Donostiako su festen 53. lehiaketak badu garailea. Santiago de Compostelako (Galizia) Lopez pirotekniari eman dio Urrezko Maskorra epaimahaiak. Euskal Herriko su etxe batek eskuratu du bigarren sari nagusia: Areatzako (Bizkaia) Astondoak eraman du Zilarrezko Maskorra. Azkenik, Madrilgo Discomfa su etxeari eman dio epaimahaiak Brontzezko Maskorra.
Sari nagusiaz gain, Galiziako piroteknia saritzea erabaki du gazteen epaimahaiak. Bertako idazkari Ernesto Limousinek azaldu duenez, "hausnarketa zaila" egin behar izan dute epaileek Lopez pirotekniaren eta Discomfaren artean. Baina Galiziako su etxearen erritmoa eta emanaldi koloretsua hartu dute aintzat garaikurra erabakitzean.
Sariak banatzeaz gain, Grupo Luso Pirotecniak izandako arazo teknikoak izan ditu hizpide epaimahaiak: "sentitzen du" ikuskizuna amaitu gabe bukatu behar izatea. Donostiaren izenean, "animoak" eman nahi izan dizkie Juan Carlos Lopez bozeramaileak Portugalgo su etxearen arduradunei. Gainera, hurrengoetan Grupo Luso Donostian egongo direla espero du Lopezek.