Madarikazioen ospitaleko erreinua

Lars von Trier zuzendari danimarkar probokatzaileak 'Riget' kultuzko telesaila bost atalekin berritu du, 25 urte geroago. Filminek plazaratu du.

HENRIK OHSTEN.
Mikel Yarza Artola.
2022ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Historiako zinemagilerik probokatzaileenetako bat da, ezbairik gabe. «Hitler ulertzen dut», adierazi zuen Lars von Trierrek 2011n Canneseko jaialdian, Melancholia filmaren prentsaurrekoan. Munduko zinema festibalik seinalatuenak zazpi urteko betoa ezarri zion, The House That Jack Built lan aztoragarriarekin itzuli zen arte. Aurten, Veneziara jo du, eta han estreinatu Riget telesailaren emanaldi berri bat.

1990eko hamarkadan, Danimarkako telebista publikoan eman zuten; bi denboraldiko bidea egin, eta ospitale madarikatu baten inguruko istorioa kontatu zuen. Ospitalea behinola urmael izandako gune baten gainean eraiki zuten; arropa garbitzaileak ibiltzen ziren bertan, behe laino artean, medikuek euren lekua hartu zuten arte. Iraganeko espirituek, ordea, arrasto sakona utzi zuten gune hartan, zientzialarien egunerokoa hankaz gora jartzeraino.

Ideia horretatik abiatu, hegoak indarrez astindu, eta Von Trierrek aske egin zuen hegan. Parekorik gabeko telesail bat ondu zuen, bere filmografian ere salbuespen kutsua duena. Alde horretatik, bada konparazio deigarri bat. Telesailak harrera apala izan zuen bigarren denboraldian, eta haren ondotik esan zuen agur. 25 urte geroago itzuli da, David Lynchen Twin Peaks klasikoa bezala.

Von Trier eta Lynch

Bi lanak dira apartekoak eta aspaldikoak, kasik beste garai batekoak. Eta bi artistek dute lotura berezia. Von Trierrek Lynchekiko sentitzen duen miresmena aski ezaguna da, eta Riget Exodus nobedadean haren omenezko hainbat erreferentzia topa daitezke. Horren adibide, atal bakoitzaren amaierako kredituetan ageri den oihal gorria, etorkizuna ikusten duten pertsonaiak eta doppelganger kontzeptua. Gizaki ororengan ongia eta gaizkia existitzen direla ilustratzeko ideia hori Lynchen obrako ikur bilakatu zen aspaldi.

Konparazioak konparazio, sortzaile danimarkarraren ekarpenak balio propioa du. Soinuaren erabilera minimalista, sepia koloreko irudiak, sorbalda gaineko kamera, mozketa bortitzez beteriko muntaketa... Von Trierren zigiluaren erakusle dira. Baita umore beltza ere. Oraingo honetan, gainera, umore hori beste maila batera eraman du, Danimarkaren eta Suediaren arteko norgehiagoka historikoan hatza sartuz.

Metanarratibak ere emango du zeresana. Telesaileko pertsonaia batzuen ahotan, Lars von Trierri eta Riget fikzioari buruzko iritzi satirikoak entzun daitezke. Bi pertsonaia nagusiren arteko elkarrizketa batean, berriz, indarkeria matxistari eta salaketa faltsuei buruzko iradokizun garratz bat, zuzentasun politikotik oso urrun.

Egarri artistikoa asetzeko, orain ere, sortzaile danimarkarrak lehen mailako aktoreak izan ditu alboan, eta horiek txalotzeko moduko interpretazioa egin dute talde gisa, alkohol, eldarnio eta sekta giroan. Ezusteko oparirik ere bada: Willem Dafoe aktorearen agerpen berezia.

Riget Exodus behin apurtzaile izandako proiektu baten itzulera sendoa da, eta, zorionez, polemikak desitxuratutako Lars von Trierren aspaldiko lanik interesgarriena ere bai.

'RIGET EXODUS'
Sortzailea: Lars von Trier.
Aktoreak: Bodil Jergensen, Mikael Persbrandt, Lars Mikkelsen, Tuva Novotny, Willem Dafoe.
Herrialdea: Danimarka.
Urtea: 2022.
Non ikusi: Filmin.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: drama. Komedia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.