Komunikazioa. Jose Luis Padron. 'Lizardiren baratza' saioaren gidaria

«Lizardik esango luke bazela garaia poesiaz saio bat euskaraz egiteko»

Euskadi Irratian, poesiari eskainitako irratsaio bat sortu dute aurreneko aldiz. Ostegunetan entzun daiteke, 20:00etan.

urtzi urkizu
Donostia
2011ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Poesiari dion maitasunaz ari da irratian Jose Luis Padron (Legazpi, Gipuzkoa, 1970). Hamar saio egingo ditu irailaren erdialdera arte, baina itxaropena badu etorkizunean programak jarraipena izango duela.

Zer esango luke Lizardik irratian euskaraz poesiari buruzko saio bat entzunda?

Haren lana eta bere pentsamolde poetikoa ezagututa, batetik ez luke sinistuko, baina bestetik esango luke bazela garaia. «Nolatan itxaron behar izan ditugu 70-80 urte horrelako saio bat entzuteko?», galdetuko luke.

Zer sinbolizatzen du zuretzat Lizardiren baratza izenak?

Betiko poesiaren eta gaur-gaurko poesiaren arteko lotura. Hizkuntza poetikoan sustraitzen da saioa. Baratzak fruitu berriak ematen ditu, eta, horrenbestez, iragana eta etorkizuna batzen dira bertan.

Zein izan daiteke poesia jendearengana eramateko modurik errazena eta egokiena?

Gauzak kariñoz eta maitasunez egitea. Poesiari zor diodan maitasunaren isla izango da programa. Ni ez naiz esataria, poesia asko maite duen pertsona bat baizik. Eta sentimendu horixe transmititu nahi dut. Seriotasunez aritu nahiko nuke, baina modu arin batean. Punk erromantiko baten kutsua eman nahiko nioke saioari. Ordu erdi batean modu atsegin batean konturatu gabe poesiaz aritu gintezke, molde guztietako adierazpenekin: olerkiekin, hitzezko aurkezpenekin eta musikarekin. Ez nuke inolako ikastaro trinkorik eman nahi, baizik eta guztioi dagozkigun gaiak ukitu.

Olerkizaleei soilik zuzendutako programa al da Lizardiren baratza?

Ez, inola ere ez. Jakin-min pixka bat eta sentsibilitatea duen edonorentzat egina dago. Edonork irratia piztu eta saioa entzuten duenean, uneren batean edo bestean bere burua hor islatua izan dezala.

Zeintzuk dira atalak?

Poesiari buruz egun dauden iritziak emango ditugu. Poemak poeten ahotsean entzungo ditugu. Postariak beti... atalean, berrikuntzak izango dira. Paper euritsuak tartean, berriz, musika eta letren arteko lotura entzungo da. Eta Orainak orain-en, entzulearekiko elkartasun keinu bat egingo dugu poema batekin. Albiste bitxi batetik abiatuta, hausnarketa poetiko bat ere egingo dugu.

Nekatuta al zaude «ez dira garai onenak lirikarentzat» esaldia entzuteaz?

Nekatuta ez; ez nago ados, besterik gabe. Aurreneko saioan esan nuen bezala, garai guztiak dira onak lirikarentzat. Garai guztietan dago aukera idatzi gabe dagoen olerkia idazteko.

Zer irudi edo metafora sorrarazten dizu irratiko mikroaren aurrean egoteak?

Entzulearen bihotzeraino sartzeko zubi zoragarri bat da mikroa.

Euskarazko olerkigintzan, mota guztietako poemak irakur daitezke gaur egun. Aberastasun horretatik edateko aukera baduzu, ezta?

Bai, aukera handia, gainera. Kattalin Ansorena eta biok saiatuko gara aberastasun hori saiora eramaten. Saioko tarte laburrean iraganeko poeta klasikoak berreskuratuko ditugu, baina, batez ere, olerkari berri eta gazteen testuak eraman nahi ditugu. Idazle berriei arreta bereziajarriko diegu. Gero, entzule bakoitzak sakondu eta jarraituko dio arrastoa aipatuko dugun olerkariari.

Oraingoz, udan emitituko da Lizardiren baratza, baina udazken partean argitaratu ohi dira olerki liburu batzuk Durangoko Azokari begira. Ez al litzateke pena saioa udazkena baino lehen bukatzea?

Nik merituak egin nahiko nituzke saioak jarraipena izan dezan. Horretarako, entzuleen laguntza ere beharko dugu. Ea denon artean lortzen dugun saioak segi dezan eta Euskadi Irratiko programazioan poesiak txoko bat izan dezan. Erabakia ez dago nire esku, baina ni ez banago ere, ea halako saio batek jarraipena duen.

Irratiko esatarien hizkeran poesia aurki daiteke batzuetan. Adibidez, egin al daiteke poesia kirol emanaldi batean?

Bai, iruditzen zait esatari batzuek nahita edo nahi gabe lortzen dituztela irudi poetiko eta metafora zoragarriak. Irratian eta telebistan euskarazko esatari bikainak daude, hizkuntzaren edertasunaren bila dabiltzanak.

Irratia bera poesia izan al daiteke neurri batean?

Bai, izan daiteke. Nik esan dezaket entzule moduan lotura estua izan dudala Euskadi Irratiarekin. Euskararen barrutik ibiltzeko modu eder bat iruditu zait irratia. Esatarien esateko modu berriak entzun izan ditugu maiz. Eta, bestetik, irratia tresna baliagarria izan daiteke euskara batu poetiko bat zabaltzeko. Iritziak eta ideologia kontuak albo batera utzita, Euskadi Irratiak xarma berezia du euskal entzulearentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.