Andone Ruiz. Ikastolako zuzendaria

«Lortutakoaren arabera ikusiko dugu nola heldu proiektuari»

Asier Arrate Iruskieta.
2018ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Ibilaldiko biharamuna pasatuta, normaltasunera itzuli nahian dabil Andone Ruiz Bihotz Gaztea ikastolako zuzendaria (Oñati, Gipuzkoa, 1963). Azken balorazioa egitea falta da, baina jakinarazi du ikastolak ezarritako helburu guztiak bete dituztela urtebeteko lan gogorrari esker.

Zer iritzi duzu igandeko Ibilaldiaz?

Oso gustura gaude jendearen erantzunarekin. Oraindik garraio publikoko datuen zain gaude jakiteko zehazki zenbat pertsona etorri ziren, baina esan dezaket jende pila batek erantzun ziola gure deiari eta Santurtziko kaleek gainezka egin zutela. Herriko kaleetan ez zen inor gehiago kabitzen. Giroa ere aparta izan zen, nahiz eta horrenbeste jende biltzen direnetan beti dagoen zerbait gerta daitekeen beldurra. Lan handia izan da, baina oso zapore ona utzi digu.

Helburu guztiak bete dituzue?

Oraindik azken balorazioa falta zaigu, baina esango nuke baietz.Alde batetik, euskara indartzea geneukan helburu, eta, herriarekin egindako lan handiari esker, lortu dugu euskara bultzatzea. Bestetik, herriko kirol, kultur eta gizarte eragileekin elkarlana sendotu dugu: ez soilik domekan, baita urte osoan ere. Alde ekonomikoaren balorazioa falta da, baina, printzipioz, itxura ona du. Ikastola handitzeko proiektu bat dugu, eta lortutakoaren arabera ikusiko dugu nola heldu proiektuari.

Koldo Tellituk euskararen egoera larriaz ohartarazi zuen.

Argi dago lan asko dagoela egiteko euskararen erabilera bultzatzeko. Hala ere, arlo horretan lortu duguna azpimarratu behar dugu. Ibilbideko guneetan euskara asko entzun zen, eta jendeak izugarrizko inplikazioa erakutsi zuen. Hori oso positiboa da. Herriak eta ikastolak bat egin genuen, eta ez dut zalantzarik elkarlan horrek fruituak emango dituela.

Herriko eragileekin lortutako harremanak zertan lagunduko du?

Hemendik aurrera, ikastolan barrura begira lan egin beharrean, herriarekin batera ere egingo dugu: elkarlana da Santurtzin euskararen erabilera indartzeko bidea. Argi dugu bai guk eta bai herriko eragileek. Prest gaude elkarlanarekin jarraitzeko, beraz, beste erronka bat daukagu aurretik ikasgeletan zein kalean.

Ibilaldiek jende asko mugiarazten dute. Nola egin diozu aurre horrek sortzen duen trafikoari eta hondakinei?

Jaiaren iraunkortasuna lortu nahi izan dugu, eta emaitza onak lortu ditugu. Garraio publikoaren erabilera sustatu genuen, eta jendeak deialdiari kasu egin dio. Hondakinei dagokienez, onartu behar da jaian ibilitako jendetzak zabor ugari sortu zuela eta lan handia egon dela. Hala ere, gai izan gara ahalik eta azkarrena normaltasunera bueltatzeko, eta balorazioa positiboa da. Uste dut oraindik ikasi behar dugula jaiak ospatzen hainbeste arrasto utzi gabe.

Ikasleek nola bizi izan dute esperientzia?

Ikasleak amets batean daude. Aukera izan dute beraien ekarpena egiteko jaiari, eta hori oso esperientzia esanguratsua izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.