Joseba Urretabizkaiak (Tolosa, Gipuzkoa, 1965) Lope Agirreren bizitza jaso du liburu batean: Lope Agirre, kantu alderraia —euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu du—. Duela bi urte sortu zuen argazkilariak Xibarit argitaletxea, eta hamalaugarren lana du hau. Alvaro Bermejok idatzi du liburua, Joxemi Saizarrek euskaratu du, eta Urretabizkaiak berak egin ditu argazkiak. Ustez, Oñatiko Araotzen (Gipuzkoa) jaio zen Lope Agirre; Amerikako konkistek eta bizipenek egin zuten ezagun. Bihar aurkeztuko dute liburua, Oñatiko (Gipuzkoa) kultur etxean, 19:00etan.
Nondik sortu zen Lope Agirreri buruzko liburu bat egiteko ideia?
Lope Agirre oso berezia izan da beti. Betidanik irakurri izan dut hari buruz, baita filmak ikusi ere. Ezaguna izan da bereziki Felipe II.ari idatzi zion gutunagatik. Baina jende gazteak ez daki nor den. Horregatik, pertsonaia ezagutarazi nahi nuen, haren profila eguneratu.
Ikerketa lan baten emaitza da liburua. Zer topatu duzue?
Alvarok egin du ikerketa lana, eta ikuspegi asko jaso ditu. Biografia aberasteko balio dute horiek. Esperotakoa jaso dugu: zuria ala beltza da jendearentzat.
Zeuk egin dituzu libururako argazkiak. Nolakoak dira?
Irudimenari laguntzea da irudien helburua, egungo pertsona bat Lope Agirre bihurtuz eta testua erraztuz. Oñatiko lagun bati galdetu nion Lope Agirrerena egin zezakeen norbait ezagutzen ote zuen. Haren bidez lortu dut. Dozena bat lagun azaltzen dira orotara.
Nola lortu duzu argazkiak XVI. mendean girotzea?
Erronka handia izan da garai hartako jantziak bilatzea. Ahalik eta sinpleen egitea erabaki nuen: garai hartakoa izan daitekeen arropa pixka bat lortu, eta horrekin egin dut. Nire estudioan egin genituen lehenengo argazkiak. Amezketako dorretxe batean ere egin genituen; garai hartakoa da eraikina. Azkenik, Araotzen egin genuen beste saio bat.
Izaera poliedrikoa du Lope Agirrek. Nola definituko zenuke?
Lope Agirre ez da traidorea, ezta salbatzailea ere. Horren guztiaren gainetik dago. Oteizak esan zuen bezala definituko nuke nik: «Todo vasco que se precie debe tener algo de Lope de Aguirre» [behar bezalako euskaldun orok eduki behar du zerbait Lope Agirrerena].
72 pertsona hil zituen. Zer dago zenbaki horren atzean?
Hori ulertzeko, beharrezkoa da testuingurua ezagutzea. Urrearen bila joan ziren Eldoradora; hango tenperatura, hezetasuna, borrokak... Ez zekiten hurrengo egunean bizirik egongo ziren ere; norbait hiltzen zenuen, ala zeu hiltzen zintuzten.
Hautsak harrotu zituen Felipe II.ari bidalitako gutunak.
Bere burua traidore izendatu zuen, eta konkistatzen zuena berarentzat izango zela idatzi zion. Garai hartan erregeari hori esatea sekulakoa zen. Ondorioz, Lope Agirreren heriotza ere oso gogorra izan zen.
Amerikako herrien independentziaren alde aritu zela diote. Nor da Lope Agirre herrialde horietan?
Ondo ikusita dago: eskulturak eta halakoak daude haren omenez. Pertsona garrantzitsu bat izan zen herrialdeen askapenean. Garai hartan, Espainia potentzia handienetako bat zen, eta haren aurka jo zuen.
Pasarte ugari bildu dituzue. Zein nabarmenduko zenuke?
Amaiera da aipagarriena: bazekien nola hilko zuten, eta aurretik bere alaba hiltzea erabaki zuen. Bazekien, bera hildakoan, alaba bortxatu eta jipoitu egingo zutela, mendekuagatik. Koherentziaz egindako ekintza bat izan zen.
Lope Agirre berpiztu duzue; bakarra izango al da?
Trilogia bat osatu nahi dut. Elkano eta Katalina Erauso izango dira beste bi protagonistak.
ATZEKOZ AURRERA. Joseba Urretabizkaia. Argazkilaria
«Lope Agirre ez da traidorea, ez eta salbatzailea ere»
Lope Agirreri buruzko liburu bat argitaratu du Urretabizkaiak, testu eta argazkiekin osatuta. Konkistatzailea izan zen batzuentzat, eta askatzailea besteentzat; haren izaeraren hainbat ertz jaso ditu liburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu