Hirietarako bidaiak (III). New York

Lorik egiten ez duen hiria

Parkeak, museoak, kontzertuetarako aretoak, eraikinak... milaka toki daude ikusteko New Yorken. Sasoi guztietan da ederra hiria; baina, batez ere, udaberria eta udazkena dira bisitatzeko urtaro aproposak.

New York
2013ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
New Yorkera lehen aldiz joandakoan, film batean bezala sentitzen da bisitaria. Hainbeste alditan telebistan edo zineman ikusitako lekuak ezagun egiten zaizkio bidaiariari. Baina ametsen hiriak ezkutuan toki ezezagun asko gordetzen ditu, eta haiek aurkitzea da hartu beharreko lana.

Urte sasoi guztietan da ederra New York: neguan hotz handia egiten du, eta udan, bero handia. Eguberriak benetan bereziak izaten dira hirian. Baina, zalantzarik gabe, udaberria eta udazkena dira joateko urtarorik aproposenak.

Hegaldi asko daude hirira. Bilbotik aukera bat baino gehiago izaten da. Eta garaiz ibilita, prezio nahiko onak eskuratu litezke. Astebeteko egonaldia ondo dago, baina gehixeago luzatzeko modua bada, hobe!

Hotel, apartamentu, Bed and breakfast edo hostel-en eskaintza izugarria egiten du New Yorkek. Baina orokorrean ez da leku merkea. Hirian barrena mugitzeko, metro txartela erostea da onena. Asfalto azpian goian adinako bizia du hiriak. 24 orduz etenik gabe dabilen munduko metro bakarra da New Yorkekoa. Baina argi ibili beharra izaten da egiten dituzten ibilbide aldaketekin, batez ere asteburuetan. Oro har, segurua da hiria, ohiko neurriak hartuz gero.

Hirian kokatzea erraza da, batez ere Manhattanen: kalearen zenbakia eta etorbidea kontuan hartu besterik ez da egin behar. Baina, bestela, nahikoa da hiriko mapa zabaltzea segundo gutxitan norbait laguntzera inguratzeko! New Yorkeko hiritarra horretara ohituta dago, eta oso adeitsua izan ohi da.

1. Downtown

Manhattango irlaren behealdea etxe orratzez josita dago. Han zeuden dorre bikiak ere. Haiek utzitako hutsunea nabarmena da, eta haraino inguratzen den bisitariak gogoan iltzaturik daukan bi hegazkinen kolpea irudikatzea kasik automatikoa da. Gaur egun egina dagoen Oroimenerako Museora sartzeko, sarrerak eskuratu behar dira (2 dolar pertsonako). Internet bidez hartzeak eta norberak inprimatuta eramateak denbora asko aurrezten dute (www.911memorial.org).

Segurtasun neurri handipean Wall Streeteko burtsako ateraino inguratu liteke bisitaria. Arratsaldeko bostak aldera, inguru horretan dauden bulegoetatik milaka eta milaka langile kalera nola ateratzen diren ikusteak atentzioa ematen du. Kaleek inurritegien antza hartzen dute.

Hudson ibaiaren ertzean egina dagoen paseorako parkeak Battery Park du izena. Bertan dauden zuhaitzen itzala eskertu egiten da udan. East Riverren, berriz, itsas portu zahar berritua dago Brooklyni begira, (www.southstreetseaport.com). Otordua egiteko edo zerbait edateko toki aproposa da.

Askatasunaren estatua ikustera joan nahi duenak ere Manhattanen punta honetara jo beharko du: bertatik ateratzen dira itsasontziak. Baita garai batean AEBetara sartu aurretik etorkinek 40 egun pasatu behar izaten zuten Ellis Islandera ere. Bi bidaia horietarako ordaindu egin behar da, baina bada Askatasunaren estatua gertu samarretik ikusteko doako modua: Manhattandik Staten Islandera doan ferrya hartzea. 20 minutuko bidea da alde banatara (www.siferry.com).

2. Brooklyngo zubia

Munduko zubirik ezagunenetako bat da Brooklyngoa, eta egunero milaka turistek bisitatzen dute. Kontuz ibili behar da bizikletekin, bidegorria oinezkoen pasealekuaren parean doa eta.

Zubira udaletxearen paretik sartzen da. Pauso lasaian bidea eginez, tarteka geratu eta atzera begiratzea komeni da. Manhattango behealdeko eraikin garaiak ikusten dira. Zubiaren erditik ateratzen dira argazkirik ederrenak. Bai alde batera eta bai bestera.

Behin zubiaren erdian egonda, jende asko etorritako bidetik bueltatzen da berriro Manhattanera, baina komenigarria da oso zubia erabat gurutzatu eta Brooklyn zapaltzea. Zubiaren eskuinaldean zoragarri prestatuta daukaten Promenade izeneko ibai ertzetik Downtowni begiratzea bezalakorik ez dago.

Zeru urdina eta eguzkitsua bada, eguzkia eraikin handien atzean nola ezkutatzen den ikustea merezi du. Ondoren, Brooklyn eta Manhattan zubien artean dagoen Dumbo deiturikora joatea bezalakorik ez dago (www.dumbonyc.com).

Pedros izeneko jatetxe taberna mexikarrean zerbait edanez edo janez ilunabarrarari itxaron, eta orduan, bi zubien artetik Manhattani begiratu. Memorian geratzen da Manhattan argiztatuaren argazkia.

3. Harlem

Film askotan ikusten den Harlem arriskutsu hartatik apenas geratzen den ezer gaur egun. Toki seguru, eder eta historiaz betetakoa aurkituko du bisitariak. Azken urteetan gehien aldatu den auzoetako bat da Harlem.

Mendebaldeko eta Erdialdeko Harlemen, afroamerikarrak bizi dira gehienbat. Eta ekialdeakoari Harlem espainiarra deitzen zaio (Spanish Harlem).

Igande goizetan Gospel meza ikustera eta entzutera doazen bisitariek bete egiten dute auzoa. 130. kalean, 5.aren eta Madison etorbideen artean dagoen Kelly Temple Church of God izan liteke joateko toki lasai eta gomendagarri bat. Hamaikak laurden gutxiagotarako bertara inguratuta, nahikoa.

Ordubete ingurura, eliza utzi eta brunch-a egitera joateko garaia izaten da. Brunch-a gosaria eta bazkaria elkartuta egiten den otordua da (breakfast eta lunch). Larunbat eta igandeetan zaleak dira estatubatuarrak hori egiten. Harlem Tavern (www.harlemtavern.com) izan liteke toki egokia eta Benedict erara prestatutako arrautzak aukera goxo bat dira (eggs benedict).

Apollo aretoa da ikusi beharreko bestea: ez beti, baina zenbait igandetan irekita egoten da eta barrua ikusteko modua izaten da. Abeslari beltz handi gehienak pasatu dira bertako oholtza gainetik, eta hura izan da New Yorken eta AEBetan izan diren giza eskubideen aldaketen testigu (www.apollotheater.org).

Asteazken iluntzetan, berriz, amateurren gaua egitean da. 25 dolarrengatik (18,6 euro), etorkizunean artista handiak izan litezkeenak ikusteko parada dago.

4. New York berdea

Central Park da hiriko birika handienetakoa. Astegunak lasaiagoak izaten badira ere, jendetza ibili ohi da asteburuetan paseoan edo kirola egiten: korrika zaleentzat aparteko ibilbidea dago egina. Gainontzean, parkea ezagutzeko modurik egokiena bizikleta alokatzea izan liteke.

Belardian etzanda egoteko, oinutsik ibiltzeko edo piknika egiteko parke aproposa da. Parkearen erdian dagoen ur erreserbaren bueltan egina dagoen ibilbidea egitea benetan gomendagarria da, eta bertatik urrutian ikusten diren etxe orratzen ilararekin gozatzea. Hiriaren erdi-erdian egonagatik, arnasa hartzeko lekua da, eta soinu kutsaduratik, ihesbidea.

Bizikletazaleentzat ere bada bereziki prestatuta dagoen beste leku bat ere: Hudson ibaiaren ertzetik Washingthon zubiraino doan bidegorri eta paseoa.

Brooklynen dagoen Prospect Park (www.prospectpark.org) da merezi duen antzeko beste parke bat. Lorategi botanikoan sartu-irtena egitea merezi du.

Garai batean trenbidea izan zen eta gaur egun pasealeku bihurtuta dagoen High Line deiturikoaren bidea hiri diseinuaren eredutzat jarri ohi dute askok. Aho zabalik geratzeko ibilbidea da, zalantzarik gabe (www.thehighline.org).

Hiriko parkeei buruzko informazio guztia dago helbide honetan: www.nycgovparks.org.

5. Zerutik begiratuta

New Yorki goitik begiratzea ezinbestean egin beharreko zerbait da. Eta hori bi lekutatik egin liteke ondo: Empire State historikoaren puntara igota, esate baterako. Bertatik ondo baino hobeto bereizten dira Manhattanen behealdea (Downtown) eta goialdea (Uptown), hiria osatzen duten bost auzoak (Manhattan, Brooklyn, Staten Island, Bronx eta Queens), Hudson eta East ibaien bidea... Hiriko zenbait lekutako kaosa ere sumatu liteke goitik, baina haizearen hotsak nahasmena entzutea galarazten du (www.esbnyc.com). Rockefeller eraikinean dagoen behatokia da bigarren aukera. Dotore jarrita dago New Yorki goitik begiratzeko lekua. Hiru maila desberdinetatik begiratu ahal izango dio bisitariak hiriari, eta haizearen kontra jarrita dauden kristalezko babesek egonaldia atseginagoa egiten dute (www.topoftherocknyc.com).

Batetik zein bestetik, ikuskizunarekin gozatu liteke, eta betirako argazki kamerekin jaso. Hori bai: Rockefelleretik ateratako argazkietan beti agertuko da Empire State tente-tentea. Eta alderantziz, aldiz, ez. Akaso hori izan liteke batera edo bestera igotzeko erabakitzeko arrazoietako bat.

6. Jateko

New York hiriak egiten duen sukaldaritza eskaintza izugarria da. Mundu osoko jakiak prestatzen dituzten jatetxeak topatu daitezke. Zer jan nahi den erabakitzea da onena, eta horren arabera, bilaketa egitea. Ohitura handia dago jatetxeei eskainitako webguneetan bezeroek beren esperientziak kontatzeko (www.yelp.com, www.zagat.com, www.nycgo.com, www.urbanspoon.com, www.ny.eater.com).

Kontuan hartu behar da propina utzi behar izaten dela. Zenbat utzi behar den kalkulatzeko modurik errazena: kontua ekartzean, zergak zenbat diren ikusi eta haren bikoitza utzi.

Taberna batean, berriz, hartutako edari bakoitzeko dolar bat utzi.

Turistei, toki batzuetan, automatikoki sartzen diete propina kontuan (tip, gratuity). Ondo begiratu ordaindu aurretik.

7. Kultura

New Yorken kultur eskaintzak ez du etenik. Bidaia prestatzen hasi orduko egun horietan zer dagoen jakitea komeni da: Time Out (www.timeout.com) aldizkariak informazio osatua eman ohi du, eta hirian doan banatzen den Village Voice-k ere informazio asko ekarri ohi du (www.villagevoice.com). Era guztietako kultur ekitaldiak aurki daitezke bietan.

Broadwayko musikaletarako sarrerak eskuratu nahi izatera, egunean bertan, Times Square-eko txartel saltokian deskontu handiekin egon ohi dira arratsaldeko hiruretatik aurrera.

Lorik egiten ez duen hiriak milaka leku, txoko, espazio eta ezusteko ditu. Baita arraza, kolore, hezkuntza, sexu joera, janzkera, pentsaera eta bizitzeko estilo aniztasun izugarria ere. Horietaz guztietaz gozatzea bezalakorik ez dago, ametsak egia bihurtzen omen diren asfaltuzko munduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.