Lokal abandonatuak etxekotzea

Erabilerarik gabeko lokal komertzialak beste helburu batzuetarako egokitu daitezke: esaterako, etxebizitza edota gune komun gisa. Kale kotan daudenez, baina, segurtasuna eta intimitatea bermatu behar dira, argiztapena eta aireztapena oztopatu gabe.

4. Trantsizio eremua. Kalearen eta gela pribatuen arteko galbahe gisa balio du etxeko gune kolektiboak. LUIS DIAZ DIAZ.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko azaroaren 16a
00:00
Entzun

Erabiliak izan ziren, baina hutsik daude aspalditik etxebizitzetako beheko lokalak, gunearen merkataritza jarduera nabarmen urritu baita azken urteetan; are, batzuek aurreneko egunean bezala jarraitzen dute, adreiluzko horma batek hesituta. Lokal komertzialak abandonatzen ari dira, datuen arabera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, erdibideko hirietako lokalen %35 hutsik daude —gutxi-asko, 20.000 biztanletik gora dituzten hiriei deritze erdibideko—, eta, periferietako auzoetan, %70 dira, Mugak arkitektura biurtekoaren komisario Maria Aranaren esanetan. Urbanbat elkarteko Gorka Rodriguez Olea kazetari eta hirigintzan eta hirian espezializatutako kuradoreak xehatu duenez, Bilboko Deustu eta Ibaiondo barrutietan, lokalen %40k baino gehiagok ez dute erabilerarik; Uribarrin, %56koa da kopurua.

Hutsik daude, eta gaitza dirudi inoiz beteko direnik, ez behintzat jatorrizko jarduera garatzeko. Baina erabilera komertzialetik harago, aukera zabala eskain dezakete kale kotan eraikitako lokalek: erabil daitezke hala etxebizitzak taxutzeko, nola gune kolektiboak sortzeko eraikineko bizilagunentzat; erabil daitezke, ondorioz, kalea biziberritzeko, eta jada badauden azpiegiturak aprobetxatzeko. Eusko Jaurlaritzak begiz jo ditu, esate baterako, haiei aterabidea emateko asmoz: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari atxikitako egoitza parkean, erabilerarik gabeko ehun lokal baino gehiago daude beheko solairuetan eta solairuarteetan; horiek aztertu zituzten orain dela sei bat urte, eta ondorioztatu berrogei etxebizitza lor zitezkeela gutxi-asko, hogei esku hartzetan, Pablo Garcia Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendariaren esanetan.

Aurrena, esku-hartze pilotu bat egitea erabaki zuten, eta Acha Zaballa estudioari enkargatu zioten: Loft Study House izeneko proiektuan, babes ofizialeko alokairuko hiru etxebizitza sortu zituzten Bilboko Santutxu auzoan. Orduan ikusi eta ikasitakoekin gida bat ondu dute, lokalok etxebizitza bilakatzeko gakoekin eta hausnarketekin. Esku hartzeen eta ondorioen berri eman zuten Astrainek eta Acha Zaballa estudioko Cristina Acha arkitektoak iragan asteartean, Mugak biurtekorako Bilbon ipini duten pabiloian.

Etxearen baldintzak

Adibide bat da Loft Study House, eta beste adibide bat da Urbanbat elkartearen Etxebizitza hedatua proiektua: Rodriguezek uste du sakondu beharra dagoela lokal komertzialak irekitzeko estrategietan eta politiketan, baina, aldi berean, berraktiba litezkeela lokaletako batzuk, bai erabilera kolektibo eta komunitariorako, bai norberaren etxeak ase ezin ditzakeen beharretarako. Izan ere, COVID-19ak eragindako osasun krisiak agerian utzi zituen hutsune batzuk, Rodriguezen iritziz. «Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Behatokiaren arabera, EAEko etxebizitza parkeen %70ek berrogei urte baino gehiago dituzte, eta espazio, irisgarritasun eta malgutasun gabeziak dituzte etxera eraman behar izan ditugun zereginak egin ahal izateko».

Hala, beheko lokaletan baliabideak instalatu daitezke komunitatearekin partekatzeko, hala nola garbitegia, sukalde komunitarioak, zaintzarako guneak, lantegiak...; eta izan litezke leku egokiak gonbidatuak aterpetzeko, jolasteko, atseden hartzeko, kirola egiteko... «Gure etxeko jarduerak eremu komunetara hedatuz gero, gure etxebizitzetako gelak eta funtzioak birdefinitu ditzakegu», Rodriguezen ustez. Lokala proiektuan gauzatzen ari dira ideiok, Sestaoko (Bizkaia) Txabarri auzoan, Sestao Berrirekin eta udalarekin batera.

Nolanahi ere, berezia da kale kotan kokatutako eremu bat, batez ere asmoa bada hura etxebizitza bihurtzea. «Gure kultura urbanoan, ez da berdin beheko solairuan bizitzea, edo beste edozeinetan», Astrainen hitzetan. Batetik, dagoeneko eraikita dagoen egitura izanda, esku hartzeko aukera mugatuagoa delako; bestetik, kalera itsatsita egoteak gogoeta bat eskatzen duelako intimitatearen eta segurtasunaren inguruan. Acha: «Hausnarketa ariketa bat ere bada: zein dira etxekotasuna sortzen duten oinarrizko elementuak?».

Leihoak dira bat, arkitektoaren irudiko. «Oso zail egiten zaigu leihorik gabeko etxe bat imajinatzea, argi eta aire iturri ezinbestekoak baitira, eta eskaintzen baitituzte bistak eta kanpoarekiko harremana». Areago, aldagai horiek baldintzatu dezakete lokal bat erabiliko den edo ez, eta, hain justu, hori dela-eta zegoen utzia Santutxuko lokaletako bat, Acharen berbetan: «Bere perimetro osoa zegoen edo itsututa, edo hormatuta».

Arkitektoaren hitzei erreparatuta, leihoak ezinbestekoak dira egoki bizitzeko, baina, galtzadaren parean daudelarik, kinkan jar ditzakete beste lehentasun batzuk, hala nola pribatutasuna, intimitatea eta segurtasuna. Acha Zaballa estudiokoek segurtasun barrera bat proposatu dute, hainbat geruza dituena gainjarrita; orotara, metro erdi sakon den multzo bat osatzen du: kanpoan, xaflaz osatutako sareta bat dauka, itxi daitekeena, baina pasatzen uzten dituena argia eta airea; egurrezko asto batzuk ere baditu, atzeko zurezko egitura bermatzen dutenak, fatxadari sakontasuna ematen diotenak eta, erabiltzaileak nahiko balu, balio dezaketenak landareentzako euskarri gisara; egurrezko egitura opakutasun maila ezberdinetako beiraz jantzia dago —1,50 metrotik gora kokatutakoak gardenak dira—; eta horien atzean, errezel mardul bat paratu dute. «Erabiltzaileak nahi bezala ireki ditzake geruzok, itxi, barrera dentsoagoa bihurtu... Horrela, erabiltzaileak, azkenean, inplikatu egiten dira etxearen erabileran».

Harremana eta babesa

Horrez gain, trantsizio eremu bat jarri dute. Galbahe bezala balio dute, esate baterako, fatxadan pilatutako landareek, atariko elementuek, edota eremu komunek. Hala, mailaketa bat ezarri dute kaletik etxera bitartean, gidan jaso dutenez. Zehazki, bi kategoria bereizi dituzte: alde batetik, eremu zabal eta ondo argiztatu batean egiten diren jarduerak —hitz egin, jolastu, kozinatu, josi, telesailak ikusi, lisatu, jan...—; eta, beste alde batetik, intimoagoak direnak, logeletan eta komunetan jazo diren horiek. Zatiok bereizteko, honako baliabideetara jo dute, besteak beste: testurak eta kolorea (leuna eta biguna, unitate itxietan; indartsua eta sendoa, eremu komun irekian); argiztapena (kontrolatua, unitate itxietan; maximoa, eremu komun irekietan); eta dimentsioa (arauak ezarritako gutxienekora murriztu dituzte unitate txikiak, eta ahal bezainbeste zabaldu eremu komunak).

Diseinua erabili dute, orobat, toki atsegin bat erdiesteko, Acharen hitzetan. «Badaude parametro subjektiboak, arautik harago doazenak, neurgaitzak, eta diseinuaren bitartez heltzen gara horietara». Diseinatzailearen aburuz, estetikak balio izan die lokalak aurretik zuen kutsu «desatsegina» ezabatzeko, baita balizko bizilagunaren aldarteari ekarpena egiteko ere. «Ahalegindu gara ahalik eta baikortasun handiena txertatzen bai etxebizitzari, bai kaleari. Azkenean, forma biribilduek, koloreek, askotariko testurek... laguntzen dute etxean giro erosoa lortzen». Soslai ahalik eta zabalenari erantzuna ematen saiatu dira.

Baina barrukoak oihartzuna du kanpoan ere, ezinbestean; eta lokal hustu bat berriro habitatzeak bizitasuna ematen dio orobat kaleari, Acharen aburuz. Iritzi bera du Rodriguezek. «Fatxadak ere parte hartzen du esfera publikoan, paisaia urbanoan, ongizatean eta hiriaren dinamismoan». Halaber, nabarmendu du zero kotak «dinamismo berezia» duela, jendeak han egiten baitu topo elkarrekin, besteak beste. Hori horrela, «beheko solairuko lokalek esparru publikoa aktibatzen dute, bizitza sortzen baitute kanporantz, eta kanpokoa barrurantz sartzen baita».

Segurtasunean ere eragina du, Urbanbateko kideak azaldu duenez. Izan ere, lokal itxiek abandonatuaren kutsua ematen diete paisaiei, eta eremuok ez dute konfiantzarik sortzen, haren iritziz. «Erabiltzaileentzat ez ezik, auzo osoarentzat onuragarria da gune horiek aktibatzea, kaleak atseginagoak eta seguruagoak bihurtzen baitituzte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.