Lotsatien mendekua

Nafarroako ikastetxeetan antolatzen duten mikro-ipuin lehiaketan sariak banatzeko ekitaldia egin dute Biurdana institutuan, Gorka Urbizu musikariarekin.

iruñeko Biurdana ikastetxeko ikasle batzuk atzoko ekitaldian, eskuinetara Gorka Urbizu musikaria begira dutela. IÑIGO URIZ/ ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2012ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Handia behar du sortzaileak formatu txikian eroso aritu ahal izateko. Ez da erraza, baina hitz gutxirekin bada zerbait ederra sortzerik. Adibide bat: «Hartu nuen arkatza, hartu nuen papera, idatzi nuen mezua eta botilan sartu nuen. Orain itsasoa falta zait». 15 urte ditu hamazazpi hitz horiek idatzi dituenak. Unai Aierra du izena, Iruñeko Biurdana institutuan ikasten du, eta Mezua izenburua jarri dio kontakizunari. Saritu egin zuten atzo horregatik. Euskara Kultur Elkargoak eta Pamiela argitaletxeak Biurdana ikastetxean egin zuten VI. Mikro-ipuin Lehiaketako sari banaketa, eta Gorka Urbizu musikaria bertan izan zen, sarituak zoriondu eta pare bat kanta eskaintzen.

Salbuespen eguna zen atzokoa ikastetxean, eta nabaria zen hori Aingeru Epaltza izeneko aretoa leporaino betetzen zuten ikasleen artean. Agerikoak ziren txantxa gogoa, zarata gosea eta adarra jo nahia. Saritutako ikasleak taula gainean lotsati, beren ahotsak doi-doi mikrofonora hurbilduz, beren mikro-ipuinak irakurtzeko. Isiltasuna eskatzen aritu behar izan zuten irakasleek sari banaketa osoan. Ez, ordea, Urbizuk gitarra hartu zuenean: akorde batzuk, eta denak adi hark zer esango. «Poesia lotsatien mendekua zela esan zuen poeta poloniar batek. Adam Zagajewski izan zela uste dut. Ni ere bat nator ideia horrekin. Poesia, edo musika, edo mikro-ipuinak; sorkuntza bada lotsationtzako mendeku moduko bat».

Sorkuntza horren beharra azpimarratu zuen, hain zuzen ere, Jose Angel Irigarai poeta eta Pamielako kideak. «Ez hartu lan hauek eskolako lan gisa; bestela, badirudi euskara eskolako kontu bat baino ez dela. Mikro-ipuinak sorkuntza lan bat dira, bizitzen laguntzen diguten zerbait». Javier Mangado ikastetxeko zuzendariak ere eskaera bat egin zien ikasleei: «Hurrengo euskaragileak zuek zarete; mesedez, jarraitu idazten». Ikasleak festa gogoz ziren. Salbuespen eguna zela-eta, pozik, eskoletatik kanpo, behintzat. Taula gainera gitarrekin igotako ikaskideekin kantuan orain, saritutako lan bakoitzari txaloka gero; zalapartan. Urbizuri argazki eske, dena amaitzean.

Itxaso Aldazek jaso zuen Lehen Hezkuntzako sari nagusia, Kilimak izeneko ipuinagatik, eta Evan Descalzok, Noelia Almandozek eta Amets Artiedak ere ohorezko aipamena jaso zuten, Aingeru Epaltza idazleak, Inma Errea itzultzaileak, Toño Muro irakasle eta ikertzaileak eta Angel Erro poetak osatutako epai-mahaiak emana. DBHko sari nagusia Aierrak jaso zuen, eta ohorezko aipamen bana jaso zuten Ramuntxo Albistur, Jon Corres eta Maria Sarioren idazlanek.

Lehiaketa erraldoia

Handituz doa lehiaketa urtez urte. «Ipuinak bai, txikiak dira, baina lehiaketa erraldoi bilakatzen ari da», azaldu zuen atzo Malen Eugi EKEko kideak. Gorakada nabarmena ageri dute datuek: aurten, 1.378 ipuin jaso dituzte guztira, Nafarroa osoko 68 ikastetxetatik. Gainera, A ereduko ikasleentzako sari berezi bat sortu dute aurten, eta horrek animatu egin ditu eredu horretako ikasleak ere lehiaketan parte hartzera. Horregatik. Martzillan egin zuten, aurreko astean, A eredukoentzako sari banaketa.

Iruñeko Gazteluko plazan izango den XI. Liburu Azokarako argitaratuko dute liburuxka saritutako guztien testuekin. Urbizuk ere idatziko du testu bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.