EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Fakultatean, irratiari buruzko eskolak ematen dituArantza Gutierrezek (Donostia, 1965).
Eusko Jaurlaritzak azaroan esan zuen irrati lizentzien lehiaketa hasieratik egin nahi duela. Enpresek jarritako helegiteen kontra, Espainiako Auzitegi Gorenera joko du. Aurreko lehiaketa amaitu edo berria abiarazi, urteak pasa daitezke.
Jaurlaritzaren lehentasunen artean ez dago lehiaketa abiaraztea. Ez du inolako presarik. Auzia luzatu egingo da, baina ez bakarrik Espainiako Auzitegi Gorenera joko duelako. Lehentasunen artean lehiaketa ez egoteak du pisua.
Duela 28 urtetik ez da lizentziarik banatu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eta PSE-EEren gobernuak hasitako prozesua bertan behera gelditu zen. Zergatik hainbeste urte lizentziarik banatu gabe?
Ez dagoelako inolako presarik egoera aldatzeko. Ez dago asmorik kaosean ordena jartzeko. Une batean irrati digitala etorriko zela ematen zuen, baina porrot egin zuen. Madrilgo legearen zain egon dira Jaurlaritzako gobernuak, eta, bitartean, ez da asmorik izan lege propiorik egiteko. Juan Jose Ibarretxe lehendakari zela, Ramon Zallo lanean aritu zen lege batean, baina ez zen aurrera eraman. Batzuk oso eroso daude egungo egoerarekin.
Zer proposatzen duzu irrati libre eta komunitarioentzat?
Euskal Autonomia Erkidegoan eta beste erkidego batzuetako lehiaketetan irrati komunitarioek irrati komertzial handiekin lehiatu behar izan dute, liga berean. Hor komertzialak ateratzen dira garaile. Proposatu dut irrati komunitario batzuentzat udal irratien maiztasun espektroa gordetzea. Udal irratientzat tarte bat gorde zen, baina Hego Euskal Herrian ez da garatu udal irratien fenomenoa. Oso udal irrati gutxi daude. Inbertsio handienetakoaGetxokoan egin da (Bizkaia), baina egunean 45 minutuko saio bat baino ez dute egiten. Andaluzian (Espainia) irrati komunitarioek udal irratien tarte hori har zezaten eskatu zuten, eta gaia aztertzen ari dira. Horrek guztiak ez du esan nahi irrati komunitarioek juridikoki udal irratiak izan beharko dutenik. Frekuentzia batzuk hutsik edo gaizki okupatuta daude, eta eremu bat bada zenbait irrati komunitarioentzat.
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak legez ahalbidetu dezakete hori?
Bai. Erkidego bakoitzari dagokio hori antolatzea.
Proposamena aurrera aterako balitz, zertan lagunduko lioke irrati komunitarioen sektoreari?
Kasu batzuetan legearen babesa jasoko lukete. Segurtasun faltaren aurrean, pauso bat litzateke zenbait irratirentzat. Sareak egiteko aukera bat ere emango lieke; esate baterako, Ipar Euskal Herrikoak bezalakoak.
Jaurlaritzak, lehiaketa berriro egingo balu, zer irizpide eta erreserba gorde behar lituzke?
Ez lirateke frekuentzia gehiago eman beharko gaztelaniazko proiektuentzat. Nire iritziz, diala ikusita, lizentzia guztiak euskarazko proiektuentzat izan beharko lukete. Gainontzeko irrati guztietan euskarazko kuotak jarri beharko lirateke. Irrati komunitarioentzat ere erreserbak gorde beharko lirateke. Baldintza berberetan irrati komertzial handiekin lehiatzera kondenatzen baditugu oso zaila izango dute.
Arantza Gutierrez. EHUko irakaslea
«Lizentziak euskarazko irratientzat behar dira»
Arrosa irrati sareak antolatuta, irratigintzari buruzko jardunaldiak egin dituzte Bilbon. Gutierrezek proposatu du zenbait irrati komunitariok baliatu ahal izatea udal irratien maiztasun espektroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu