«Mila zorion eta eskerrik asko/ Mikel eta Dounia, jakina/ Hemen daukagu historia/ eta kulturaren eragina/ Ongi etorri, Erroiz olio/ berri, eder eta gordina/ Lurrak emana, eskuz landua/ eta bihotzez egina». Lantziegoko (Araba) Erroiz olio dolarera bildutakoei kantu eginez eman diete ongi etorria Jon Maia eta Amets Arzallus bertsolariek gaur goizean. Mikel Izagirre eta Dounia El Kouissi Erroiz dolarearen jabeek gonbidatuta joan dira bi bertsolariak uzta berriaren aurkezpenera.
Oliba olioa dastatzeaz gainera, Arabako Errioxan ekoizten den olioaren historia gertutik ezagutzeko parada izan da bisitan. Ebro ibaiaren eta Kantauri mendilerroaren mendi ahaltsuen artean zabaltzen den hegal malkartsuan arroniz esaten zaien olibondo ugari daude, eta, Izagirrek kontatu duenez, Erroizen ere hori bera erabiltzen dute. «Guk lur honek ondarean utzi diguna zaindu, errespetatu eta hobetzeko ardura dugu».
Tradizioz, Arabako Errioxan, olibondoek mahastia inguratzen zuten —ehunka olibondo zegoen—, eta Lantziego zen Arabako Errioxan oliba gehien zuen herria. «Lantziegok dolare tradizionala dauka, udalarena, oraindik martxan dagoena, eta horri esker mantendu da oliba mendez mende. Beste faktore garrantzitsu bat da familiek beren olibadiak zaindu eta gorde dituztela; nahiz eta lurrik ez izan, badute olibadia».
«Guk lur honek ondarean utzi diguna zaindu, errespetatu eta hobetzeko ardura dugu»
MIKEL IZAGIRREErroiz dolarearen jabea
Arroniz motako olibondoetatik egiten dute olioa Erroizen, eta uzta berriak eman dituen «maila goreneko» bi olio probatzera eman dituzte. «Ongi berotu ezazue edalontzia eskuekin», esan du Jorge Martinez APRORA Arabako Errioxako olioa sustatzeko arduradunak. Edalontzi urdin ilun batzuetan jarri dute olioa —«barruko koloreak ez gaitzan baldintzatu»—, eta hura usaindu eta dastatu dute gonbidatuek. Aurretik usaindu dituzte piperrak, tomateak eta belarra, eta usain horien arrastoak nabaritu dituzte gero olioa dastatzerakoan: tomate berdearena, mendarena, belar freskoarena...
Aurten, 25.000 litro
«Olio on bat egiteko sekretua da beti fruitu freskoa izatea, zuhaitzetik jasotzen denetik olio bihurtzen den arteko prozesua ahalik eta motzena izatea». Erroiz olio dolarearen funtzionamendua azaltzeari ekin dio Izagirrek. Azaro eta abendu artean olibak arbolatik hartu eta dolarean sartzeko garaia da Arabako Errioxan, eta, beraz, lanak amaituta dauzkate Erroizen. Aurtengo uzta 25.000 litrokoa izan da, eta urtean bertan dena saltzea aurreikusi dute.
Herria alderik alde zeharkatu eta XVIII. mendeko udal olio-dolarea bisitatzeko tenorea da. «Olioaren museo bizi bat da», esplikatu du Izagirrek. Izan ere, herriko familiek kontsumo propiorako erabiltzen dute gaur egun dolarea: «Iaz 80.000 kilo oliba bildu zituzten». Hainbat egokitzapen egin dizkiote sistema tradizionalari, baina oraindik ere garai bateko harrizko eta egurrezko piezak erabilgarri daude. Izagirre: «Ikusten duzuenez, gu olioa egiten hasi baino lehen bazekiten ongi egiten».
