Artzainak abisua eman die ardiei: ataka zabalik duzue! Hala erran dio Sebastian Lizaso bertsolariak Andoni Egaña kideari Getariako udaletxeko balkoitik (Gipuzkoa), herrira begira: «Nahiz atsegina sortzen digun bai/ gure bertso entzuteak/ pena pixka bat ematen digu/ egarriak egoteak». Bestetako txupinazoak nola, Egañaren bertsoak ireki du plazako txakolindegirako atea: «Edandakuak eta gabeak/ zurrutean hasi gaitezen».
Aurten 36. urtea du Getariako Txakolina jatorri izenak, eta, ohiturak agintzen duen eran, kale bete kopa da herria. Plazako Elkanoren estatuak itxura berria hartu du gaurko egunez, oinean lauzpabost txakolin botila baititu. «Ekarri kopa», eta «edan, berotu aurretik!», diote getariarrek, nahiz eta inguruko herrietako jende anitzek ere egin duen urteroko bisita. Musikariak hasi dira kaleak soinuz janzten: txistulariak hemen eta alboka joleak han. Trikitiren bat ere entzun liteke girora hurbiltzen. Ibon Koteron eta Ruben Isasirentzat lehen aldia da aurtengoa; albokaz, panderoz eta trikitiaz ari dira belarriak alaitzen. «Getarian festetan-eta izan gara, baina sekula ez gara espresuki jotzera etorri», dio Koteronek. «Pozik» ari dira jotzen, nahiz eta eskuak okupatuta izan herriko edaria dastatzeko. «Oraindik ez dugu dastatu, lanean ari garelako. Baina bukatu bezain pronto probatuko dugu», azaldu du Isasik.
Karpa handi bat eta haren barrenean txakolina saltzeko barra, baina ia barrarik ez da ikusten dagoen jendetzarekin. Txartelak erosi eta banan-banan ari dira hustutako kopak betetzen. Edatekoaz gain, bada zer jana ere: taloak, pintxoak, gazta, txorizoa... Beñat Telleriak ere estreinako aldia du Getarian gaztak saltzen, postua jarri dute eta jendea joan-etorrian ari da haren gaztak dastatzen. «Egun handia da gaurkoa, eta oraingoz oso gustura ari gara», erran du jendetzari begira ari dela.
Bada, ordea, urtero-urtero eguna ospatzeko ohitura duenik; Iñaki Zubizarreta getariarra, kasurako. «Urtero hobetu egiten da txakolina, baina asko eragiten du abuztuko azken eguzkiak». Eguzkiak eguzki, susmoa du aurtengoa ere «hobea» dela gainerako urteetakoa baino.
Urteko balorazioa
Besta lehertu aitzinetik, urteroko ekitaldia egin dute Balentziaga museoan. Kepa Iribar kazetariak azken urteko datuak eman ditu, eta aitortu du nahiko urte «korapilatsua» izan dela. «2024ko lurrek bi milioi eta erdi litro txakolin eman dituzte; aurreko urtean baino %10 gutxiago». Gibelerago begiratuta, orain bi urte baino %30 gutxiago. 50 hektarea mahastirekin eta 11 upategirekin sortu zuten Getariako Txakolinaren jatorri izena; gaur egun, 464 hektarea mahasti eta 31 upategi ditu uztak. Gaur arteko bidea txalotu eta eskertu egin dute, aitzinera begiratzeko gogoa erakusteaz gain. Raul Perez Eusko Jaurlaritzako Elikadura eta Landa Grapeneko sailburuordeak adierazi du «etorkizuna konplikatua» den arren orain arteko lanarekin jarraituz gero helburuak lortu eginen dituztela. Ekitaldiari amaiera emateko ez dute modu hoberik bilatu elkarrekin topa egitea baino: kopa hartu, txakolina usaindu eta eskuak altxatu. «Gora Getaria eta gora txakolina!».