Lotsa ere patriarkala da

Lotsak eragin handia du identitateen eraikuntzan; are gehiago menpeko identitateenean. Hori pairatu eta ikertu dutenek azaldu dutenez, zapaldutako gorputzak kontrolatzeko baliatzen dute lotsa gizarteko egiturek.

LOTSA
IRATI PELUAGA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko otsailaren 17a
05:00
Entzun

«Lotsa da umiliatua sentitu/ baina ostera ere ez sentitzeko nahia/ lotsa da zarena edo hobe/ izan nahi ez duzuna baina bazarena». Horrela definitu du lotsa Mari Luz Esteban antropologo feministak Haragizko erreformak liburuko Lotsatzearen artea olerkian. Lotsatuta dagoena, lotsarazi dutena eta lotsatia dena krokodilo baten haginen artean nola, hala sentitu ohi da: ihes egin ezinda. Hala ere, hagin zorrotzetan harrapatutakoek, elkartuta eta elkar aitortuta, koska saihestu dezakete, eta ahotik atera. Lotsa ere patriarkala da, eta feminismoa da hari aurre egiteko eskola.

Lotsa emozio bat da, eta ez edonolakoa. Aditu gehienek pozaren eta haserrearen parean kokatzen dute, eta gizakien emozio nagusitzat jotzen dute. Pertsonen identitatearen eraikuntzan rol garrantzitsua du, eta giltzarria da menpeko identitateen sorreran. Lotsa bizipen askorekin lotu daiteke; besteak beste, hauekin: «Duintasuna galtzearekin, akatsekin, agerian gelditzearekin, huts egitearekin, jendaurrearekin, enbarazu egitearekin, perfekzioarekin…». Horiekin lotzen du lotsa, behintzat, Izaro Andres abeslariak.

«Bestearen begiradaren aurrean, subjektuak sentitzen du zerbait gaizki egin duela, eta denbora tarte batez komunikazioa eten egiten da. Horren ondorioz, ezkutatu nahi du, baina, aldi berean, lotura hori berrezarri nahi du». Horrelakoa da lotsaren bizipena, Estebanek azaldu duenez. Ezin Kabitu taldeko kidea da Itziar Reguero Fernandez de Arangiz, lodifobiaren aurkako ekintzailea. Nabarmendu du pertsonak «zerbait ezkutatzera» eramaten dituen emozio bat dela lotsa: «Zergatik ezkutatzen dugu? Ez ezkutatzeak ondorioak dakartzalako. Lotsaren ondorio nagusia eta kezkagarriena da botere paralizatzailea daukala. Lotsak galarazi egiten digu gauza batzuk egitea, eta geldiarazi egiten gaitu, ondorioen beldur garelako. Lotsa kontrol mekanismo bat da».

Estebanek nabarmendu du lotsaren bidez menpekotasuna finkatu eta sendotu egiten dela, eta, horregatik, garrantzitsua dela genero desberdinkeriez pentsatzeko: «Lotsak paper garrantzitsua dauka emakume moduan izendatuak izan garenok menpeko subjektu bihurtzeko. Gu geu izateko edo gizartean beste gauza batzuk egiteko bidea ukatzen zaigu lotsaren bidez».

Horren eragina nabari du Andresek, eta azaldu du lotsak perfekzionista egin duela: «Lotsak bultzatu nau etengabe atsegin ematera. Inori enbarazurik ez egitera, erakargarria izatera, baina ez gehiegi, indartsua izatera, baina ez gehiegi, inozoarena egitera ondoko gizona iraindua sentitu ez dadin, nire talentuak pixka bat ezereztera eta ezkutatzera ingurukoak gutxiago ez sentitzeko, baina gero lana bider bi egitera».

Menpekotasuna

Estebanek nabarmendu du lotsak arautzen duela emakumeak zer diren eta zer izan daitezkeen: lotsaren bidez mugak ezartzen dizkiete, eta menpeko posizio batean kokatzen ditu. Hainbat arlotan ezartzen diete lotsa andreei, hainbat arlotan lotsarazten dituzte: ugaltze fisiologian eta fisiologia sexualean, sexualitatean, gorputz irudian... «Nolabait, emakume —komatxo artean— egiten gaituzten arlo horietan».

Andresek nabarmendu du menstruazioagatik lotsatuta sentitu izan dela; adibidez, nerabea zenean: «Ikasturte oso batez jertse bat eraman nuen gerrian lotuta. Fluxu dexente izan nuen ikasturte horretan, eta izugarrizko lotsa ematen zidan praka momenturen batean pixka bat bustitzeak. Beldurra, izua». Gaineratu du «gauza asko» ulertu zituela behin supermerkatuan orbanak garbitzeko produktu baten bila ari zela: «Mutil gazte bi zeuden zehazki nik behar nuen produktuaren parean. Produktu guztietan odola agertzen zen, ezta? Eta mutil batek besteari esan zion: ‘Jode, denean odola? Hainbeste hiltzaile daude gure artean, ezen odolarentzako produktuak egin behar dituzten beren-beregi?’. Ulertu nuen munduaren erdiak ezkutuan izaten dugula hilekoa, eta hilekoa izaten dugun berberok garela izarak eta arropak garbitzen ditugunak. Hor ere badago enbarazurik ez egitearen eta zikina izatearen lotsa».

Estebanek erantsi du lotsak ere zeharkatzen duela emakumeek jendaurrean hitz egiteko duten ahalmena eta eskubidea. Horri dagokionez, Andresek badu zeresana. Oholtzan, adibidez, ez du lotsarik: «Oholtzak eman dit toki libre bat oholtzatik kanpo gutxitan daukadana. Bertan hedatu naiteke nahi dudan beste, eta ez naiz horregatik epaitua sentitzen; are gehiago, sentitzen dut ospatu egiten dela hedapen hori». Hala ere, lotsak mediatikoki estutu duela aitortu du: «Esan nahi duzunaren eta gero mediatikoki esan duzula kontatzen dutenaren arteko amildegiak aktibatzen du nire lotsa. Norbere autokontzeptua besteek ere idazten dutenean ez da erraza axolarik ez izatea».

Izan ere, lotsa harreman batean oinarritu behar da. Horregatik, lotsatu denak lotsarazi dutelako sentitu du lotsa. Hau da: «Guztiz erlazionala da: alde bat behar duzu bestea egoteko. Pertsona bat lotsatzeko egon behar da lotsaraziko duen beste bat», azaldu du Reguerok. Harreman hori menpekotasunean oinarritu ohi da. Estebanek gehitu du lotsarazteko prozesuan ez dutela bi aldeek egon behar; indarkeria hori sinbolikoa dela, alegia: «Lotsaren bidez esaten zaiguna da gure gorputzak eta gure sexualitatea ez direla nahikoa: beti izango zara bigarren mailako pertsona bat. Modu bat da botere harremanak finkatzeko: boterea erakusteko modu bat da lotsaraztea».

Horri «lotsaren tirania» deitu dio Andresek. Nabarmendu du emakumeek bizi dutela, eta gizonek ez: «Horrek gizonari ematen dio zaindua izateko pribilegioa, eta niri zaintzeko kondena».

Nor lotsatzen da? Nork lotsarazten du? Gizarteko denetariko zapalkuntzak agerian uzten ditu lotsak, Estebanen arabera: «Aztertzen baditugu menpeko gizaki moduan lotsa sentitzen dugun une horiek, oso ondo seinalatzen dugu non dauden sistema baten giltzadurak, arazoak, korapiloak. Lotsa momentu horiek oso ondo erakusten dute non dauden sistema sozial eta politiko baten mugak. Normalean, lotsa menpekoak sentitzen du, ez boteretsuak».

Lodien lotsa

«Lodiok eta lotsak harreman estua daukagu». Reguerok azaldu du binarismoaren, heterosexualitatearen eta patriarkatuaren moduan, argaltasunaren existentzia, pisuzentrismoa eta lodifobia ere kontrol sistemak direla: «Lodifobia lodiok lodi izate hutsagatik jasaten dugun indarkeria eta zapalkuntza da. Zapalkuntza hau egiturazkoa da, eta gure bizitzako alor guztietan eragiten digu».

Azaldu du morala dagoela lodifobiaren eta argaltasunaren sistemaren oinarrian, eta dikotomia baten bidez antolatzen dela zapalketa: «Moral horrek esaten du gorputz zuzenak eta gorputz okerrak daudela. Lodifobiak gehien eragiten dien subjektuak batez ere emakume bezala irakurtzen ditugun horiek dira. Gorputz zuzena lortu nahi horretan, bide horretan, kontrolatu egiten dituzte». Patriarkatuari eta sistema heterosexualari kolonialismoa eta kapitalismoa ere gehitu dakizkieke: «Gorputz zuzenaren ideia sortzen dute guztiek, eta gorputz zuzen horrek izan behar du zuria, argala, ekoizteko balio behar du, izan behar da garbia, liraina, heterosexuala. Horren guztiaren kontrara, gorputz okerra izango litzateke lodia, itsusia, gaixoa, zikina, beldurgarria eta lotsagarria den hori».

Arautik at egoteak botere lotsatzailea dauka, Reguerok azaldu duenez: «Hori zergatik gertatzen da? Lotsa ematen diguten gauzak egiten ditugunean jasaten dugulako indarkeria. Hau da, nola ez dit lotsa emango jendaurrean jateak, irainduko banaute? Nola ez dit lotsa emango kirola egiteak, nire txitxiak mugitzen badira barre egiten badidate? Lodiekin gertatzen dena da lotsatzen gaituen hori ezin dugula ezkutatu: gure gorputza beti da ikusgarria. Horrek garamatza gutaz eta gure gorputzaz lotsatzera».

Gainera, Reguerok zehaztu du gorputza ez dela fisikoa bakarrik, baizik eta horren inguruan eraikitako iruditeria guztia: «Gorputz oker horren gainean iruditeria bat dago: lodiok itsusiak gara, ez gara desiragarriak, nagiak gara, ez dugu kirolik egiten, pila bat jaten dugu... Iruditeria oso gogor bat eraiki dute horren gainean, eta, horregatik, gure gizartean lodi izateko modu bakarra dago». Ohartarazi du horrek pertsona lodi asko «konplazentzia eta konpentsazio dinamika batzuetara» eraman dituela.

Ahalduntzeko tresna

Hala ere, Lila Abu-Lughod antropologoa aipatuta, nabarmendu du zapalkuntza dagoen lekuan erresistentzia dagoela. Horren harira, Estebanek nabarmendu du lotsa ahalduntzeko tresna gisa baliatu daitekeela: «Lotsa erabili daiteke erresistentziarako, lotsa berresanguratu daiteke eta bihurtu daiteke aldaketarako ikur. Oso ohikoa da literatura feministan eta literatura queer-ean: menpeko subjektuak hitza hartzen du, eta buelta ematen dio esperientzia horri. Modu bat izan daiteke ikerketak egitea, testuak idaztea, jendaurrean hitz egitea».

Reguerok nabarmendu du lotsa intimitatearekin eta indibidualtasunarekin lotuta dagoela, eta talde bat bilatzea «oso garrantzitsua» dela: «Berdinen artean elkartzea eta berdinek elkar aitortzea ahalduntzeko bide bat da. Militantzia bide bat da, baina lagun lodiak egitea ere bai. Berdinen artean elkar aitortzera eramaten gaitu horrek, eta ahalduntzen gaitu bai edo bai». Andresentzat garrantzitsuena hitz egitea da: «Inguru osasuntsu bat eraikitzea ganorazko jendearekin».

Estebanek garrantzia eman dio irain moduan erabili izan diren hainbat termino berresanguratzeari, posizio azpiratua finkatzeko erabiltzen diren terminoak, alegia: bollera eta maritxu, kasurako.

Finean, lotsagabe izateari balioa eman dio Estebanek: «Ahalduntzeko modu bat izan daiteke, norbere identitatea baieztatzeko eta ni-a ahalduntzeko, baita ideologia soziala salatzeko ere». Hori modu askotan esan daiteke, eta honela dio Estebanek Lotsatzearen artea olerkian: «Lotsa da begirada jausia, zirkuitulaburra/ lotsa da harreman batean etena/ jabetu arte lotsa dela antzezpena/ jabetu arte norberaren lotsak/ seinalatzen duela/ non dagoen diferentzia/ zein den sistemaren giltzadura/ jabetu arte lotsa dela/ bestea lotsarazteko aukera paregabea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.