Lurraren azoka Irunen

Bihar arte iraungo du Bioterra azoka ekologikoak, Ficoban. 121 salmenta postu eta ekologiari buruzko zenbait hitzaldi antolatu dituzte

Joan den urteko Bioterra azokako argazkia. AITOR IZAGIRRE ANSA.
unai etxenausia
2023ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azoka da. Aurtengoa, gainera, berezia da, hogeigarren aldia baitu. Bioterrak ez du etenik izan 2003tik. Azoka urtez urte egin da Irungo (Gipuzkoa) Ficoba erakustazoka zabaldu zenetik. 2.200 enpresak eta 190.000 lagun inguruk parte hartu dute urte hauetan guztietan. Azokako sarrera doan da, eta Ficobak aparkalekua du.

Atzo hasi eta igandera bitarte, 121 salmenta postu izango dira Ficoban. Azoka bat da. Baina enpresa ugarik parte hartzeaz gain, jarduera zein hitzaldi eskaintza zabal bat ere izango da asteburuan. Hitzaldien programak askotariko aditu eta dibulgatzaile biltzen ditu. Besteak beste, Carlos Taibo, UAMeko Zientzia Politikoko irakaslea eta krisi ekologikoari, desazkundeari eta kolapsoari buruzko liburuen egile ezaguna; Fernando Valladares, komunikabideetan aritutakoa, Biologian doktorea eta CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikertzailea; eta Belen Hinojar eta Carmen Huidobro, Instagrameko Climabar kontuaren bultzatzaileak. Helburua dute historiako marketin kanpainarik txarrena aldatzea: klima aldaketa.

Taibok 11:00etan zabalduko du gaurko hitzaldi programa: klima aldaketa eta lehengai energetikoen agortzea izango ditu hizpide solasaldian. Valladares arituko da ondoren, 12:30ean: ingurumenaren eta osasunaren arteko lotura azalduko du Ingurumena eta osasuna. Zerk gaixotzen eta hiltzen gaitu? hitzaldian. Horrez gain, arratsaldean ere zenbait hitzaldi antolatu dituzte.

Bihar ere izango dira solasaldiak. Patricia Restrepo Botero idazle, nutrizionista eta makrobiotika aholkulariak Originalak izatea hitzaldia eskainiko du 11:00etan: hiru hamarkada baino gehiagoko ikerkuntzan izan duen esperientzia pertsonal eta klinikoan oinarritutako ikuspuntuaren berri emango du. Bestalde, nabarmentzekoa da Karmelo Bizkarra medikuak 17:00etan emango duen Baraua eta osasuna, Terapia Magna hitzaldia. Yoga eguna ere izango da biharkoa.

Hainbat gune

Hainbat gune berezitu prestatu dituzte Ficobako pabiloietan. Eraikiz gunean, esaterako, bioeraikuntzari buruzko hitzaldi programa propioa eskainiko dute.

Bestalde, bi alor landuko dira BiobeautyZero Zabor gunean. Alde batetik, kosmetika ekologikoaren dibulgazioari, ezagutzari eta ezaugarriei eskainitako gunea izango da; bestetik, ekonomia zirkularrari buruz hitz egiteko, informatzeko eta eztabaidatzeko espazioa.

Azkenik, Sukaldean gunea ere izango da. Janari osasuntsua prestatzen ikasteko aukera izango dute bertaratzen direnek: kefir beganoa, kurkuma hartzitua, ogitarteko osasuntsuak... Haurrentzakotailerrak ere izango dira.

Bioterra azoka

Gaur eta bihar, egun osoan, Irungo Ficoban (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.