Gizakion ingurua aztertzeko, Lurraren barrura jotzen du geologiak: barruko formak eta atalak aztertzen ditu, gaur egungo kokapenak ulertu, eta milioika urtetako historia ezagutzeko. Geologia berezia duten lekuetan egon ohi dira geoparkeak, ingurua era zabalean aztertu eta Lurraren gaineko ezagutzan sakontzeko. Euskal Kostaldeko Geoparkea Euskal Herriko bakarra da: Gipuzkoan dago, eta 90 kilometro koadro inguruko azalera dauka, Deba, Mutriku eta Zumaia udalerrien artean. Ospakizun astea hasiko du gaur: Europako Geoparkeen Astea da, eta egitarau berezia prestatu dute datorren larunbatera bitarte.
«Gurpil bat da: jakin egin behar da errespetatzeko». Euskal Kostaldeko Geoparkeko kudeatzailea da Leire Barriuso, eta astearen garrantzia nabarmendu du: «Ospakizun hauekin saiatzen gara erakusten zer ondare daukagun, kontserbazioa eta sentsibilizazioa lortzeko». Lurazpiko mundu ezkutua da astearen leloa, eta, hain zuzen, espeleologia irteera batekin abiatuko dute ospakizuna, gaur bertan. Debako Ermittia Bekoa kobazulora joango dira, espeleologo eta geologoekin, eta kobazuloak nola sortzen diren azalduko dute han.
Lurraren liburu handia
Bihar, proiektu berri bati emango diote hasiera: Geoparkeko Bira abiatuko dute. «Asmoa da oinezko ibilbide bat egitea geoparke osoaren bueltan, zortzi etapatan». Bihar egingo dute lehenengoa: Saturraran-Olatz.
Inguruak bertatik bertara ezagutu ez ezik, bestelako ekitaldiak ere egingo dituzte. Asteazkenean, GeoTalks saioa egingo dute Zumaian. Horrelako saioetan, zientzia arte diziplinekin nahasten dute, eta, aurten, zinema baliatuko dute. El día que murió el Mesozoico (Mesozoikoa hil zen eguna) dokumentala emango dute aurrena, eta Juan Antonio Arz Zaragozako Unibertsitateko paleontologoa eta Estibaliz Apellaniz EHUko paleontologoa ariko dira gero. Ekitaldi horiez guztiez gain, tailerrak, hitzaldiak, erakusketak eta marrazki lehiaketa egingo dituzte.
Geoparke bat izateko, garrantzitsuena «geologia oso berezia» izatea da, Barriusoren hitzetan. Euskal Kostaldeko Geoparkeari flyschak ematen dio berezitasun hori; ehun urte baino gehiago dira zientzialariak flyscha ikertzen ari direla. Euskal kostalde ia guztian ageri dira flysch arroka motak, baina geoparkekoek badute berezitasun bat: hamar kilometrotan, Euskal Herriko flysch mota guztiak ikus daitezke. Arroka horiek «irakurtzen» aritzen da Asier Hilario Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoa: «Zumaia inguruan, flysch horrek daukan adinagatik, Lurraren historian izan diren gertakari oso garrantzitsuak irakur daitezke».
Hilarioren hitzetan, «Lurraren historiaren liburu handia» dira flyschak, eta geruza bakoitza orrialde bat da. Liburua «kapitulutan» banatzen dute geologoek, eta Lurraren 4.600 milioi urteak ataletan banatzea da lan nagusia. Hori, ordea, ezin da «matematikoki» egin. «Mundu guztian aurkitzen dugunean zerbait —desagerpen bat, klima aldaketak, gertakari geologikoak—, esaten dugu: 'Honek balio du kapitulu baten bukaera eta hurrengoaren hasiera markatzeko'».
Zumaiako flyschetan, lau gertakari irakur daitezke: duela 66 milioi urteko dinosauroen eta Lurrean bizi ziren espezien %70en desagerpena; duela 61 milioi urte itsas mailak izandako jaitsiera handi bat; duela 58 milioi urteko polo magnetikoen aldaketa bat; eta duela 56 milioi urteko beroaldi garrantzitsu bat.
«Flyschak ipintzen gaitu mapan; barnealdeko karsta ezezagunagoa da, baina balio handia du», dio Barriusok. Kareharriz osatutako paisaiari esaten zaio karst: «Oso arroka gogorra da, baina badauka ahultasun bat: euri urarekin disolbatu egiten da», Hilarioren hitzetan. Horrela eraldatzen dira mendien formak. Geoparkeko barnealdeko mundu «ezezagunean», azken 10-20 milioi urtean pixkanaka disolbatutako arroketan, ehunka kobazulo daude. Deba bailaran dago kantauriar isurialdeko Goi Paleolitoko aztarnategi gehien.
Halere, Hilariorentzat karsta ez da arrokak disolbatzen dituen prozesu geologiko bat soilik: «Aztarnategiek ematen diguten informazio guztia ere bada: gure arbasoekin konektatzeko aukera, eta baita gaur egungo kultura ere». Barriusok ere geoparkearen «kultura dentsitatea» nabarmendu du: «Ez da bakarrik geologia; kultura ere bada, eta ondare geologiko eta kulturalari balioa eman behar zaie».
Lurrean idatzitako jakintza
Lurraren historiako aztarnak ezagutzeko, Europako Geoparkeen Astea egiten ari dira; Euskal Kostaldeko Geoparkeak hainbat irteera eta tailer antolatu ditu egunotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu