Ezarian. Barricadaren agurra

Lubakiko azken musikariak

Taldea desegitea erabaki dute Barricadakoek, 31 urteko ibilbidea egin eta 24 disko kaleratu ostean. Iruñeko Anaitasuna kiroldegian egingo dute azken emanaldia, azaroaren 23an.

Barricadak iaz Donostian emandako kontzertu bat, Drogasek taldea utzi ostekoa. BERRIA.
Inigo Astiz
2013ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Ave María batekin hasten da dena. 1982ko apirilaren 8a da. Hiru mutil gazte igo dira Iruñean Txantrea auzoan iganderoko azokan jarri ohi den oholtzara. Javier Hernandez Boni gitarra jotzailea, Jose Landa bateria jotzailea eta Enrique Villarreal Drogas abeslari eta baxu jotzailea. Lehen aldia dute elkarrekin. Kapa bat darama Drogasek, eta burezur bat atera du haren azpitik. Orduan hasi du bere errezo bitxia. Erreberentzia handirik gabe. Hasi da Barricada. Abian da Euskal Herrian rockak izan duen talderik sendo eta ezagunenenetariko bat. 31 urte joan dira geroztik: kaleratutako 24 disko, mila kontzertu baino gehiago, eta baita hainbat taldekide aldaketa ere. Eutsi egin diote nafarrek, ordea, orain arte. Baita 2011n Drogasek taldea utziko zuela erabaki eta gero ere. Aurrera jarraitzea erabaki zuten orduan Bonik eta Alfredo Piedrafitak, baina akabo. Taldearen ibilbidea etetea erabaki dute orain, eta azaroaren 23an emango dute beren azken emanaldia, Iruñean, Anaitasuna kiroldegian. Amaitu da Barricada.

Arazo pertsonalak. Arrazoi hori aipatu dute taldekideek, baina azaldu dituzte agurraren ñabardura gehiago ere. Bonirena izan da berez taldea uzteko erabakia, eta horregatik erabaki dute besteek taldea desegitea. Proiektu berri batean murgildu nahi duela adierazi du gitarra jotzaileak eskutitz baten bidez, eta horregatik dator agurra. Agur hunkigarria. «Barricada ez da sekula desagertuko, rockak, uzten dituen lorratz ezabaezinei esker, ez lurruntzeko bertutea duelako». Esker ona ere agertu nahi izan die jarraitzaileei. Piedrafitak erabakia giro onean hartu dutela nabarmendu du, eta ez du etorkizunean berriz elkartzeko aukera baztertu. «Egunen batean berriz elkartzeko gogoa badugu, elkartuko gara». Zurrumurrua bazebilen lehenago, eta atzo baieztatu zuten agurra.

Handia izan da Iruñeko laukotearen itzala, eta asko dira haren eragina aitortu duten musikariak. Ezaguna da, adibidez, Kutxi Romero Berriozarko Marea taldeko abeslariaren esaldia. «Barri maite ez duenak ez du bere ama maite». Fernando Garaioa kazetariak beste hitz batzuk erabili ditu, baina antzekoa da haren mezua ere. «Sekulako gauzak lortu ditu talde honek, eta rocka ulertzeko eta rocka egiteko modu berezi bat da utzi diguten ondare nagusia. Kalean bizi izan dutena eraman dute oholtzara, eta lortu dute kaleko jendearen kezka eta sentimenduak adieraztea». Taldeari buruzko ElectriKaos liburuaren idazlea da, eta ongi ezagutzen du laukotearen historia ere. Adibide bat jartzen du. «Bigarren diskoa kaleratzean, Madrilen Canciller aretotik bizkar gainean atera zituen jendeak, eta hala eraman zituzten hoteleraino».

Rock kanta zuzenek eta hitz poetiko bezain gordinen uztarketak nortasun berezia eman dio taldeari hasieratik. Mikel Astrainek hartu zuen bateriaren ardura bigarren kontzertua hasterako, eta 1983an kaleratu zuten beren lehen lana: Esta es una noche de rock & roll. Drogas, Boni, Astrain eta Sergio Osesek osatzen zuten laukotea orduan, baina Osesek soldadutza egin behar, eta Alfredo Piedrafita gitarra jotzailea sartu zen haren ordez. Eta geroztik bera da Drogas eta Bonirekin batera Barricadan denbora gehien eman duen musikaria. Ez zen hori izango taldekide aldaketa bakarra, ordea, eta ezta aldaketarik zailena ere. 1984an Astrainek garun isuri bat izan zuen kontzertu batean, eta urgentziaz operatu zuten; bi egunera hil zen. Kolpe gogorra izan zen, baina Fernando Coronadok hartu zuen haren lekua, eta harekin grabatu zuten bigarren diskoa: Barrio conflictivo.

Zentsura eta mehatxuak

Gora egin zuten hiru urteren buruan, No hay tregua diskoarekin, eta ordukoa da hain ezagun egin den leloa ere. «Es el juego del gato y el ratón/ tus mejores años clandestinidad» (Saguaren eta katuaren jolasa da./ Zure urterik onenak klandestinitatean...). Hainbat kanta zentsuratzen ere saiatu ziren RCA diskoetxeko arduradunak, baina guztiak atera ahal izan zituzten azkenik. Etxez aldatzea erabaki arren, ordea, ez zuten zentsuraren itzala erabat baztertzerik lortu. Polygram Iberia etxeak zentsuratu egin zien Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kideren hilketari buruz ari zen Bahía de Paisaia abestia. Eta gauza bera gertatu zitzaien En nombre de Dios kantarekin. Garaioak kontatu du gertatutakoa: «Diskoetxe hartako bi zuzendariri labanaz mehatxu egitera heldu zen Drogas, diskotik kanta hura kendu zutelako».

Apurtzailea izan zen taldea, kazetariaren hitzetan. «Gerora talde askok landu zuten bide bera, baina Barricadakoak izan ziren lehenak rockean hiesaren gaia lantzen, drogen gaia, militarizazioarena... Batzuetan kosta egiten zaigu txapela kentzea, baina txapela kentzeko modukoa da Barricadak lortu duena: hainbat belaunaldiren soinu banda izan da».

Sona bazuten lehenago ere, baina 1991n Por instinto diskoarekin platinozko diskoa lortu zuten, eta eutsi egin zioten arrakastari Balas blancas lanarekin ere. Gero, libreago aritzea erabaki, eta salmentetan behera egin zuten La Araña eta Insolencia lanekin. Eta berriz ere gora 2000. urtean Acción directa lanarekin.

Berriz abiapuntura

Sustraiak ez zituzten ahaztu, halere. Eta 2007an beren 25. urteurrenean eskainitako kontzertua da horren froga. Emanaldi berezia egin zuten. Lehen kontzertua jo zuten leku eta ordu berean. Drogasek Ave María bitxi hura errezatu zuen plaza berean. Argi adierazi zion taldearen eboluzioa abeslariak BERRIAri: «Hasi ginelarik, gu eta gure neska-lagunak ginen. Orain, seme-alabak ere badaude tartean. Horrek nahitaez baldintzatzen zaitu, baina seinale ona da». 1936ko gerrari buruzko gogoetan zebilen ordurako Drogas, eta handik bi urtera kaleratu zuten La tierra está sorda disko kontzeptuala.

2011. urtea ere esanguratsua izan zen. Orduan utzi zuen Drogasek taldea, eta hasieratik Barricadaren aurpegi nagusia izan zena gabe jarraitu zuen Barricadak. Piedrafita, Boni, Ibon Sagarna eta Asier Izeta sartu berri zen baxu jotzailearekin. Formazio horrekin grabatu zuen taldeak estudioko azken lana: Flechas cardinales. Ateak zabalik zituztela adierazi zuen orduan Bonik. «Egunen batean Drogasek itzuli nahi duela erabakitzen badu, ongi etorria izango da». Baina hura izan da Drogasik gabeko lehen estudio lana, eta baita taldearen azkena ere. 2012an zuzenekoa kaleratu zuten: Quedan caminos por recorrer (Oraindik bide asko daude ibiltzeko).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.