Diziplina anitzeko artista bat da Lautaro San Miguel Camperchioli (Madril, 1985), eta nabarmendu egin da bere ikuskizunetan magia, dantza garaikidea eta akrobazia modu berritzailean uztartzeagatik. San Miguel urteotan nazioarteko eszenatokietan eta itsas bidaietan aritu da, eta arte eszenikoekiko duen pasioa ikuskizun berritzaileak sortzeko erabili du.
Gaur emanaldi bat egingo du Gasteizko Magialdian, 19:30ean, Ana Moraza estetika zentroaren parean. Magiaren munduan erreferentziazko festibala da Magialdia, eta San Miguelek asko estimatzen du; haren hitzetan, «Europako garrantzitsuenetakoa» bilakatu baita. Argi dio Gasteizen ez duela balio «beste mago bat gehiago» izateak, «trikimailuetara ohitua dagoen publikoa baita». Beraz, «zerbait gehiago» eskaintzeko prest dago.
Nola sinetsi magia?
Ertz asko ditu. Magia publikoarekin konektatzea da, harrigarria den performance bat eginez. Beste diziplina batzuekin osatzea gustatzen zait niri, hala nola antzerkiarekin edo akrobaziekin. Jendeak gozatzen eta sinesten badu, magia da.
Akrobazia bat egin eta trikimailua? Zaila izan behar du...
Eszenatokiarekin zerikusia duen guztia gustatzen zait. Trebatzea eta gauza berriak ikastea, ez dago gauza hoberik; dena ikasten da, gainera. Zazpi urtez zirku batean lanean aritu nintzen, eta han ikasi nuen akrobaziak egiten, hango profesionalekin. Gutxinaka, nire ikuskizunetan uztartzen hasi nintzen, eta gustatu zitzaidan. Magia izango da beti garrantzitsuena eta ezinbestekoa, baina magiari ere gauzak gehitu behar zaizkio espektakulua hobetu nahi baduzu.
Dena da ilusionismoaren parte?
Magiak ez du diziplina estatikoa izan behar; mugimendua behar du: gorputzak lagundu egin behar dio trikimailuari. Jendearengan harridura eta poztasun handiagoa eragingo du horrek. Trikimailuaren kalitatea garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da nola aurkezten den.
Publikoa errazago engainatzeko ere balioko du mugimenduak...
Bai, noski. Jendearen arreta gorputzeko beste atal batzuetara eramaten duzu.
Gurutzaontzietan espektakuluak egiten dituzu. Nolakoa da mago nomada bat izatea?
Antzezten dudan bitartean bidaiatzea, horixe gustatzen zait gehien. Ikuskizun horietan lan egiteak aukera eman dit leku asko ezagutzeko eta mundu osoko jendea nire magiarekin gozarazteko.
Gurutzaontziak Gasteizera ekarri zaitu, Magialdira.
Ez da lehenengo aldia, baina niretzat ohore bat da hemen egotea. Munduko mago eta ilusionista onenak etortzen dira. Izan ere, ez naiz ausartzen nazioarteko jaialdi baten izena esatera, asko daudelako; baina Europa mailako magia jaialdi garrantzitsuenetako bat da Gasteizkoa.
Zuen arteko topagune garrantzitsuak izango dira magia jaialdiak, ezta?
Belaunaldien arteko hartu-emana da: trikimailuen berri elkarri eman, kontaktuak egin... Norberak magia egiteko estilo propioa dauka, baina besteengandik ere ikas daiteke.
«Besteen trikimailuetan inspiratzea ondo dago, baina ez dago ondo osorik eta berdin-berdin kopiatzea»
Inbidiak ez du lekurik?
Bai, hori ere bada. Orokorrean oso ondo moldatzen gara guztiok, baina denetarik dago. Besteen trikimailuetan inspiratzea ondo dago, baina ez dago ondo osorik eta berdin-berdin kopiatzea.
Zerk bereizten zaitu zu?
Gorputza erabiltzeak.
Eta Gasteizko publikoak estimatzen al du halakorik?
Magia asko ikusi duen publikoa izan ohi da Gasteizkoa; beraz, ohituak daude mago ikusgarriak ikustera. Horregatik, ez da nahikoa beste mago bat gehiago izatea; zerbait gehiago eskaini behar diezu. Lortzea espero dut.
Hizkuntza unibertsala al da magia?
Zalantza barik. Berdin dio non egiten den, edonor txunditu dezake.
lotsabako
Zein izan da zure maisua?
Mad Martin mago argentinarrari zor diot gaur egun naizena.Oholtza amestua?
Alemaniako kabaret estiloko antzokiak.