Iratxe Perez (Santurtzi, Bizkaia, 1998) punk-rockaren espiritua da Chuleria, Joder! taldean. Euskarazko eta gaztelaniazko abesti zuzen eta zorrotzekin, askotan arnasa hartzeko denborarik ere hartu gabe, abiadura bizian doaz haien melodiak, batzuetan erritmoa baretu arren. Beti dituzte amorrua, indarra eta askotan iluntasun dosi bat, eta publikoarengan eragin sakona lortzen dute. Oholtza gainean azkarra eta basatia izanik, eta bizitzan hurbila eta maitekorra, Perezek musikarekiko pasioa eta grina elkartzen ditu. Harremanei, gizarteari eta bizitzaren alde gordinei abesten die, betiere argi izpi bat gordez. Taldearen azken urteko arrakastaz eta hurrengo diskoari buruzko itxaropenaz hitz egin du.
Hiru kanta berriren live session-ak argitaratu dituzue urte hasierarekin batera, zuen lehenengo EParen urteurrenean. Zergatik formatu horretan?
Nik beti YouTuben entzun izan dut musika, eta askotan live session-ak izaten ziren nire gustukoenak. Asko erakartzen ninduen horrelako zerbait egiteak. Basauriko [Bizkaia] Txarraska gaztetxean grabatzen eta autoproduzitzen aritzen den lagun batek ere gogo handia zuen horrelako proiektu bat egiteko. Ez zuen sekula live session-ik grabatu eta, azkenean, lagunen artean sortutako proiektu bihurtu zen.
Zuen hurrengo lanean ere sartuko dituzue abesti horiek, ezta? Zer asmo duzue martxoan grabatuko duzuen disko berri horretarako?
Bai, martxoan grabazioak genituela eta azken urtean asko jotzen aritu ginela kontuan hartuta, zerbait berria atera nahi genuen Haritz Harreguy Studioan martxoan grabatu aurretik. Aukera aprobetxatu genuen jendeak proiektu berria apur bat ezagutzeko. Ekainerako edo lehenago atera nahi dugu lan berria, baina asko falta da horretarako, eta horregatik atera ditugu hiru aurrerapen horiek.
Zuen musika plazaratzeko grinaren edo irrikaren ondorio da?
Bai, hori da. Grina hutsa. Emanaldi gehiago egiteko kantu gehiago sartu nahi genituen, eta gogotsu hartu dugu.
Atzera eginda, esan izan duzu zure beharrizan pertsonal batetik jaio zela taldea.
Desorden taldea utzi ondoren proiekturik gabe gelditu nintzen, eta, gainera, konfinamendu garaian izan zen hori. Gitarra jotzen hasi nintzen orduan, gauza berriak sortzeko gosea eta agertokira igotzeko premia sentitu bainuen. Behar hutsetik abiatu zen, eta hasieran proiektu pertsonala zena handituz joan zen. Talde bat hastea ez da erraza, musika konexioaz eta jotzen jakiteaz gain pertsona horiekin lotura pertsonala ere izan behar baita, haiekin kaña bat hartu ahal izateko, edo zure gauzak kontatzeko.
Eta nondik dator izena? Harroak zarete eta izorratzea gustatzen zaizue?
Talde baten izena aukeratzea beti izaten da korapilatsua. Hasieran aukera asko aztertu genituen. Hitzak harroak dira, bai, eta oholtzan gustatzen zaigu punkak izatea. Jende askok esaten du kontzertuetan ikusiko duenaren aurrerapena dela izena; gero pertsona serioak eta jatorrak gara.
Baina oholtzan dena ematen duzue.
Zuzeneko indartsua daukagu, azkarra eta indartsua. Nik uste dut jendeak eskertzen duela hori. Ez dugu askorik pentsatzen, ez dakigu beste modu batean egiten. Zuzenekoa beti da azkarragoa, eta oso ikusgarria.
Melodia indartsuak izateaz gain, abestien hitzak ere badira zuen indargune: harremanei, maitasunari, gizarteari eta beste hainbat konturi abesten diezue, baina ez hain modu esplizituan.
Anttonek [gitarra eta ahotsa] eta nik idazten ditugu hitzak. Hark abesti poetikoagoak idazten ditu, eta, nik, denborarekin, hain esplizitua ez izaten ikasi dut. Gorrotozko kantuak dira gehienak, gizartearekiko gorrotozkoak. Gertatu zaizkigun gauzen inguruan idazten dugu, eta hitz askok erlazio erromantiko-afektiboak ere islatzen dituzte. Hurrengo diskokoak ere abesti mingarriak dira, baina beti argi pixka batekin amaitzen dute. Taldean elkarri laguntzen diogu, eta horrek motibatzen gaitu.
Triste zaudenean idazten duzu, ala bakea lortu duzunean?
Triste nagoenean, dramatiko hutsa naiz eta. Baina ez nago hain gaizki [barrezka].
Badirudi estilo berarekin jarraituko duzuela bigarren lanean, baina sorpresarik egongo da?
80ko eta 90eko punk-rocketik edaten dugu. Zaila da esatea jendeak zer aurkituko duen, baina egia da gaur egun gutxiago entzuten dela estilo hori. Uste dut estilo berari jarraitzen diola. Egiten duguna jada ez dago modan, eta, postpunka edo bestelako generoak egon arren —horiek ere gustatzen zaizkit—, orain ez da punk-rock askorik egiten.
Dena den, lortu duzue zuen publikoa...
Hurrengo disko honetarako lanean ari ginenean, Portugaleteko [Bizkaia] Sastraka gaztetxean, inflexio puntu moduko bat izan genuen. Gero eta gehiago deitzen zigutela sumatzen hasi ginen, Ekinez, 40 Minutu Rock eta halako jaialdi garrantzitsuetarako ere bai. Horrelako ekitaldietarako deitzea, manager edo kudeatzailerik izan gabe, izugarria da, eta ilusio handia egiten digu. Laurok dena geure artean kudeatzen dugu, eta, batzuetan zaila bada ere, oso pozgarria da dena guk geuk egitea. Lan asko dakar talde batek, baina garrantzitsua da rolak banatzea.
Bazterretik zatozte, baina ez zaudete bazterrean.
Egia da talde handiekin jotzeko aukera izan dugula. Denean gaude, baina aldi berean inon ez. Ez dut uste egiten dugun musikak gaur egun jendearengan asko eragiten duenik, baina asko jo dugu, sortu zaizkigun aukera gehienei baietz esan diegulako. Gustatzen zaigu egiten duguna, eta horrek aurrera jarraitzera bultzatzen gaitu. Hala ere, egia da batzuetan pixka bat baztertuta sentitzen garela, gure estiloak edo mezuek ez dutelako denekin konektatzen. Penarik handiena zerak ematen dit: jende gazteak punk-rockik ez entzuteak. Postpunkak jan gaitu, biboteak eta halakoak dira gaur egungo moda. Gustatzen zait, baina pena ematen dit bestea galtzeak.
Etorkizunera begira, zer espero duzu hurrengo diskoarekin?
Disko hau ateratzeko gogotsu nago, azken sei hilabeteetan abesti horiek lantzen aritu garelako. Asko entseatu dugu eta oso eroso sentitzen gara material hau jotzen. Lokatzetan jotzea da gustatzen zaiguna, eta hor egingo dugu topo.
lotsabako
Talde bat?
Asko dira, denetarik entzuten dut eta ezin bakarra esan.Disko bat?
El Volquete taldearen El NO-DO.Esaldi bat?
«Gosaltzen duzun heinean kafea hartzen baduzu, ume funtzionarioaren arima izango duzu». Calzados Deportivos taldearena da.