Erresuma Batua, 1942. Anthony E. Pratt britainiarrak tankeetarako osagaiak sortzen dituen fabrika batean egiten du lan; gorroto du lana, eta errepikakorra da. Gerratik eta bere lan neketsutik ihes egiteko modu bat aurkitu du Prattek: mahai joko bat sortzea. 1944ko abenduaren 1ean, Agatha Christieren eta Raymond Chandlerren eleberrietan oinarrituta, Murder! (Hilketa!) izeneko jokoa erregistratu zuten britainiarrak eta haren emazte Elva Prattek —berak diseinatu zuen taula—.
Jokoa, funtsean, gaur egun ezagutzen denaren antzekoa zen: zenbait gela dituen landetxe bat, non gorpu bat dagoen eta gonbidatu guztiak hiltzaile potentzialak diren. Pista zuzenak aurkituz bakarrik argituko da misterioa. 1949an Cluedo salgai jarri zutenean, ez zituen emaitza onak lortu gerraosteko Erresuma Batuan. Hasbro enpresak Pratt bikoteari esan zion ez zela oso ondo saltzen ari, eta jolasaren eskubideak erosi zizkioten 5.000 liberaren truke [5.992 euro]: sortzaileek ez zuten gehiago Cluedo jolasaren dirurik ikusi.
Hiltzailea nor den argitzeko jokoa eboluzionatuz eta forma berriak hartuz joan da. Azken urteotan modan jarri da jokoa taulatik ateratzea eta bizitza errealera eramatea: murgiltze jokoak eta ihes gelak dira horren adibide. Murgiltze jarduera horiei esker, parte hartzailea harremanetan egon daiteke taula baten fitxekin bakarrik ikusten zuen mundu batekin. Irudimena bidelagun izanik, murgiltze esperientziek haurtzaroko jolasekin harremana sendotzeko aukera ematen dute.
Hotelaren misterioa
«Zer sekretu ezkutatzen ditu Aita Anjelek? Zergatik dago pertsonaia ospetsua Lekunberrin?». Lekunberriko (Nafarroa) Ayestaran hotelean hilketa bat izan da: Aita Anjel erail dute. Hotelean era askotako pertsonaiak daude: hotelaren jabea eta haren alaba, doktore bat, dukesa erlijioso bat, hegalari iparramerikar karismatiko bat, baroisa bat, galdera asko dituen historialari bat, neskame bat eta indiano bat. Jokalaria haietako bat izango da Aita Anjelen hilketa izeneko misterioan.
Maria Jesus Ayestaran hoteleko zuzendariak azaldu duenez, Aita Anjelen hilketaren misterioa da arrakastatsuena, baina beste hiru dituzte: Dena ez da dirudiena; ausartzen al zara?, Akelarre eta laster estreinatuko duten misterio berria, espioiei buruzkoa: Neptuno operazioa. Istorioak garatzeko, misteriozko eleberrietan oinarritu da Ayestaran, baita antzerkian izan duen esperientzian ere. Baina, batez ere, ehun urte baino gehiago dituzten hoteleko istorioak hartu dituzte aintzat: «Hotelaren mendeurrenaren ondoren, herri osoa mozorrotu ondoren, antzerki taldearekin batera, gidoilari bati eskatu genion hotelaren neurriko gidoia idazteko».
Asteburu bateko jardueran, orri bat ematen zaie jokalariei, eta bertan azaltzen dute zer rol interpretatu beharko duten asteburuan zehar, zer harreman zuten Anjel jaunarekin, eta zer arrazoi izan zitzakeen bakoitzak hura hiltzeko. Inork ez daki, ezta hiltzaileak ere, hiltzailea denik: «Hiltzaileak jakingo balu, jokoa berehala amaituko litzateke, pertsonak gaizki disimulatzen badu», azaldu du zuzendariak. Garai hartako arropak banatzen dituzte historian gehiago murgiltzeko. Familiak eta lagunak; ezkondu aurreko agurrak eta enpresa bidaiak; era guztietako pertsonek bisitatzen dute hotela errealitatetik aldentzeko, Ayestaranen arabera: «Misterioek asteburu osoan deskonektatzen laguntzen dute, eta buruak atseden handia hartzen du».
Dena antolatzeaz gain, Ayestaranek berak misterioetan parte hartzen du aktore gisa: parte hartzaileei harrera egiten dien pertsonaia, beste baten ahizpa edo zeremonialaria dira Ayestaranen katalogoan dauden roletako batzuk. Myriam Filgueira misterio horietako parte hartzaileak Lolitaren rola hartu zuen Aita Anjelen hilketaren misterioan: hoteleko arropak jantzi eta Filgueira Lolita bihurtu zen asteburu batez. Ayestaran hoteleko egitasmoak egiteaz gain, ihes gelen zale amorratua da Filgueira, nahiz eta beti ez duen lortzen probak gainditzea: «Berez, oso txarra naiz, baina oso dibertigarria iruditzen zait».
Neptuno operazioa estreinatzeko esperoan dago Filgueira, urteotan misterioetan zaletuak direnekin sortu duen taldearekin parte hartzeko: «Opor txiki batzuk bezalakoak dira. Sakelakoari begira egoten naiz beti, baina asteburu horretan askatu egiten dut».
Zonbiak edonon
Filgueirak beldurrezko jolas gehiago ikusi nahi dituela esan du; odola, hildakoak eta zaurituak ikusi nahi dituela. Ba, horretarako sortu zuen Diego de la Concepcion Martinezek, World Real Games enpresako zuzendariak, Survival Zonbi jolasa. Kasu horretan, kalea da taula. Zonbien apokalipsia irudikatzen du jolas horrek, makillaje errealista eta guzti. 2013an ekitaldia hasi zenetik, 250.000 parte hartzaile baino gehiago eduki ditu. Mapa baten laguntzarekin, taldekideek proba batzuk gainditu behar izaten dituzte, hiria okupatzen duten zonbiak saihestuz, noski.
Ekitaldi bakoitzean bostehun pertsona elkartzen dira batez beste, eta gauean hasten da jolasa, baina gauero istorioa desberdina dela azpimarratu du zuzendariak: «Zuzendari bat eta gidoilari bat egoten dira gauero. Ekitaldiak esklusiboak dira, eta hurrengo egunean zakarrontzira botatzen dira, jende askok errepikatzen dituelako». Parte hartzaileak, zonbiek erasotzen dietenean, makillatzeko gelara joaten dira: beste jokalarien etsai bihurtzen dira zonbien itxura hartuz.
Nahiz eta jolasean etsaiak izan, ekitalditik kanpo adiskidetasuna nagusitzen dela adierazi du zuzendariak: «Pertsona batzuentzat denbora-pasa desberdina da; beste batzuentzat, berriz, bizitzeko modu bat». Jende askorentzat jolasa errutinatik irteteko bidea da, ihesbide bat. «Haurrak ginenean bezala jolasteko aukera ematen digu; harrapaketan jolasten gara, adibidez, aktore makillatuak atzetik ditugun heinean».
Ihes geletan ikasten
Gaur egun, gatazka moduko bat dago ihes gelen jatorriari buruz, hainbat iturri izan ditzakete eta. Batzuen arabera, ihes gelen jatorria nobela beltzean dago; beste batzuen ustez, berriz, jatorria bideojokoetan dago. Nolanahi ere, azken urteetan modan jarri den denbora-pasa bat da, eta proba batzuk gaindituz gela batetik irtetean datza.
Olaya Landa EXperientziak elkarteko zuzendariak ihes gelak pedagogikoak izan daitezen lan egiten du; ez dadila izan probak gainditzea eta etxera joatea soilik, alegia. Gela Urdina ihes gelan, Zarauzko (Gipuzkoa) Narros jauregiaren istorioan oinarritu dira probak egiteko, kondaira galdu ez dadin; Getariako (Gipuzkoa) Elkano ihes gelan, berriz, historia beste ikuspuntu batetik azaltzen dute. Sorginlore elkartearekin ere lan egin dute, jolasean ikuspuntu feminista txertatzeko.
Ihes gelen margolanetan, musikan eta jarraitu beharreko arrastoetan ikuspegi feministaren zantzuak uzten dituztela azaldu du Maider Sagredo Sorginloreko kideak: «Hezkuntzako egitasmo bat gara, eta gure asmoa beti da feminismoa txertatzea; ihes gelen mezu guztietan ikustea».
Mezuak modu «sotilean» txertatzen dituztela esan du Sagredok: «Apain-mahaietan aldizkarietatik ateratako hainbat erreferente jarri genituen, iruditeria desberdin bat sortzeko». Parte hartzaileen artean hausnarketa sustatzea da helburua, baita jarduera amaitu eta gero ere. Urteak pasatu eta gero ihes gela eta bertako mezuak gogoratzea nahi du Landak: «'Gogoratzen zara?' galderak indarra du, eta harreman zuzena du ongi pasatzearekin eta alde pedagogiko horrekin».
Mezu horiek helarazteko eta jokalariek barneratzeko orduan, Landak jolasen alor dibertigarria azpimarratu du: «Jolasa da bidelagun. Ihes gelan esaten badizute lau hankatan jartzeko, lau hankatan jartzen zara; hortik ateratzerakoan hori egiteko esaten badizute, ordea, ez duzu egiten».