Unai Aranguren. Via Campesinako ordezkari

«Lurra aktibo segurua da; urrea bezalakoa da»

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2013ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Lurramako gonbidatu bereziak, Via Campesinak, munduko 69 herritako 200.000 laborari biltzen ditu, 148 egituraren bidez. Haien artean dira ELB eta EHNE sindikatuak. Aranguren Bizkaiko EHNEkoa da, eta Via Campesinako Europako ordezkari. Bihar 18:00etan enpresa trasnazionalek eta estatuen lurren bereganatzeak ekarri ondorio latzak aipatzekoak ditu Miarritzeko ferian.

Aipatzekoa duzu enpresa transnazionalek nola lurrak berenganatzen dituzten. Zertan da errealitate hori?

Hegoaldean gertatzen zen lur berenganatze hori denborarekin Europan ere hasi da, ekialdean batez ere. Berdin da arto, agroerregai edo espekulaziorako. Gas erauzketan, fracking-ean edo horrelako beste praktika batzuetan ere hasi dira. Arazoa da dena nekazari lurretan egiten dela. Orain ez dago legerik Europan nekazari lur horiek babesten dituenik. Galera nahiko handia da. Urtero milioika hektarea galtzen ditu nekazaritzak. Lurra artifizializatu egiten da. Eta horrek atzera bueltarik ez dauka. Baserritar txikia desagertuz doa, eta handiak gero eta handiagoak egiten dira. Lurra aktibo segurua da. Urrea bezalakoa da. Gero eta garestiago izango da.

Horri aurre egiteko, elikadura burujabetza da Via Campesinaren aldarrikapen nagusietako bat.

Askoz ere sistema justuago bat nahi dugu. Baserritarrak izatea protagonistak kontsumitzailearekin. Elkarren arteko lotura hori berriro zuzena izatea lortzea. Bitartekaririk ez izatea, zer ekoitzi eta zelan saldu erabakitzen duen multinazional barik.

Nehoiz baino argiago da tokian tokiko adibide txikiena eta munduaren beste puntako beste adibide txikia zein konektatuak diren, ez?

Arazoak mundu osoan nahiko antzekoak dira. Lortu duguna da baserritarrak ohartzea sistema kapitalista dela gure etsaia. Nekazaritza eta elikadura negozio bihurtu nahi du. Eta horretarako erabiltzen dituen trikimailu eta teknikak baserritarraren kontra doaz. Hori ikusirik, bakoitzak bere herri eta auzoetan elikadura burujabetza eraikitzea proposatzen dugu, kontzeptu teoriko hori egunero martxan ipiniz. Adibidez, kontsumoan. Salmenta zuzena, bertakoetan tokiko produktuak ematea, ekonomia lokalak bultzatzea. Horretan dabilen jende guztia horretan lanean ipintzen badugu, lortuko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.