Komunikazioa

M4F etxeko langileek greba mugagabea hasiko dute bihar

Besteak beste, 'eitb.com' kudeatzen du M4F-k; 27 langile kaleratu eta beste lauri lanaldia murriztuko diete

Aste honetan egin duten bezalaxe, hurrengo asterako ere elkarretaratzeak iragarri dituzte . BERRIA.
Adrian Garcia.
2013ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
EITBko ataria kudeatzen duen M4F etxeko langileak greba mugagabea hasiko dute bihar, etxe horretako zuzendaritzarekin izandako bilerek porrot egin ostean. M4Fko 31 laguni eragiten dion enplegu erregulazio espedientea aurkeztu zuen zuzendaritzak iragan ekainaren 12an. 27 langile kaleratu, eta beste lauri lanaldia erdira murriztea aurreikusten zuen enplegu erregulazioak. Gainera, gainontzeko langileei soldata %25 arte murriztu nahi die zuzendaritzak.

«Enpresaren zuzendaritzarekin bi bilera eduki ditugu, baina kaleratzeekin aurrera jarraitzea erabaki dute», azaldu du Unai Isusi M4Fko langile batzordeko presidenteak. «Langileok asanblea egin genuen, eta greba mugagabera deitzea erabaki dugu».

2012ko abenduan 88 lagunek egiten zuten lan M4Fn. Aurtengo urtarrilean 14 lagun kaleratu zituzten, eta oraintxe bertan 74 langile daude; horietatik 54k eitb.com-erako egiten dute lan. Uztailaren 12tik aurrera 27 gutxiago izango dira, denak eitb.com ataria kudeatzen dutenak. Euskal hedabide publikoko atariaz gain, Bilboko Alondegiaren, Eusko Jaurlaritzaren kulturklik atariaren kudeaketaz arduratzen da ere M4F etxea. Azkenhorretako langile bat ere kaleratuko dute.

EITBko zuzendari ohi Juan Diego Casalsek sortu zuen M4F 2008. urtean, hedabide publikoko atariari zerbitzua emateko helburuarekin. Vilau auzian inputatuta dago Casals.«M4Fk egoitza EITBn du, ez du ezer ordaintzen han egoteagatik. EITB eta M4F etxeen artean eginiko trikimailua da», dio Isusik.

Maite Iturbe EITBko zuzendariak M4F etxearen 27 langile kaleratzearekin «zerikusirik» ez duela azaldu zuen pasa den astelehenean Eusko Legebiltzarrean. Isusik, ordea, nahiz eta M4F azpikontratatutako enpresa izan, argi du azken erantzukizuna hedabide publikoko zuzendaritzak duela. « EITB M4Fren zati baten jabe da». Langile batzordeak azaldu duenez, Eitb.net M4Fren %10aren jabe da,Expressive etxeak%15 du, eta Vertice 360 etxeak %25. EITBk sortutako enpresak dira horiek. «EITBk enpresa horietan erantzukizunak ditu. Adibidez, M4Fko administrazio kontseiluan Jesus Elgezabal eta Andoni Aranburu daude, eta horiek EITBko zuzendaritzan daude». «M4Fn hartzen diren erabakiak EITBk agintzen ditu».

Maite Iturberekin eta Mikel Agirre eitb.com-eko arduradunekin bilera egiteko eskatu du langile batzordeak. «EITBko langile batzordeko langileek eskatu behar dute bilera, guk ezin dugu zuzenean haiekin hitz egin».

Gaurtik aurrera eitb.com atariko frantsesezko eta ingelesezko webguneak ez dituzte gehiago elikatuko. M4Fk langileek kudeatzen dituzte orriok, astegunetan soilik. «Bihartik aurrera greban egongo dira. Joan den urtean hiru lagunek lan egiten zuten frantseseko orrian, aurten batek, eta kaleratu egingo dute».Bihar greban egongo badira ere, Bilbon jokatuko den pilotako finala zuzenean streaming bidez emateko prest utziko dute.

Lan baldintza kaskarragoak

Eitb.net-eko langile guztiek goizeko ordutegiak dituzte, eta M4Fkoek, berriz, arratsaldekoak eta asteburuetakoak. «Arratsalde eta asteburuetan eitb.com hutsik geratuko da».

Bulegoko hitzarmena izan dute hasieratik M4Fko langileek. «Ez gaude EITBko lan hitzarmenarenbarruan. Iaz jaso genituen lehen aldiz gaueko orduak eta antzinateko sariak. Gure soldata ez da EITBkoen berdina, lan berdina egiten dugu, ordea», azaldu du Isusik.

Bihar Bilboko Miribillako Bizkaia frontoian elkarretaratzea egingo dute langileek 16:00etatik aurrera, pilotako finala amaitu arte.Hurrengo asterako ere iragarri dituzte mobilizazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.