Iratxe Alvarez. Indarkeria Sexistaren, Aurkako Plataformako kidea

«Maiaren asmoa da sexu erasoak ikusezin egitea, lehen bezala»

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformaren asmoa «elkarlanari eustea» dela dio taldeko bozeramaile den Iratxe Alvarezek.

Udalarekin lanean segituko duzue. Urak bere bidera itzuli dira?

Gure asmoa betidanik izan da erakundeekin batera sexu indarkeriaren aurka lan egitea, baina udalak ez zigun aukerarik eman horretarako. Horregatik erabaki genuen mahaitik altxatzea.

Zer gertatu da maiatzetik hona?

Emakumeen Udal Kontseilua batzartu zen, eta orain arteko kanpainen eta protokoloen alde azaldu zen. Udalak orduan iragarri zuen protokoloari eutsiko ziola, ez zuela aldatuko, eta guretzat hori oso garrantzitsua izan zen, lankidetzari eutsi ahal izateko.

Maiatzean salatu zenuten sexu erasoen aurkako kanpaina «urardotu» nahi zuela udalak...

Bai, baina auzia ez zen lelo batera edo irudi jakin batera mugatzen. Udalak kanpaina berri bat planteatu zuen hasieran, alde bakarrez, eta parte hartzeko aukerarik eman gabe. Hori izan zen arazoa. Orain, hasierako irudia [esku gorria] eta leloa [Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske] berreskuratu dituzte. Kanpaina egin dute adostutako parametroetan. Bada zerbait. Baina horrek ez ditu bestelako arazoak konpontzen.

Adibidez?

Oso berandu ibili da udala, ezer planteatzeko astirik gabe. Ezin izan dugu kanpaina bere osoan landu, eta gauza ugari kanpoan gelditu zaizkigu. Tabernari eta ostalariekin formakuntza saioak antolatzeko proposamena, adibidez. Aurrerago landu beharko ditugu horiek.

Sanferminetako kanpaina alde batera utzita, erasoen aurkako protokoloa desegin nahi izatea leporatu diozue alkateari.

Esan ziguten, sexu eraso bat gertatuz gero, udalaren ardura izanen zela mobilizazioak eta protestak antolatzea, eta ez mugimendu feministarena. Zergatik? Gure susmoa da Maiaren helburua dela erasoak ikusezin bihurtzea, alfonbra azpian gordetzea, lehen egiten zuten bezala. Hori atzera egitea da, indarkeria matxista auzi pribatutzat jotzea, eta ezin dugu onartu.

Hala ere, pozik al zaudete lortutako adostasunarekin?

Bai. Aintzat hartzen badugu zer planteatzen zuen udalak hasieran, eta zer lortu den azkenean, aldea handia da, eta pozik gaude. Baina, auzia bere osoan hartuta, uste dugu inork ez duela ezer irabazi. Kontrara: denok galdu dugu zerbait.

Ikusi gehiago:Erasoen aurka, aho bakarrez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.