Asteburuko proposamenak

Luma zorrozteko txokoa

Gaurtik larunbatera, bigarrenez egingo dute Zirriborro idazketa eskola Donezteben, Nafarroan.

Zirriborro idazketa eskola, iaz, Donezteben. BERRIA
Zirriborro idazketa eskola, iaz, Donezteben. BERRIA
Ane Etxandi.
2024ko urriaren 31
05:00
Entzun

Hutsune bat betetzeko helburuarekin abiatu zen iaz, eta helburu horrekin jarraituko du aurten. Bigarren aldiz egingo dute Zirriborro idazketa eskola, Donezteben (Nafarroa). 18 eta 30 urte arteko gazteentzako ikastaroa da, eta gaurtik larunbatera egingo dute.

«Beste arte diziplinetan, formakuntza nahiko sistematizatua dago: bertsolaritzan, bertso eskolak daude; musika eskolak ere badaude, musika ikasteko; antzerki eskolak ere bai... Baina ez dago idazteko eskolarik, kasik», adierazi du Iñigo Satrustegi Andresek, Zirriborro idazketa eskolaren sortzaileak. Gabezia horretatik abiatu zen kezka, zerbait egiteko nahia. Bigarren deialdirako hitzaldi eta tailerrak antolatu dituzte; iaz baino gutxiago, baina luzeagoak, patxadaz sakontzeko aukera eskainiz.

«Eskaintza zabala egiten saiatu naiz. Literaturaren genero eta ildo desberdinetatik abiatuta, denetik prestatu dugu, interes anitzi erantzuteko», esan du Satrustegik. Iaz, hamabi tailer eman zituzten, baina bi ordukoak ziren. Aurten, eskaintza laburtu du. Zazpi hitzaldi emanen dituzte, baina horietatik sei lau ordukoak izango dira. Gaietan sakontzeko eta patxada handiagoz lantzeko aukera izanen dute. Horrez gain, eskaintza berria egiten ahalegindu da. Iaz parte hartu ez zuten hizlariak gonbidatu ditu, «topaketa aberasteko eta jendeari hitzaldi berriak eskaintzeko asmoarekin».

Gaur arratsaldean, 16:00etan, topaketaren parte hartzaileei harrera eginen diete. Ondoren, 18:00etan, Satrustegik berak hitzaldia emanen du: Kopiatzea idaztea da. Bihar goizean, 10:00etan, bi jarduera izango dituzte aukeran: Maite Mutuberria ilustratzaileak Idazketa mutua tailerra emanen du, eta Angel Erro idazleak, berriz, Poema onak idaztea erraza da. Larunbatean hiru hitzaldi antolatu dituzte. Uxue Alberdi Estibarrizek, 10:00etan, Apunteak idazketaz solasaldia emanen du. Arratsaldean, berriz ere, bi hitzaldi aukeratzeko parada egonen da. Lizar Begoña poeta eta eleberrigileak Leku bat inon (ez) gidatuko du. Uxue Apaolaza irakasle eta idazleak, berriz, Knock-out (ipuinekin jolasean) solasaldia.

Kopiatzearen estrategia

Antolatzailearen gaurko lehen hitzaldiari dagokionez —Kopiatzea idaztea da—, dena asmatuta dagoela diote askok. Zerbait berria, desberdina, apartakoa egitea kasik ezinezkoa dela. Hori egia izan ala ez, Satrustegik argi du ez dela berrikuntzarik egin behar idatzi ahal izateko. Bide horretatik, kopiatzearen baliabidea nabarmendu du Satrustegik. «Azkenaldian asko irakurri dut idazketaren inguruan, eta askok errepikatzen dute kopiatzea estrategia on bat dela». Uste du modu naturalean eta automatikoan gertatzen den zerbait dela. Asko irakurtzen den hori barneratzen dela, eta kopiatzea aukera bat izan daitekeela. Betiere, bakoitzak bere ahotsera eta estilora moldatuz. «Gustatu zaizun testu bat izan daiteke zure testu propioaren abiapuntu».

Hori guztia lantzeko partaideek testu bana eramango dute. Elkarrekin aztertuko dute idatzitakoa; testuaren ezaugarriak, gustatu zaiena, aldatuko luketena... Hortik abiatuta, jolasen bitartez eta testuak trukatuz, gauzak eransten eta testuak moldatzen arituko dira.

Nafarroaren Gaztediaren Institutuak, iaz, aurrekontu parte hartzaileak aurkeztu zituen, eta horren bitartez finantzatu zuten proiektua. Oraingoan ere erakundearen diru laguntzarekin antolatu dute. Aurten, iaz ez bezala, gaztelaniaz ere egiteko asmoa zuten. Duela hiru aste egitekoa zen, baina jende faltagatik ez zen talderik atera. Hala ere, beste data baten bila ari dira, egiteko asmoarekin.

Luma zorrozteko gune bat izateaz gain, beldurra kentzeko tokia ere izatea espero du Satrustegik. Izan ere, segurtasun faltarekin-edo, lotsaz joaten dira asko. «Jendea gustura sentitzen bada, horrekin bakarrik, pozik egongo naiz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.