturalen mende daude».
Mendebaldeko gizartean maitasunak «hainbat bisaia» dituela nabarmendu du Fernandezek. Esaterako, Eva Illouz autoreak dioen moduan, gizarte kapitalistetan «kontsumorako objektu» dela gogorarazi du: «Iragarkietan, kontsumoa ahalbidetzeko, askotan erabiltzen da maitasunaren irudia, erakargarriagoak egiteko kontsumitzeko elementu horiek».
Mari Luz Esteban antropologoaren «maitasunaren ideologia» da beste aurpegietako bat, antropologoaren ustez: «Pentsamendu bat da, oso barneratuta dagoena, non ikuspegi heterosexuala nagusitzen den, eta gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasunak nagusitzen diren». Hortaz, genero desberdinkeriak iraunarazteko ere balio du maitasun eredu jakin horrek.
Baina modu bat eta bakarra ote dago maitasuna ulertzeko? Norbanako guztiek ematen ote diote esanahi bera? Ezetz dio Fernandezek: «Maitasuna kulturala den heinean, hainbat aldagaik eragina dute: generoa, adina, klase soziala...», azaldu du. Aldagai horien jakitun izanik, Fernandezek nerabeengan jarri zuen arreta tesia egiteko, eta landa lana hiru ikastetxetan egin zuen. Bertan ikusi zuen nerabeen praktikek eta bizipenek helduenek baino «abiadura handiagoa» zutela.
Pertzepzioa aldatzen zen, generoaren arabera ere: «Patioetan ikusi nuen neskek maitasunari buruz hitz egiteko joera zeukatela; aldiz, mutilen praktikei begira, joera zen ekintzara jotzea». Dena den, ikusi zuen «klase altuko» mutiletan komunikazioa hobetzen zenez, gaiaz hitz egiteko joera ere areagotu egiten zela.
Fernandezek aztertu zuen ea nerabeek maitasun erromantikoaren eskema jarraitzen zuten ere. «Konturatu nintzen, adibidez, bazeukatela ideia hori diskurtsoan, baina gero, errealitatean, askoren gurasoak bananduta zeudela, adibidez. Beraz, errealitatean ikusten zituzten praktikak bestelakoak zirela». Hortaz, hein batean, pentsamendu horrek zutik jarraitu arren, gaur egun harremanak «hauskorragoak» direla ulertzen zutela uste du.
Antropologoaren arabera, badaude eredu hori apurtzen duten praktikak, eta horrek ere eragina du maitasunarekiko pertzepzioan: «Ikuspegi feminista dutenak, LGTBI identitateak...». Ordea, zalantza egin du alderantzizko prozesua gertatzen ote den: «Nire ustez, genero identitateak aldatzen diren heinean, maitasuna ulertzeko moduak aldatu daitezke, baina maitasun ereduak aldatzean ez dakit genero identitateak aldatzen diren».
Maitasuna lortzeko «gerra»
Garai bakoitzak izan ditu bere ideiak eta errituak, maitasunari lotuta. K.a. V. mendetik K.o. IV. mendera arte, adibidez, araoak eta sorginkeriak egiten zituzten, maitasuna lortzeko. Hala azaldu du Itziar Martija Bilboko Berreginen Museoko teknikariak.
Eros jainkoaren botereaz baliatzen ziren erritu horiek egiteko: erakarpen sexualaren, maitasunaren eta sexuaren jainko greziarra zen Eros. Baina hari buruz zuten irudiak ez du zer ikusirik gaur egungo maitasuna ulertzeko moduarekin, Martijaren arabera: «Haientzako, Erosen magia erasoa zen, guda moduko bat; ez zen gaur egun guk San Valentinen ikusten dugun tipo atsegin hori; naturaren indar bat zen, botere ikaragarria zeukana». Maitasuna eta gerra eskutik emanda zeuden, beraz, haientzat.
Papiro magikoen eta madarikazioaren taulatxoen bidez iritsi da, besteak beste, informazio hori gaur egunera arte. Papiroak Egipton egiten zituzten, K.a. I. mendetik kristautasuna sortu arte: testuak zituzten idatziak, araoak, formulak eta errituak biltzeko. Taulatxoak, berriz, berunezko xafla finak ziren, eta madarikazioak zituzten idatziak, nahi zuten hori lortzeko; Grezian, Italian zein Ingalaterran agertu izan dira.
Martijak azaldu duenez, lengoaia «oso zuzena eta gogorra» erabiltzen zuten, eta pausoz pauso zehazten zuten egin beharrekoa. Adibide baten bidez azaldu du: «Jartzen du: 'marrazki hau egin behar duzu papiroan, edo taulatxoan. Gero, hori lurperatu, otoitz eginez. Eta horrez gain, estatua txiki bat eraiki'».
Orduan ere, emakumeek eta gizonek desberdin jokatzen zutela azaldu du. Izan ere, arao horiek gizonek egiten zituztela diote ikerlariek, eta ezkontzari lotuta zeudela. Aldiz, emakumeek, amodioa lortzeko, beste formula batzuk erabiltzen zituztela ikusi dute literaturan: edabeak, kasurako. «Edabeen kasuan ikusten da ohitura normala zela, batez ere, emakumeen artean, maitasuna lortzeko», adierazi du.
Hori guztia eta gehiago azalduko du Martijak gaur BilbokoBerreginen Museoan, «Erosen magia» izeneko hitzaldian, 19:00etan. Maitale bat erakartzeko sorginkeria zoragarria izeneko erritua ere irakurriko die entzuleei, garaiko ohiturak ezagutarazteko.
Maitasuna, gutunen bidez
Papiroak eta edabeak egiteari utzi arren, maitasunari lotuta beste hainbat ohitura sortu izan dira: amodiozko gutunak idaztea, adibidez. Gaur egun apaldu bada ere, Euskal Herriko hainbat herritan egiten dituzte amodiozko gutunen lehiaketak. Bergaran (Gipuzkoa), esate baterako, 1993. urteaz geroztik egiten dute.
Maitane Arizabaleta Jardun elkarteko kultura koordinatzailea da, eta hark azaldu du nola bururatu zitzaien lehiaketa sortzea: Jardun Elkarteak Berrigara astekaria argitaratzen zuen, eta, 100. zenbakia iristear zela, ekintza bereziren bat antolatzea erabaki zuten: «Elkarteko kide batek egunkari batean irakurri zuen Veronan [Italia] 'Julietari amodiozko gutuna' lehiaketak hiru milatik gora parte hartzaile bildu zituela, eta Bergaran ere gurea egin genezakeela pentsatu genuen».
245 gutun jaso zituzten lehen aldi hartan, eta ohiturak «segida merezi» zuela sinetsita antolatu dute urtez urte —aurtengoa 31. aldia izan da—. Guztira, 3.100 gutun baino gehiago dituzte gordeta. Azken urteetan, ordea, apaldu da parte hartzea: 70 eta 90 gutun bitartean jaso ohi dituzte. «Jasotzen ditugun gutunak sentimenduz beterikoak izaten dira, norbaiti edo zerbaiti eginak. Batzuk tristeagoak, eta besteak alaiagoak».
Gaiei erreparatuz gero, 31 urtean, bilakaera argia izan dutela esan du: «Lehen, gutun gehienak maitaleen artekoak izaten ziren, eta, orain, amodioaren esparru zabalagoa lantzen dute. Pertsonen arteko maitasuna jorratzen jarraitu arren (maitaleen artekoa, seme-alabei eta gurasoei idatzitakoa...), asko dira beste gai batzuk ere lantzen dituztenak». Horregatik, nabaritu du gutunak «geroz eta originalagoak» direla, eta, azken urteetan, gai sozialei buruz idazteko joera areagotu dela: giza eskubideei, mendekotasunei, gaixotasunei, sexuari edo pandemiari lotutako gutunak jaso izan dituzte, besteak beste.
Idazleen profilari dagokionez, emakumeak dira gehienak, batik bat 26 urtez azpikoen artean; aurten, kategoria horretan, gutun guztiak izan dira emakumeek idatziak. «1998a izan zen gizonezkoen gutun gehiago jaso genituen aldi bakarra», azaldu du. Dena den, adierazi du 40 urtetik gorakoen artean gizon gehiagok parte hartzen dutela azken urteetan.
Elkarteko kideak argi dauka orri zuri baten aurrean jartzeak dituen onurak askotarikoak direla, eta parte hartzera animatu du jendea: «Euskaldunok pertsona hotzak izateko fama omen daukagu, baina paperaren aurrean denok gara ausartagoak, eta idazteak barruan ditugun korapiloak askatzen laguntzen digu», adierazi du.
Bergaratik, Leioara
Bergarako lehiaketa aitzindariaren atzetik sortu dira beste hainbat ere. Leioakoa (Bizkaia) da horietariko bat, eta aurten, 24. aldian, ia 200 lan jaso dituzte.
Bego Saiz Tellaetxe bertako epailea izan da azken hiru urteetan, eta, zuzenketak egitean, argi dauka ohiko maitasunaren eredutik at dauden testuak saritu nahi dituela: «Gramatika eta begiratzen ditugu, baina, batez ere, gaia nola landu duten ikusten dugu. Astunegiak ez izatea eskertzen dugu», esan du.
Lau kategoriatan banatzen dituzte gutunak, adinaren arabera: 18 urte bitartekoek osatzen dute lehena, 19tik 39 urtera artekoek bigarrena, 40tik 59ra bitarte dituztenek hirugarrena, eta 60 urtetik gorakoek azkena. Berretsi du «maila handiena» dutenak gazteek idatzitako lanak direla, lehen bi kategoriatako parte hartzaileen gutunek, hain zuzen ere: «Agertzen dira amodiozko gutunak, baina ez profil kontserbadore horiek jarraituz, baizik eta originalagoak; gazteek, gaur egun, beste ikuspuntu bat erabiltzen dute gaia lantzeko». Nagusiak, oro har, «tradizionalagoak» direla berretsi du, salbuespenak egon badauden arren.
Pare bat adibide jarri du, aurtengoari begira jarrita. Lehena, pertsona batek bere goiko bizilagunari buruz idatzitakoa da. Bizilagun horren mugimenduen kronika egin zuen, zehaztasunez: «Bere buruan asmatu zuen goiko bizilagunaren bizimodua, eta ia-ia maitemindu zen, irudimenaren bidez. Oso lan polita idatzi zuen, garapen ederra zeukan», goraipatu du epaileak. Beste bat Renove plana izenekoa da, pertsona batek bere auto zaharrari buruz idatzitakoa. «Azaldu zuen nola zegoen maiteminduta bere auto zaharragaz; oso gutun polita idatzi zion autoari».
Saizek argi dauka zein den gutun ederrak idazteko gakoa: benetakotasuna. «Agertzen direnean ondo idatzitako gutunak, nabarmentzen da ezaugarri bat: benetakoak direla, barrutik ateratakoak, oso intimoak; ez 'maiteminduta gaude, zein ederra zaren...' diotenak». Izan ere, Saizek zalantzan jartzen du maitasun erromantikoak bultzatutako eredua, eta maitasuna hori baino gehiago dela uste du: «Zergatik ezin gara maitemindu paisaia baten aurrean, edo zergatik ezin dugu esan zer sentitzen dugun amamarekiko?».
Maitasun eredu berriak idazten
Antzinako testuak gaur egun idatzitako testuekin alderatuz gero, ikusten da zer bilakaera izan duen maitasuna ulertzeko moduak. Ohiko eskemak zutik jarraitzen badu ere, eta sarri «kontsumorako objektu» bada ere, eredu eta praktika berriak ere zabaltzen ari direla adierazi dute hainbat adituk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu