Datorren asteko estreinaldiak

Luxuzko treneko susmagarriak

'Murder on the Orient Express' ezagunaren bertsio zinematografiko berria egin du Kenneth Branaghek. Izen handiko aktoreak bildu nahi izan ditu zuzendariak

Oinarrizko istorioa ez du aldatu Kenneth Branagah zuzendariak. BERRIA.
Gontzal Agote.
2017ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Gaur egun, ahaztu samarra badago ere, 1932an mundu osoan zeresan handia eman zuen gertaera lazgarri bat izan zen: Charles Lindbergh ingeniari eta hegazkinlariaren hogei hilabeteko semearen bahiketa eta hilketa. Hasieran, neskame bat hartu zuten susmagarritzat, eta hark bere buruaz beste egin zuen. Azkenean, Bruno Hauptmann arotza erruduntzat jo zuten, eta heriotza zigorrera kondenatu zuten. Gertaera hori izan zen Agatha Christie idazle britainiar ezagunak bereMurder on the Orient Expresseko hilketa eleberri famatua idazteko orduan izan zuen inspirazio iturri nagusietakoa. Ez bakarra, ordea, istorioaren oinarria idazleari berari gertatu zitzaion beste gertaera batekin ere lotu baitzuen: 1929. urtean Orient Express trena Turkia inguruan gelditu zen bakartuta, ekaitz baten ondorioz.

Osagai horiekin eta bere irudimen ia mugagabearen laguntzaz, Agatha Christiek bere eleberririk ospetsuenetako idatzi zuen. 1934. urtean argitaratu zen lehen aldiz, eta, orduz geroztik, hamaika berrargitalpen eta itzulpen izan ditu —besteak beste, Ainhoa Eider Zabalak Igela argitaletxerako itzulia: Orient Expresseko hilketa— eta, urteen poderioz, misterio generoaren ezinbesteko klasikoa bihurtu da.

Zinemak ere jaso nahi izan zuen nobelaren oihartzuna, eta,horrela, 1974an, Sidney Lumet handiak liburuaren bertsio zinematografikoa egin zuen, Murder on the Orient Express. Jatorrizko istorioarekiko hainbat aldaketa sartu bazituen ere, haren ezaugarri nagusiak errespetatu zituen Lumetek, eta girotze bikaina lortuzeta suspense handiko pelikula bat egin.

Aktore ezagunak

Istorioak zuen luxuzko atmosferarekin bat eginez, pelikulak ere luxu hori islatu nahi izan zuen; batez ere, lehen mailako aktore talde bat elkartuta. Albert Finneyk Hercules Poirot detektibearena egin zuen, eta treneko bidaiariaren artean zeuden, besteak beste, Lauren Bacall, Anthony Perkins, Jacquelinne Bisset, Sean Connery eta Ingrid Bergman. Azken horrek bere hirugarren Oscar saria eskuratu zuen filmean egindako lanari esker.

Orain, 2017ko bertsioa da pantailetara ailegatuko dena, Kenneth Branaghen zuzendaritzapean. Branaghek berak harentzako erreserbatu du rol protagonista, Hercules Poirotena.

Sidney Lumetek egin zuenarekiko aldaketa gutxi ditu moldaketa berriak, eta, hartan bezala, ospe handiko aktoreak —gehienak dagoeneko nahiko beteranoak— bildu nahi izan dituzte pelikulari askoz distira handiagoa emateko. Horrela, Willem Dafoe, Johnny Depp, Penelope Cruz, Judi Dench eta Michelle Pfeiffer daude bidaiarien rol nagusietan.

Gainerakoan, nobedade gutxi ditu filmak, oinarrizko istorioa ez baita aldatu. Orient Express trenaren bidaia batean hilketa bat gertatuko da. Inork ez daki nor den hiltzailea, eta, itxuraz, bidaiari denak dira susmagarriak. Hercules Poirot da bidaiarietako bat eta kasua argitzen saiatuko da.

'MURDER ON THE ORIENT EXPRESS'

Zuzendaria. Kenneth Branagh.

Aktoreak. Kenneth Branagh, Penelope Cruz, Willem Dafoe, Judi Dench, Johnny Depp.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2017.

Iraupena. 116 minutu.

Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.