Mahats bilketaren XIX. Festa ospatuko dute bihar Lapuebla de Labarcan. Hala, Arabako Errioxako bizilagunak ardoaren bueltan prestatutako festan murgilduko dira. Horretarako, egitarau oparorik ez da faltako. Goizeko hamaiketan ekingo diote aurtengo azokari, 2012ko Mahats Bilketaren Dastaketa Sariak banatzearekin batera. Ondoren, pregoia botatzeko ordua izango da: Aimar Olaizola eskuz eskuko txapelduna izango da pregoilari gonbidatua, eta, antolatzaileen arabera, «Asegarceko pilotaria pozik dago,izendatu dutela eta».
Pregoia bukatuaz bat, mahatsa zapaltzeari ekingo diote, eta, hala, lehenengo muztioa dastatuko dute. Gero, eskualdeko ardoak dastatzeko aukera izango du bertara joan nahi duen orok. Eta goseari lekua egin bitartean, Aizkolarien Mahats Biltze Txapelketa Handia eta Arabako Errioxako dantza taldeen emanaldi bat egongo dira, bazkaltzeko ordua iritsi aurretik. Eguerdiko ordubietan, herri bazkaria egingo dute ardozaleek, Lapueblako udal pilotalekuan.
Haurrek ere izango dute non gozatu ardoaren egunean. Izan ere, haurrentzako enotailerrak egingo dira Gazte Gunean, goiz eta arratsaldez, eskualdeko haurrak txikitatik mahastizaintzan era dibertigarrian murgil daitezen. Umeentzako jolasak eta ekintzak ere antolatu dituzte, inor asper ez dadin. Gainera, eskulangileek eta nekazari labeldunek beren produktuak salgai jarriko dituzte ardoaren festak iraun artean.
Eskualdeko bizilagunen bidez sortu zen festa, duela hemeretzi urte, ardoa —inguruko produkturik adierazagarriena— goraipatzeko jardunaldi gisa.
Azoka ibiltaria
Ibiltaria da iraileko bigarren asteburu guztietan ospatzen den mahats bilketaren azoka. Izan ere, urtez urte, mahatsaren festa hartzen duen herria aldatuz joaten da, Arabako Errioxan barrena. 1994an ospatu zen azoka lehenengoz, Guardian, eta, harrezkero, hamalau udalerritatik igaro da. Aurten, Lapuebla de Labarcari egokitu zaio.
Inguruetan gero eta entzutetsuago bilakatzen ari da mahats bilketaren festa. Horren asmoa da bisitariei bertako bizimodua erakustea, baita ardoa ezagutaraztea ere, eskualdeko nekazaritzaren garapenerako produktu nagusia baita hori. Jendetza bildu ohi da urtero, eta aurten ere hala izatea espero dute.
Jaiak
Mahats bilketa, festara
Ardoa goraipatzeko antolatutako festaz gozatzeko aukera izango dute bihar Arabako Errioxako herritarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu