'Loa eta Laia', euskaraz sortutako marrazki bizidunak

Telesaila 2 eta 7 urte bitarteko umeentzat da. Helburu du musikara zaletzea eta balioak transmititzea. Bi neska dira protagonistak

Loa eta Laia protagonistak, proiektuaren lehen atalean. LOA ETA LAIA.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2022ko urriaren 26a
00:00
Entzun

Alabekin batera ikusten zituen marrazki bizidunak ez zitzaizkion «eredugarriak» iruditzen Josu Bergara publizista eta musikariari, eta bestelakoak egitea erabaki zuen. Bi urteren ondoren, proiektu bat sortu da lehen hauspo horretatik: Loa eta Laia. Bi neska musikari dira protagonistak, euskaraz eginda dago, eta helburu «didaktikoa» ere badu. Bilboko Euskararen Etxean egindako aurkezpenean, Bergarak hauxe iragarri zuen: ikusleria jakin batentzat egina dago, 2 urtetik 7ra bitarteko haurrentzat. Horiek musikara zaletzea eta balioak transmititzea du jomuga.

Atal bakoitzak balio bat izango du oinarrian, eta abesti bana egingo dute propio. Musika estilo ugaritara joko dute, kanta «modernoak eta berritzaileak» egiteko: hala nola rocka, popa, folka, rapa, bluegrassa, reggaea eta jazza uztartuko dituzte. Bergarak berak taxutuko ditu abestiak; Ane Martinezek eta Leire Apariciok abestuko dituzte —Loaren ahotsa egiten du lehenak, eta Laiarena bigarrenak—, eta Nerea Alberdi eta David Sanchez Damian arduratuko dira moldaketez eta produkzio artistikoaz. Paul Caballero ilustratzaileak landu ditu arlo grafikoa eta artistikoa. Hilean saio bat argitaratzeko asmoa dute, eta Loaetalaia.eus webgunean ikusi ahalko dira bideoak, baita askotariko sare sozialetan ere: Youtuben, esaterako.

«Umeek kalitatezko produktu bat behar dute, euskarazkoa eta modernoa», Bergararen irudiko, baina, haren hitzei erreparatuta, oraingo ekoizpen gutxik betetzen dituzte ezaugarriok. «Aukera asko daude, baina gehienak ez dira Euskal Herrian egindakoak; ez dituzte kontuan hartzen hemengo kultura, ohiturak eta testuingurua».

Loa eta Laia-k, berriz, Euskal Herriko gaiak landuko ditu; zehazki, Gau Beltza jorratu dute aurrenekoan. «Historikoki, Euskal Herrian ospatu izan da. Orain, kultura anglosaxoiaren eraginez, beste oihartzun bat dauka. Haren aldarrikapen bat ere bada». Hiru minutu inguruko bideoan, kalabazak agertzen dira, baina baita argizaiolak, gaztainak eta trapu zaharrak ere, euskal tradizioari lotutako elementuak. Lehen atala ikusgai dago jada. Abenduan, euskara izango dute hizpide. Eta, bideoez gain, bestelako edukiak ere zabalduko dituzte. Horietan, kaka nola egin irakatsiko dute, baita marrazten eta birziklatzen ere.

«Gure haurrentzat egindako marrazkiak dira, eguneratuak, gaur egungo gatazka eta bizipenetara egokitutakoak», Martinezen iritziz. Musikariak ez ezik, irakasleak ere badira hura eta Aparicio —beraz, ondo ezagutzen dituzte adin horietako haurrak—, eta halako sorkarien «beharra» ikusten zuten.

Andre «apurtzaileak»

Gai jakin batzuk lantzeko ez ezik, mundu ikuskera bat transmititzeko asmoa ere badu proiektuak, Bergararen hitzetan. Besteak beste, berdintasunean oinarritzen dira marrazkiak. Eta protagonistetan euretan ere islatzen da irizpide hori. Bi neska gazte dira, musika banda bateko kideak, eta emakume «apurtzaileak eta gogorrak» dira, sortzailearen arabera. «Marrazkietan erakutsi ohi ez dituzten modukoak».

Ile arrosa du Laiak, eta berdea Loak. Guztira, lau kide dira musika taldean: Nikok —ile laranja du, eta praka arrosak— eta Qiangek —gurpil aulkian doa— osatzen dute laukotea. Koloreak ere ez dira ausazkoak, Caballeroren arabera. «Bakoitzak bere janzkera eta izaera du, eta koloreekin ere berdintasuna islatu dugu: koloreak guztienak dira». Irudi sinpleetara jo du ilustratzaileak. «Marra apurtzen ausartu naiz, dinamismoa eta punk izaera emateko». Zerbait «erakargarria eta ikusteko sinplea» sortzea zuten xede, Bergararen esanetan.

Proiektua Bergarak eta Caballerok osatutako Paraxut ekoiztetxeak ordaindu du, nagusiki; hau da, sustatzaileek eurek finantzatu, eta euren denbora librean garatu dute. Eusko Jaurlaritzak diru laguntza bat eman die, eta musikaren zati bat ordaindu dute horrekin; halaber, Burutü publizitate eta komunikazio agentziaren eta CMYK ilustrazio digitaleko eskolaren babesa izan dute. Laster denda digital bat irekitzeko asmotan dabiltza, orobat. «Animazioa oso garestia da», Bergararen hitzetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.