Loratuko dira kimuak zuhaitzean

Benito Lertxundik eta Lapurdiko lau haur abesbatzak emanen dute kontzertua Baionan, apirilaren 17an. Lehenik, hiru abesti kantatuko dituzte haurrek; bukaeran, berriz, Lertxundirekin batera ariko dira.

Benito Lertxundi eta taldekideak, Kursaalean emandako kontzertu batean. JUAN CARLOS RUIZ/FOKU.
Ainize Madariaga
Baiona
2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Apirilaren 17an ematekoa du Benito Lertxundik kontzertua Baionako Lauga aretoan, 19:00etan. Alta, usaiako musikariez gain, aldi honetan, Lapurdiko lau haur abesbatzak ere lagunduko dute kantari enblematikoa: Urruñako Tximi Txama, Donibane Lohizuneko Kilima, Larresoroko Haurrock eta Baionako Haiz'Egoa Tiki abesbatzek. Orotarat ehun bat haur taularatuko dira.

Pandemia abiatu aitzin hasi zuten proiektua Karakoil produkzio etxeak akuilaturik. Alta, bertze ekitaldi frankok bezala, horrek ere bere aldiaren beha egon behar izan du, pazientzia handiz. Benito Lertxundi arras lasai dago 17ari so: «Duela hamabost bat egun Olatz [Zugasti] egon da haiekin: ez da izanen arazo handirik, ikasiak dituzte ongi kantuak eta badakite noiz aritu».

Lertxundi bera hasi aitzin, haurrek bakarrik abestuko dituzte haren hiru kantu: Loretxoa, Egunsentian eta Ni, sahatsa bezala. Kontzertuaren hurrentzean, aldiz, Lertxundi kantatzen lagunduko dute hiru abesti hauetan: Zergatik utzi kantatzeari; Kimu bat zuhaitzan, eta, Zenbat gara.

Veronique Charriez Urruñako Tximi Txama eta Donibane Lohizuneko Kilimak taldeen kantu zuzendariaren aburuz, kantuak ongi hautatuak izan dira: «Izugarri kontent naiz proiektu honekin. Orain durduzatuak gara, Benito zorrotza baita. Arrangura haziz doa, gizon handia baita. Hain artista handiarekin batera aritzea berria zait; ez, ordea, haur kopurua. Esperientzia berri hau berezia da. Taula gainean egotea abesbatza eta orkestrarekin, hori bai... berria zait».

Kantatzeko zailak ziruditen kantuekin ezusteko atsegina hartu du Filipe Albor Larresoroko Haurrock haur abesbatzako kantu zuzendariak: «Badira kantatzeko aski zailak diren kantu batzuk, azken batean ongi egokitu dira, ongi ari dira. Ongi lotu dira eta plazer egiten du!». Lertxundi ere akort da: «Nire bertsioetara haiek moldatu dira; nire moldean sartu behar dute».

Maialen Errotabehere kantaria da Haiz'egoa Ttiki Baionako haur abesbatzaren kantu zuzendaria. Kantuen hautaketa irizpideetako bat salatu du: tonalitatea. Egokia izan behar baitu haur eta helduendako. Errotabehere betiko ametsa nolazpait betetzen ari da, haurren bidez, Lertxundirekin proiektu batean parte hartzea baitzuen: «Ez dakit beste paradarik ukanen duten Benitorekin aritzeko. Gure errepertorioetan dauden kantu hauek nondik heldu diren jakitea ontsa da. Bikaina da kantuz gozatzea, bai eta kultura eta hizkuntzarekin lotzea ere. Benito gainera enetako jainko jauna bezalakoa da. Belaunaldiak nahasten dira, eta pozten naiz; horretarako egiten ditugu haur koroak eta proiektuak, transmisio hori egiteko. Proiektu zinez ederra da».

Sei eta hamazazpi urte arteko ehun bat haur ari dira parte hartzen, pandemia hasi aitzinetik. Orain arteko esperientzia zinez ontzat jo badute ere, Charriezek nekezia ttipia adierazi du gazteenei begira: «Haurrak ez dira zinez ohartzen taula gainera igo arte. Benito ezagutu arte, ttipienentzat ez da deus konkreturik. Bidean batzuek utzi egin dute, proiektuak asko eskatzen baitu. Luze izan da, eta ttipienekin usaian errepertorioa aldatzen dugu. Alde txar ttipia izan da».

Koro gisa adituko dira haurrak, haien boz hutsak hastapenean, eta solistaren bozaren laguntzaile bukaeran, beraz. Lertxundik onartu du gogotsu igeri eginen duela haur bozen itsasoan: «Oso polita izaten da umeekin aritzea, bat kantari dagoenean eta publikoa bere modura kantatzen hasten denean, oso gauza polita gelditzen da airean. Agertzen den masa hunkigarria izaten da. Ahots askorekin egiten den halako ahots bat da. Gizakiaren ahotsek bat egiten dutenean kantu batean, izan gabe profesionalak edo perfektuak, beti da oso polita, elizetan hori ikusten da. Kantaldi bat beti da ilusio piztailea».

Azkenburukoak jakin-mina sor lezake: emanaldiaren bururatzeko publikoak oraino entzun ez duen kantua emanen baitute: Ez nabil ezeren bila.

Lertxundik haur abesbatzei igorri zien, eta laket izan bide zuten. «Bisak-eta etortzen direnean, beti bukatzen dut ezagutzen ez den kantu batekin. Kantu honek azkenik joan behar du. Jendeak ez du ezagutzen oraindik». Pandemiaren lehen itxialdiaren fruitua izan da, bai eta Oi lur berriz kantatzea ere: «Kalean ez zen ezer, eta animaliak etortzen ziren guregana. Izugarri ederra zen. Letania baten moduan atera zitzaidan. Aldi berean, Oi lur kantua hain ederra ikusi nuen, non, ezin nuen kantatu gabe utzi. Eguerdi batez argi eder bat ikusi nuen, bazterrak izugarri ederrak ziren hartan, Lizardiren poema horretaz oroitu nintzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.