ATZEKOZ AURRERA. Delia Delanne. Lurramako koordinatzailea

«Lurrama zubi bat da amildegi gainetik pasatzeko»

'Emazte laborariak argitan' da aurtengo Lurramaren leloa, emakume laborariei eginiko omenaldi gisa. Delannek uste du egoera aldatzen ari dela, «baina berantarekin».

GUILLAUME FAUVEAU.
Julene Muruaga Hiriart
Baiona
2023ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Azaroaren 10etik 12ra iraganen da XVIII. Lurrama, Miarritzeko (Lapurdi) Irati azokan. Aurtengoak laborantzan ari diren emazteak omenduko ditu, gai horren inguruan proposatutako egitarauari esker. Lurramako koordinatzaileetako bat da Delia Delanne (Miarritze, 1996).

Zer lotura izan duzu laborantzarekin?

Gauza handirik ez; nire familia ez da mundu horretakoa. Halere, Geografia gradu bat egin nuen, eta nire masterra garapen iraunkorraren lurralde kudeaketari buruzkoa izan zen. Arloaz anitz ikasi nuen, bereziki Euskal Herriko lurraldeaz. Lurramari esker, ikasten segitzen dut. Orain mundu hori anitz maite dut.

Eta nolatan ari zara Laborantza Ganberan lanean?

Hasi nintzen duela urte bat eta erdi, antolatzaile gisa. Lurrama antolatzeko ardura dut, Estelle Gognirekin. Horrek erran nahi du aurtengoa nire bigarrena izanen dela. Horrez gain, beste gertakari batzuk antolatzen ditut, adibidez EHZko zikiroa.

Lurrama hiri batean egiten da. Amildegia ba ote da hiriaren eta landa eremuaren artean? Baldin bada, nola leundu daiteke?

Bai, bada amildegi bat. Nire kasuan, adibidez, miarriztarra naiz, eta egun Donibane Garazin bizi naiz. Bien artean bada ordu bat autoz, eta Miarritzeko anitzek ez dakite zer pasatzen den barnealdean. Horregatik pentsatzen dut Lurrama kostaldeko hiri handi batean antolatzen dela. Laborariak, laborantza eta ekoizleak sostengatzeko egina da; erakutsi dezaten zer egiten duten, kontaktuak emateko, sareak ezagutarazteko eta abar. Lurraman hasi nintzenetik hitz bat erabiltzen dut: zubia. Lurrama amildegi gainetik pasatzeko zubi bat da. Lurrama tresna bat da hutsune hori betetzen laguntzen duena.

Emazte laborariak argitan da aurtengo leloa. Matxismo anitz bada oraindik laborantzan?

Bai. Ez naiz laboraria; zehazki nola pasatzen den ez dakit, baina, halere, mundu osoan bada matxismoa; beraz, laborantzan ere bai. Emazte laborarien eskubideei buruz datu batzuk ikusi nituen harritu nindutenak. Adibidez, emazteek haurdunaldi oporraldiak izateko eskubidea 2008an baizik ez zuten lortu Frantzian. Egoera aldatzera doa, baina berantarekin. Horregatik gai hori hautatu dugu. Betidanik emazteak laborantzan aritu dira, baina itzalpean; orduan, oraingoan omenaldi bat eginen diegu, haien lana argitan emanez.

Emazteek, etxaldeetako lanez gain, etxeko lanak ere egiten jarraitzen dute?

Aldatzen ari da, baina etxe gehienetan bezala da. Laborantzaren kasuan, historikoki etxaldea etxea ere bazen, eta bien arteko muga bat ematea nahiko zaila zen. Noiz bukatzen da lana? Non da lana eta non etxea?

Kartelean ageri diren emakume laborari gehienak gazteak dira. Karteletik kanpo ere gehienak gazteak dira?

Bada denetarik. Ez ditut denak ezagutzen, baina ezagutzen ditudanen artean batzuk erretretan dira.

Estereotipo bat: gizon laboraria, traktore gidaria.

Garrantzitsua da estereotipoak desegitea. Nik biziki argi dut bai mutiko batek eta bai emazte batek traktore bat gida dezaketela. Batzuetan ezartzen den presio sozialagatik emazte batek ez du onartuko traktore bat erabiltzea. Estereotipoakhaustea ezinbestekoa da; horregatik, aurtengo Lurraman,mintzaldiak eta lekukotasunak emazteek soilik emanen dituzte, izan laborari, izan soziologo, izan idazle...

Zer da Lurramaren antolaketan lan zailena edo buruhausterik handiena dakarrena?

Egitaraua egitea da lan zailena. Badira milaka gauza: haurren eguna, merkatuak, kontzertuak, mintzaldiak... Nire lana koordinazioa da; batzuetan, aste batean milaka pertsona deitu behar ditut. Nahiko estresagarria da dena kudeatzea. Bi hilabetez bete-betean ari naiz, baina hori maite dut. Horrez gain, hiru egunentzat laguntzaileak atzematea zaila da. Lurrama laster da, eta oraindik besoak falta zaizkigu. Parte hartzeko gure webgunetik izena ematen ahal da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.