ATZEKOZ AURRERA

Loratzen jarraitzeko

Geu elkartearen 30. urtemuga ospatzeko, egun osoko jaia egin dute Gasteizen. Elkarteko kideen ustez, «mugarri» bat ezarri da euskarak hiriburuan dituen erronkei heltzeko.

Geu elkartearen herri bazkaria, atzo, Landatxon. RAUL BOGAJO / FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Gasteizko Errementari kaleko 56. zenbakian, Gautxori elkartearen atarian, kolore berdez eta zuriz egindako afixa handi bat eskegi zuten atzoletra larriz idatzitako bi hitzekin: Geu elkartea. 12:30 izateko minutu gutxi batzuk falta ziren, eta barruan zeuden elkarteko hainbat kide, garagardoa dastatzeko mahaia atontzen. Hamabost lagun inguru espero zituzten Garagart etxeak ekoitzitako garagardo dastaketan. Geu elkartearen 30. urteurrena ospatzeko jaian ekintza andana antolatu zituzten, eta horietako bat izan zen garagardo dastaketa. «Urtemuga lagunartean ospatu nahi dugu. Ilusioz beterik gaude», azaldu zuen Idoia Lopez de Lacalle Mintzalaguneko teknikariak. «Gogotsu gaude».

Izan ere, harro eta pozik egoteko hamaika motibo zituzten atzo Gasteizko euskaldunek. Geu Gasteiz Euskalduna elkarteak 30 urte bete ditu aurten, eta urte horietako ibilbidea ospatzeko egun osoko jaia antolatu zuten hirian. Euskaldun askoren ilusio eta borondateari esker ereindakoa loratzen jarraitzeko egun seinalatua izan zen. Ospakizunarekin «mugarri bat» ezarri nahi dutela azaldu zuen Azaitz Unanue elkarteko kideak: «Euskarak Gasteizen dituen erronka berriei gogotsu heltzeko indaberritu egiten gaitu».

Euskara «egunero»

Arabako hiriburua euskalduntzea ez da erronka makala, bainabadira nahikoa zume xedea lortzeko.Euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin nahi duten pertsonak biltzen dituen programa da Mintzalaguna, eta Pui Larak duela hamar urte izena eman zuenetik, euskara «egunero» erabiltzen saiatzen da. Mintzalagunari esker ezagutu dituen lagunekin batera joan zen atzo garagardo dastaketara. «Pozik» zegoen urtemuga festarekin: «Hiria euskalduntzeko lan handia egiten du elkarteak».

Garagardo edota ardo dastaketetara joan zirenez landa, izan ziren ere goizean goiz mendiko arropa jantzi eta Zabalganeko basoa, Armentia eta Olarizu arteko bidea oinez egin zutenak. Geu elkartearekin mendira eginikoarekin eta Mintzalaguneko kideek Eraztun Berdean prestatutako txangoarekin eman zioten hasiera elkartearen urtemuga egitarauari. Haurrek ere izan zuten aukera festaz gozatzeko: goizean lepo bete zuten Aldabe gizarte etxeko areto nagusia Irrien Lagunak-en ikuskizunaz gozatzeko. Gasteizko Irakurle Klubaren 20. urteurrenaren ospakizunek ere izan zuten tokia Geu elkartearen festan: libururik kuttunenei buruz aritu ziren solasean Rikardo Arregi, Karmele Jaio eta Edu Zelaieta idazleak, Ignacio Aldekoa Kultur Etxean. Eta, gauean, Zetak taldeak kontzertua eman zuen Jimmy Jazz aretoan.

Alde Zaharreko kaleetan barrena ere murgildu zen jaia. Bazkalaurretik kalejira egin zuten Aiztogile kalean gora, eta, ondoren, 70 lagun inguru batu ziren Landatxon, herri bazkarian. Festaren arrakastarekin pozik agertu zen Dorleta Martinez de Albeniz elkarteko kidea: «Euskararen erabilera, ezagutza eta sustapenaren alde hiri honetan egiten den lana eskertzeko eguna da. Baina gure helburua da Gasteizen euskara are gehiago zabaltzea eta erabiltzea».

Gasteizko euskaldunen artean «ilusioa pizteko» eguna ere izan zen atzokoa, Unanueren esanetan. «Bagaudela eta bagarela ikusaraztea lortu dugu». Euskararen etorkizuna hiriburuetan dago,eta helburu horri helduta jarraituko du lanean Geu elkarteak, haren hitzetan. «Topiko eta paradigma batzuekin apurtu behar dugu, eta argi izan herri eta hiri handietan etorkizun oparoa izan dezakeela euskarak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.