Mugak ondorioak sortzen ditu hezkuntzan, hizkuntzan, ekonomian edo gizartean. Baina mugak baditu ondorio lazgarriagoak ere: Bidasoko migranteen heriotzak, adibidez. Gai horren bueltan antolatu dute aurtengo Iparra Hegoa egitasmoa Seguran (Gipuzkoa), Ipar eta Hego Euskal Herriko herritarrak batzea helburu duen aste kulturala. Muga, langa, bota, sega lelopean ospatu dute aurtengoa, eta asteburua jai giroan igaro ostean amaituko da, bihar.
Muga eraistearen beharra nabarmentzen du aurtengo leloaren hitz jokoak, Euri Albizu Iparra Hegoako kidearen esanetan: «Betidanik aldarrikatu izan dugu Euskal Herria bitan banatzen duen inposatutako muga hori ez dugula behar, eta bota egin behar dugula. Aurten, hitz joko horrekin lotu nahi izan dugu: muga edo langa bota eta sega, belarra bezala, errotik moztu behar dugula».
Aurtengo gaia zer dela-eta aukeratu duten azaldu du Albizuk: «Aurten, migranteen gaiari heldu nahi izan diogu, muga hori geroz eta ageriago geratzen ari delako, batez ere Bidasoan: jendea hiltzen ari da, eta Gipuzkoatik Lapurdira pasatzeko, sekulako arazoak daude, polizia kontrol asko...». Hain zuzen, «inposatutako muga edo langa» da haien ustez horren erantzulea eta erruduna, eta horregatik da ezinbestekoa hura botatzea».
Horren harira, hainbat hitzaldi egin dituzte aste honetan. Astelehenean, Harresia Bidasoan izenburupean, Gipuzkoatik Lapurdira pasatzekoan migranteek zer arazo dituzten, Irunen zer baliabide dituzten eta Baionan egoera zein den aztertu zuten, Alaine Aranburu Harrera Sareko kidearen eta Alain Larrea abokatuaren eskutik. Asteartean, berriz, Euskal Herria eta migratzaileak izeneko hitzaldia izan zuten, eta Euskal Herrian bertan gertatutako migrazio mugimenduez aritu ziren Anaitze Agirre SOS Arrazakeriako kidea eta Ane Urizar Huheziko irakaslea.
Gaiarekin lotuta, kulturartekotasuna lantzeko, sukaldaritza tailer bat egin zuten asteazkenean. Sidi Mohamed Azaoui eta Garazi Hach Embarekek Saharako jakiak prestatu zituzten. Rquia eta Samira Aksasek, berriz, Marokoko platerak kozinatu zituzten. Seguran eta Ormaiztegin (Gipuzkoa) bizi dira, hurrenez hurren. «Beste urte batzuetan, sukaldaritza tailer edo dastaketa hori Ipar eta Hego Euskal Herriko hainbat sukaldariren artekoa izaten zen, baina, aurten, iruditu zaigu, gaiari lotuta, haiei esan behar geniela», azaldu du Albizuk.
Harremanak sendotzea da Iparra Hegoaren beste ardatzetako bat, eta, hori bultzatzeko, Seguran izan dira Lapurdiko hainbat ikasle. Urruñako ikastolako haurrakegon dira bertan lehenik, astelehen eta asteartean, eta hainbat ekintza egin dituzte haiekin: talo tailerra, Segura Irratira bisita, jolasak, bazkaria... «Oso harreman polita lortzen dute, eta Segurako umeak ere maiatzean edo ekainean Urruñara joango dira, harreman hori mantentzen saiatzeko. Gertu gauden arren, bakoitzaren errealitatea ezagutzeko aukera izango dute, eta horrela ere sendotzen dira harremanak».
Atzo eta herenegun, berriz, Baionako Etxepare Lizeoko haurrak izan dituzte bisitan. Besteak beste, Lazkaoko (Gipuzkoa) Beneditarren artxiboa bisitatu dute, eta CAF enpresara joan dira, haien etorkizuneko ikasketei eta praktikei begira. «Etxepareko lizeoko ikasleek ere lan handia egiten dute, asko inplikatzen dira», antolatzailearen hitzean.
Asteburuan, festa
Festa giroan murgilduko dira gaur eta bihar, aste kulturalari amaiera emateko. Gaur, besteak beste, mendi ibilaldia, pilota partidak, herri bazkaria eta Kontrabanda eta Odeiren kontzertuak izango dira. Baina aldarrikapenerako tartea ere hartuko dute, 18:00etan manifestazioa egingo baitute azterketak euskaraz egin ahal izatea aldarrikatzeko: «Behin eta berriz aldarrikatzen dugu, Etxeparekoekin batera, azterketek euskaraz izan behar dutela. Brebeta lortu dute euskaraz egitea, baina baxoa oraindik ez, eta aprobetxatuko dugu larunbat arratsaldean manifestazioa egiteko, lelo horrekin». Horrekin batera, euskalgintzak apirilaren 22rako Baionan deitutako manifestaziora joateko deia zabalduko dute.
Bihar, berriz, Gereziondoko ekitaldia izango da ekintza nagusia, eta bertan irudikatuko dute, beste urte batez, Ipar zein Hego Euskal Herriko herritarren «senidetza eta batasuna». Ekitaldian, landutako gaiarekin lotutako gonbidatuak izaten dituzte, eta, aurten, Bidasoa Etorkinekin taldeko eta Irungo harrera elkarteko kideek hartuko dute hitza.Bertan izango dira Udalbiltzako hautetsiak eta eskualdeko hainbat alkate ere. Balantza taldearen dantzaldiarekin emango diote amaiera aste kulturalari.
Seguran errotuta dagoen jaia da Iparra Hegoa, Albizuren irudiko. 26 urtez antolatu dute herrian, eta talde txiki bat egiten hasi zenak «garrantzi handia» dauka gaur egun. Guztira, 200 eta 250 lagun artean aritzen dira boluntario lanetan, egitasmoa posible izan dadin. «Bai ume, gazte, heldu... herritarrentzat jai nagusi bat da, herrian gogoz bizi dena, baina denen lanarekin aurrera ateratzen dena», laburtu du antolatzaileak.
Loturak estutu, mugak eraitsiz
Bidasoko migratzaileen heriotzak landu dituzte aurten Iparra Hegoa egitasmoan, eta, beste behin, muga eraisteko beharra aldarrikatu dute. Bihar amaituko da, Gereziondoko ekitaldiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu