Lore sorta huts bat izan ez dadin

Udalerri askotan ohitura bihurtu da udal ordezkariak 100 urtetik gora betetzen dituzten adinekoak zoriontzera joatea. Haiek omentzeko eta aitortzeko modu bat da. Adituen arabera, ordea, pertsona bakoitzaren egoera kontuan izan beharko litzateke.

Udal ordezkari bat adineko bati lore sorta bat ematen. ZALDIEROA
Udal ordezkari bat adineko bati lore sorta bat ematen. ZALDIEROA
ane insausti barandiaran
2025eko apirilaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Mende oso bat, 100 urte. Ez dira egunero betetzen, eta ez ditu edonork betetzen. Hori dela eta, ohikoa da ospakizun bereziak egitea egunaren ingurumarietan. Udal askok egin dute ospakizun horietan parte hartzeko urratsa, eta hasiak dira herrian 100 urtetik gora bete dituzten herritarrak zoriontzen —haien bizitokira joan eta lore sorta bat edo detaile bat eramanez, adibidez—. Baina kontuan hartzen ote da beti pertsona horien egoera edo iritzia? Adinekoak ez dira lore zimelduak, subjektu aktiboak baizik.

«Uste dut 100 urte bete dituen bati izugarrizko ilusioa egin diezaiokeela lore sorta bat oparitzeak, eta beste bati, berriz, ez; oso pertsonala da hori». Elena del Barrio soziologo eta Matia fundazioko langilearen hitzak dira. Adinkerian aditua da Del Barrio, eta, haren ustez, komenigarria litzateke urtebetetzea duenarekin aurrez hitz egitea, urtebetetzea horrela ospatu nahi duten ala ez galdetzeko.

Izan ere, gizarteak, orokorrean, adinekoak «homogeneizatzen» dituela adierazi du, hots, denak pertsona bera balira bezala tratatzen dituela. Gaineratu du horren sintoma izan litekeela haiei zer nahi duten ez galdetzea: «Hemen gakoa da pertsona bakoitzari begiratzea modu indibidualizatuan, aniztasun hori aitortzea, eta bakoitza tratatzea pertsona bakar moduan».

Horrelako jarreren atzean «paternalismo puntu bat» egon liteke, soziologoaren iritziko. Adinekoak «zaurgarritasunarekin» edo «dependentziarekin» lotzen direla azaldu du, eta estereotipo horren ondorio direla halako jarrerak: «Pentsatzen dute pertsona horiek ezin direla beren kabuz bizi, eta gainerakook hartu behar ditugula erabakiak haien partez, haiek zaintzeko eta babesteko».

«Intentzio onarekin bada ere, arriskutsua da erabakiak adinekoen partez hartzea, haien gainetik jartzen zarelako»

ELENA DEL BARRIOSoziologoa eta adinkerian aditua

Argi utzi du, era berean, askotan helburu txarrik gabe egiten dela hori, maitasunez eta kariñoz: ez da inondik inora haiek gutxiestea asmoa. «Baina, intentzio onarekin bada ere, arriskutsua da erabakiak pertsona horien partez hartzea, gutxietsi egiten dituzulako, eta ezin izaten dituztelako hartu beren erabaki propioak; horrelako jarrerekin, haien gainetik jartzen zara».

Horrelako jarrera asko, oharkabean eginak izan arren, adinagatiko diskriminazioari lotuta egon daitezke, eta horri adinkeria deitzen zaio. «Denok hazi gara adinkeriaren kulturak agintzen duen gizarte batean», azaldu du Del Barriok, eta hainbat adibide eman ditu. «Zer ondo zauden daukazun adinerako» eta «ez dirudi adin hori duzunik» iruzkinak izan litezke adinkeria, esaterako, baina baita, adibidez, erretiroa hartu dutenei buruzko estereotipoak ere: kaleko lanei begira egoten direla, denbora galtzen dutela, gizarteari ez diotela inolako ekarpenik egiten... «Eta pentsa zer beharrezkoak diren, esaterako, kontziliaziorako».

Arriskutsua izan liteke hori, gainera, adinekoentzat berentzat: haiek ere estereotipo horiek sinets ditzakete azkenerako. Hala erakutsi zuen AEBetako ikerketa batek: ondorioztatu zuen adinaren inguruko jarrera negatiboak dituztenak zazpi urte eta erdi gutxiago bizi direla, zahartzearen inguruan jarrera positiboa dutenak baino. «Adibidez, pentsa dezakete: zaharra banaiz, zertarako aterako naiz kalera, edo zertako zainduko dut neure burua? Medikuak esaten baldin badizu daukazun arazoa zure adinaren ondorio dela, pixkanaka, medikuarengana joateari uzten diozu, zure harreman sarea galtzen duzu… eta osasuna ere gal dezakezu».

Soziologoa sinetsita dago adina adierazle modura erabiltzeari utzi behar diotela politika publikoak diseinatzeko garaian. Neurri bakoitzerako, beste irizpide batzuk hartu beharko lirateke kontuan, haren ustez; egoera ekonomikoa eta osasuna, esate baterako. «Pandemian, adibidez, 70 urtetik gorakoak ziren arrisku taldekoak; hori baino nagusiagoa bazinen, arrisku taldekoa zinen; hortik behera, ordea, ez. Eta, noski, pertsona bakoitzaren egoera garrantzitsuagoa da adina baino; kontua konplexuagoa da zenbaki bat baino».

Aitortza helburu

Nola antolatzen dute dinamika hori, baina, udalek? Endika Igarzabal Gabiriako (Gipuzkoa) alkatea da, eta bi aldiz egokitu zaio 100 urteko herritarrak ezagutzea; 2024. urtean, zehazki. «Ez dakit ohitura denik, biztanle gutxi baikara, eta 100 urtera ez baita jende asko iristen. Kasualitatez, ordea, 2024an bi herritarrek bete zituzten 100 urte, eta, bai, eman genien detailetxo bat udalaren partetik».

Azaldu duenez, herrian dagoen adineko jendea «ikusaraztea» da helburua, eta haiei «aitortza egitea»: «Hainbeste urtez gure herrian bizi izan den pertsona batekin detaile bat edukitzea da asmoa. Udal moduan baino gehiago, herri moduan ematen diegun detaile bat da. Ez dira asko izaten, eta merezi dute horrelako aitortza txiki bat».

«Ilusioz» hartu zuten herritarrek keinua, eta baita «urduri» ere; udaleko kideak gertukoak izanagatik ere, zoriontzeari garrantzi berezia eman baitzieten. Horretarako, aurrez familiarekin hitz egin zuen udalak: ea ondo iruditzen zitzaien galdetu, eta baiezkoa eman ondoren hasi ziren sorpresa prestatzen. Lore sorta bat eta herriko artisau batek egindako koadro bat eman zizkieten, eta kontu kontari aritu ziren ordu erdi inguruan.

Noiz, nola eta zenbat udal ordezkari joan erabakitzea ere familiaren esku utzi zuten, Igarzabalen hitzetan: «Azkenean, haien egunerokoa edo errutina pixka bat apurtzen da, eta egun horietan ospakizun ugari izaten dituzte, normala den bezala. Ahalik eta gutxien molestatu nahi genuen; detailea eman eta listo».

«Udal moduan baino gehiago, herri moduan ematen diegun detaile bat da. Ez dira asko izaten, eta merezi dute horrelako aitortza txiki bat»

ENDIKA IGARZABALGabiriako alkatea

Gizartean adinekoak aintzat hartzen ote diren galdetuta, berriz, alkateak bere iritzia eman du: «Orokorrean, herrien dinamikak ez dira egoten adinekoei zuzenduta. Ekintza batzuk prestatzen dira adineko jendearentzat, baina ez nuke esango arreta hor jartzen denik; gehiago jartzen da gazte, ume eta beste sektore batzuengan».

Horri kontrapisua egiteko, herrian zenbait ekintza antolatu dituztela gaineratu du. Esaterako, jubilatuen eguna ospatuko dute maiatzean: adineko jendea mahaiaren bueltan biltzen da, bazkaria egiten dute, eta pare bat pertsona omentzen dituzte. «Saiatzen gara adineko jendearentzat herri bizi bat izaten, eta ez mugatzen, askotan mugatzen den bezala, eliza eta meza ondorengo juntadizo horretara bakarrik».

Horretaz gain, urte guztian adinekoentzako ekintza bat daukate martxan: astean behin elkartzen dira, pare bat orduz, tailer bat egitera. Pare bat urte dira hori antolatzen dutela, eta, aurten, hilabetean behin adin desberdinetako herritarrak elkartzeko konpromisoa ere hartu dute: martxoan, adibidez, euskal kantuen bueltan elkartu ziren, eta, herriko piano jotzaile batek gidatuta, abesten aritu ziren. «Asmoa da horrelako ekintzekin herritarren arteko transmisio eta dinamika hori pixka bat indartzea, lehentasuna adineko talde horri emanez».

100 urteko bizipoza

Loidisaletxe baserrian, 11:00ak jotzear direla, mahai tapiz berdearen parean eserita dago Joana Garmendia, 100 urteko errezildarra (Gipuzkoa). Kartak mahai gainean sakabanatuta daude, baita puntuak zenbatzeko txanponak ere; jokatzen hasia den seinale. Kafe edalontzia beteta, goizeroko errutina berritzen ari da Garmendia.

Irailean 100 urte bete zituen, eta kontatu du egun horiek ospakizunez lepo igaro zituela, zenbaki borobila izatearen ondorioz. «Nekatuta» ere bukatu zuen, ordea: «Zapatuan ospatu genuen [100. urtebetetzea], eta laurogeitaka lagun, denei kasu egitea... lan gehiegi da! Azkenerako, inor ezagutzen ez nuela geratu nintzen. Lau ahizpa bizi gara, eta hurrengo egunean egin genuen etxeko familiarekin ospakizuna, jaian». Udal ordezkariak ere joan zitzaizkion etxera; lore sorta bat eta bertso bat oparitu zizkioten.

Joana Garmendia, apirilaren 11n, Errezilgo bere etxean (Gipuzkoa). BERRIA
Joana Garmendia, apirilaren 11n, Errezilgo Loidisaletxe baserrian (Gipuzkoa). BERRIA

Urte asko dira 100 urte. Askotariko bizipenak kabitzen dira egun horietan guztietan. Atzera begira jarri da: «Bizitza oso gogorra eduki genuen. Gurasoak apaizaren mende, eta gu gurasoen mende. Guk ez genuen orain umeek gurasoekin duten konfiantza hori, ezta pentsatu ere. Haiek apaizen beldurra zuten, eta guk haiena. Aldian behin, meza nagusira joaten naiz orain, lehengo lagunak ikusi eta; ez naiz joaten mezagatik, e! Orain mezagatik ez da inor joaten, ezta apaiza bera ere! Jendearekin egotera, bai, tertuliara».

Orain, ordea, gauzak asko aldatu direla esan du, eta gustura dago bere errutinarekin. Gaur bezala hasten du eguna normalean; etxekoekin kartetan jokatzeak eta arratsaldeko tertuliak ematen diote bizipoza. «Gaur egun oso ondo bizi naiz, aulki honetan. Gosaldu, periodikoa leitu, eta entenditu asko ez, baina pasaera bat eman behintzat». Arratsaldean, berriz, tertulian aritzen da lagunekin, baserritik aterata. «Arratsaldean joaten naiz, 16:40 aldera, eta hantxe izaten gara, tertulian. 19:00etatik aurrera, etxera ekartzen naute. Azpeitiko [Gipuzkoa] azokara ere joaten naiz, asteartero samar. Kafesne bat hartu, eta hantxe, kontu batzuk esatera. Dagoeneko beste gauzarik ez daukagu!».

Jendeak adinekoei nahikoa arreta jartzen ote dien galdetuta, kexatzeko arrazoirik ez duela erantzun du. «Nik baietz uste dut, ez dakit. Azpeitira joanda ere, nik ez daukat lan handirik.... Eraman eta ekarri egiten naute, eta hara joan eta zeinek kasu egin badaukat. Alde horretatik, ezin kexatuko naiz».

«Dena egiten didate, eta ez daukat ezer eskatzerik. Lehengusu bat eduki nuen horrela, eta esan nion: 'Nik, horrela egon baino, nahiago dut hil'. Baina orain ez daukat hiltzeko gogorik!»

JOANA GARMENDIA100 urteko errezildarra

Dena den, tristura ere aipatu du; adinkide gutxi dituenez, batzuetan jende artean zer esan ez dakiela geratzen baita. «Bilobaren ezkontza daukagu orain, eta horretarako ere tristura daukat. Hantxe bazterrean jardun, eta zer esan, ez dut entenditzen eta... nire moduko samar bat alboan jartzen bazait, zer edo zer bai. Bestela, isil-isilik, hantxe egon behar. Zahartu egin nahi dugu, eta, zahartuz gero, horixe dago».

Zer eskatuko lukeen galdetuta, baina, ez du kexa handirik errezildarrak. Eguneroko gauza txikiekin gozatzen du, eta etxekoen konpainiarekin: «Dena egiten didate, eta ez daukat ezer eskatzerik. Nik lehengusu bat eduki nuen horrela, eta esaten nion: ‘Nik, horrela egon baino, nahiago dut hil’. Baina orain ez daukat hiltzeko gogorik!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.