Panpi Ladutxe

«Maisu gisa gure lana da pilotari ematea pilotak eman diguna»

Esku-huskako ibilbidea goizik hasi zuen, 11 urterekin irabazi baitzuen lehen txapela. 1974an Uruguain munduko txapeldun bilakatu zen, eta ondotik, Ipar Euskal Herriko lehen pilotari profesionala bilakatu zen ezkerparetan. Orain kantuaz bizi da.

Joanes Etxebarria.
2012ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Donibane Lohizuneko (Lapurdi) bere etxetik golf zelaia hurbil da. Maite du kirol hori, errugbia bezala. Baina haren izena pilotari lotua izanen da beti. Panpi Ladutxe (Azkaine, 1955) trinketeko eta ezkerparetako txapelengatik ezaguna bada ere, egun boluntario gisa ari da gazteei laguntzen. Kantuaz bizi da, baina esku-huskan trebatzaile profesionala bilakatzea luke amets.

Ipar Euskal Herriko lehen pilotaria izan zinen profesionaletan, lehen txapelduna...

Afizionatuetan izan dira beste batzuk ni baino lehenago trinkete munduan txapeldun izan direnak. Trinkete eta ezkerparetan afizionatuetan eta profesionaletan aritu den bakarra izango naiz. Lehenengoa izan naiz Iparraldetik Hegoaldeko txapel bat lortzen, baina afizionatuetan ez naiz lehendabizikoa, munduko txapeldunak izan dira.

Xala eta Gonzalez lagundu dituzu, besteak beste. Oraingo pilotari profesionalak ikusten dituzunean zer alde ikusten duzu zuk ezagutu izan duzunarekiko?

Uste dut alde handia izan dela hor. Gu, agian, teknika aldetik hobeak ginen pilotari gisa, eta orain, fisiko aldetik hobeki prestatuak eta zainduak dira. Jauzi ona da pilotarentzat. Orain, zoritxarrez, ikusten dut pilota ez doala gora, kirol anitz baititu ondoan: errugbia, surfa... Pilota zaila da eskuentzat, eta gazte anitzentzat errazagoa da beste kirol bat aukeratzea.

Beste kirolak aipatzen baitituzu, hain zuzen, zuk errugbiaren inguruan anitz kantatzen duzu...

Nik uste dut kantu mundu horretan denetarik egin behar dela, bai pilotan, bai errugbian, eta surf lehiaketa batzuetan ere aritu izan naiz kantuz. Kirol guztietan kantuak bere lekua badu. Errugbiko hirugarren zatietan aritu izan naiz kantuz Frantzia guztian; gure Euskal Herria maite dute ezker eta eskuin. Horrekin, behintzat, bizitzeko lan bat izan dut.

Pilotari ez, baina pilota mundutik hurbil segitzen duzu oraindik ere.

Gazte frankorekin aritu naiz, baita arituko ere; hori ene odolean dut. Nire bizimodua ateratzeko kantua badut, baina nire odolean kurritzen da beti pilota. Astero ikusten ditut gazteak. Xala, batez ere, gazte-gazte hartu nuen, eta egin dugun bidea luzea izan da. Semea Kaliforniara (AEB) joan zen 18 urterekin, eta harekin atzeman nuen beste seme bat. Horregatik eman nion nekien guztia. Orain gazteek nahi dute Xala izan, baina lan anitz egin behar da horretarako. Maisu gisa gure lana da pilotari ematea pilotak eman diguna.

Bai Xala eta bai Gonzalez txapeldun bilakatu ziren. Nola sentitu izan zenuen hori?

Aita batek semeekin sentitzen duen emozio bera izan da. Ikaragarrizko poza sentitu nuen. Xala, erran dut semetzat hartu nuela, bere entrenatzailea nintzen, baina aita baten gisan.

Bi pilotari horiek profesionalak dira, baina Ipar Euskal Herrian trinketean ari direnek estatus berezia dute, erdi profesionalak edo...

Enetzat pena da pilotak ez duela arrakasta handia. Berdin gure lehen kirola izanen da, baina gazteek telebistan errugbia ikusten dute, eta ikusten dutena bilakatu nahi dute. Nik gazteak pusatzen ditut errugbira joan daitezen, haiek ikus dezaten... Eta ez dute nahi. Ikusten dute pilotan lagunduak direla. Baina lagundu behar genituzke hobeak izateko. Trinketeak behar du joko alai bat. Horretarako behar genuke denek bat egin, badira federazioa, Esku Pilota... Behar lukete elkartu, etaakademia txiki bat osatu, profesionala.

Diozu joko alaiagoa behar litzatekeela eskaini. Agusti Waltary iristean trinketearekiko interesa berpiztu zen...

Waltaryk zerbait ekarri du, trinketeetan ez zena ikusten. Kirol guztietan ez baduzu espektakulurik ez da goxo egotea. Waltary iritsi zelarik, nik maite dudan pilota ez zen etorri, baina zerbait berria ekarri zuen. Su pixka bat piztu zen, baina ez bada segidarik sua itzaltzen da; hori bilakatu da. Waltaryk ez du txarrik egin, baina onik ere ez, ez baita segidarik izan. Oraingo gazteetan bada zerbait: Ducassou, Olzomendi, Palomes, Goikoetxea... Behar genituzke hamar pilotari onenak hartu laguntzeko, eta gero, gazteak hartu akademia batean. Pilotak hori behar luke.

Goi mailako kirola ez da denbora askorakoizaten. Kantuaz bizi zara orain. Hori da plazagizonaren figura!

Umilki erran behar nuke, baina pentsatzen dut euskaldunak sortzez badituela horiek: kantua, esku pilota, musa... Ez naiz Pavarotti, baina Hegoaldean txapelak lortu nituelarik, aldageletan kantuz ari ginen, ETB sartu zen... Nik zortea izan nuen Euskal Telebistak lagundu ninduela hiru urtez. Nire asmo handiena pilotan segitzea izanen zen, maisu, nire bizia ateratzeko. Kantuak ematen dit hori ere: gauean kantuan ariko naiz, eta goizean gazteekin aritu naiz pilotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.