Lur haustuetan frenorik gabe

Hamahirugarrenez iritsi dira asteburuan Lapurdira eta Gipuzkoara ehunka motorzale, Wheels & Waves bilkurara. Larunbatean Donostiako hipodromoan egin zuten El Rollo izeneko proba berezia.

Larunbatean Lasarte-Orian, hipodromoan, jokatu zuten motor lasterketaren irudia. MIKEL OLAIZOLA
Larunbatean Lasarte-Orian, hipodromoan, jokatu zuten motor lasterketaren irudia. MIKEL OLAIZOLA
begona del teso
Lasarte-Oria
2024ko ekainaren 18a
05:00
Entzun

Nazioarteko motorzaleen akelarrerik garrantzitsuenetako bat da Wheels & Waves bilkura (Gurpilak eta olatuak). Baita dotoreenetakoa ere, bertan biltzen baitira ez motorrak maitatzen, gidatzen, erosten, saltzen, trafikatzen, konpontzen eta gurtzen dituztenak bakarrik, baita, merkatuan dauden marka eta konpainietatik at, beren kabuz, beren kasa, euren eta besteen plazererako motorrak sortzen eta eraldatzen dituzten ingeniariak, altzairu eta karbonozko poetak, artisauak, mekanikariak eta probatzaileak ere.

Bi lehia izaten dira nagusi elkarretaratze horretan. Alde batetik, Jaizkibel mendian gora (Hondarribia, Gipuzkoa) antolatzen dute Punk's Peak (Punkaren gailurra) izenekoa. Bertan, binaka abiatzen dira pilotuak, eta milia laurden batean gidatzen trebeena zein den neurtzen dute. Ikusgarria da, harrigarria. Ahoa bete hortz (eta ke edo gasolina gustu) uzten dute jendea, bihotza bete taupada eta eskuak zartatzeko grinarekin; ahaztezinak dira lasterketa horretako momentu batzuk.

Bigarren proba, berriz, iragan larunbatean Lasarte-Orian (Gipuzkoa) jokatu zutena da; Zubieta ondoan dagoen Donostiako hipodromoan egindakoa (ospatutakoa ere jar daiteke, ospatu egin baitzuten, txaloka, bibaka eta gurpilak errez); El Rollo izena dauka lasterketa horrek. Oso topaketa elegantea da Wheels & Waves, eta Lasarte-Oriakoa, berriz, desafio kanaila, bilauen artean elkarri botatako erronka. Bilauak, bai. Goi mailakoak dira, hori bai, lur eta hare gainean erabiltzen dituzten motorrak, baina kendu egiten dizkiete apaingarri guztiak; bai azaleko edergarriak, bai motor bat motor bilakatzen duten mekanika arloko kontu horiek guztiak.

El Rollon ezin dira erabili desfileetan ikusten diren motor horien modukoak. Ezta pentsatu ere. Flakatu, mehatu, arindu egin behar izaten dira hainbat eta hainbat osagarri: erregai tankea, urkilak, lohi babesleak, esekidurak...

Hautsa harrotzen duen lurreko esparru zirkular batean egiten duten proba bat da El Rollo. Abiadurak badu garrantzia, noski, baina askoz garrantzitsuagoa da derrapatzen jakitea. Gidatzen dituzten motorrek izaten dituzte urkila motzak, ihes hodi ahalik eta ñimiñoenak, eta zirkuituari bi buelta emateko adina gasolina hartuko duen biltokia; gehiago ez. Gurpilak ere bai, jakina. Motor bati dena ken dakioke eta motorra izaten jarraitu... gurpilak izan bitartean. Tira, gurpilak, eta zentimetro kubiko batzuetako motorra.

Frenorik ez al da behar? Ez horixe. Ez Flat Track izeneko diziplinarik gabeko diziplina horretan, behintzat; diziplina horretan Moto GP mailako piloturik ausartenak entrenatzen dira. Zertarako erabili frenoa hankak edukiz gero? Bi oinetako bat sekula ez dute izaten oinak jartzeko tokian, kanpoan baizik. Airean? Ez! Lur eta hondar zikinaren gainean. Hankek markatzen eta finkatzen dute norberaren derrapea. Zirkuituaren ibilbide guztian irristatzea mantentzea da sekretua, fin-fin gidatuta. Ondo, indartsu atera beharra dago irteeran, une eta gune egokian, eta, gero, elegante-elegante gidatu.

Horretan ibili zen jo eta su, jo eta gasolina, jo eta gasa, jo eta garagardo, jo eta olio heroi sorta bat: Daniel Vallejo, Juan Carlos Alzuri, Lucie Pokorna, Samantha Cruz Soto... Toshiyuki Cheetah japoniarra izan zen bilauetan nobleena, Harley Davidson bat silueta bat besterik ez izateraino findu eta arindu zuena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.