Bilboko Aste Nagusia 

Lurra kimu berrientzat

Eguzkizaleak konpartsak Lurra Eguna ospatu du ereiten ikasteko tailerrarekin, umeek ondo pasa eta ikas dezaten. Baserri giroa ez ezik, euskal musika ere eduki dute Euskalgunean

Lurra kimu berrientzat.
Bilbo
2016ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
«Hori jada eginda dago», esan zuen ume batek letxuga landare bat hatzaz erakutsiz. «Baina haziko da, ikusiko duzu», esan zion amak. Jogurt potoetan, inoiz indaba edo dilistak landatuak zituzten elkarrekin, baina dena ez da hazietatik loratzen, eta hori ere ikasi beharra dago. Horretarako, Iratxe Garrido, Xabi Gallastegi eta Garbiñe Gonzalez urtero ibiltzen dira ereiten irakasteko tailerrean. «Umeek tokia izan dezaten nahi dugu, jai giroan gustura ibil daitezen, eta zertxobait ikasten dute, gainera».

Txantxetan joan ziren batzuk: «Bat landatu dezaket? Ez da zizarerik egongo, ezta?». Beste batzuk, lotsati: «Horrela ondo dago?», galdetu zuten eskuak lurrez beteak zituztela. Iaz, zerbak ondo hazi zitzaizkion zenbaiti. «Aurten zer duzue?».

Ehun uraza landare eraman zituzten Eguzkizaleak konpartsako kideek atzo: ohiko letxuga, beltza, haritz-hosto letxuga... «Bat landatu nahi duzu? Beldur gabe, sartu eskua!», animatu zituen umeak Gallastegik. Eguerdian Euskalgunetik igaro ziren haur gehienek bat hautatu, loreontzian landatu, eta etxera eraman zuten. Beren kabuz egunero landarea ureztatu eta zaintzearen garrantziaz ere gogorarazi zieten.

Aste Nagusiko asteazkenero, Eguzkizaleak konpartsakoek beren eguna ospatzen dute, Lurra Eguna. Konpartsak Eguzki taldearekin duen lotura gogoratu du Gonzalezek. «Ekologistak gara, eta elikadura burujabetza ere sustatzen dugu». Garridok, berriz, EHNE sindikatuarekin tailer eta azokak egin izana oroitu du. «Baserria jaietara ekartzen dugu».

Ingurumenaren aldeko ekintzak ez ezik, Euskal Herriko kultura ere bultzatzen dute. Horregatik, folklore azoka egin zuten bigarren aldiz, zuzeneko euskal musika eta guzti. Eneko Benito konpartsakidea albokaria ere bada: «Euskal musika tresnen bilkura gutxi daude, eta giro berezia sortzen dute inguruan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.