ATZEKOZ AURRERA

Literaturaren gazte begirada

Ikusi Mikusi haur eta gazte literaturaren azokak 1.200 ikasleri egin dio batzarri eskolen egunean, atzo. Gaur ere Sara osorik hartuko du euskara hutsezko bigarren azoka honek.

Maialen Alfarok Altxorraren bila liburua kontatu die bisitariei. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Sara
2022ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Begiek manatzen duten eguna du Sarak(Lapurdi). Zer ikusi, zerk erakarri, hartarako tirria ukan, oinek harat eraman dute bisitari gaztea, liburuzko etorbideetan barrena. Karrikak autoz hustu dituzte, soa galdu ahal izateko koloretako orriek diseinatu irudimenean, batere arranguratu behar izan gabe ezker eta eskuinera begiratzeaz plaza zeharkatzeko.

Zangoek ez dute begirik beharko egun eta bihar; tradizioari leial, literaturak markatu du egun herriko giza trafikoa. Ikusi Mikusi haur eta gazte literatura azokak bigarren aldikoz zabaldu die borta euskarazko letra, marrazki eta haien inguruko animazioei.

Pilota plaza hartua dute Urdazubi-Zugarramurdiko (Nafarroa) ikastetxeetako ikasle-erakasleek, akrobazietan galdua dute oreka, azieta txinatarrak zirien puntan biratuz etzanak atxikitzen entseatzen dira.

Hortik hurbil, Hazparneko Ezkia ikastolako taldeak amiñi bat galdua irudi du; Maialen Alfaroren tailerra dute helmuga, baina ez dute oraino Larrun gela ediren. Uroski topo egin baitute Jose Cazaubon Sarako Herriko Etxeko kultura arduradunarekin, zeinak bideratu baititu zalu Larrun gelarat. Goiti abian den karrika mugatzen dute hegi bakoitzean lurrean zutik eta zabalik diren liburuek, murru gainean edo hari batetik txilintxau direnek.

Suharriagatik hurbil egin die batzarri ikasle andereñoei Alfarok. Murgildu ditu altxorraren bilaketa batean, norbera bere baitaratzeko ariketak direla medio: «Diamanteak» irudikatu ditu Miarritzeko (Lapurdi) Itsas Argi ikastolako ikasle batek; «goxokiak» beste batek; «txanponak» edota «bixkotxak» bertzeek. Altxorren bila liburuari segika, publikoak elkarri masajeak egin dizkio, eta «ongi entzun du bere gorputza». Funtsean, altxorra norberak bere baitan baitu.

Jabaldurik ilki dira bisitariak, eta beheiti abiatu, Lurberri gelarat, 15 euroko balioko txartela laket duten liburuaren truk baliatzeko. Kamiseta turkesa argia beztitua dute Baionako Bernat Etxepare lizeoko hiruko ikasle-laguntzaile brigadek, antolaketan ezinbertzeko piezak.

Haur parkea gainezka da, haurrez eta irudimenez. Oztibarreko ikastolako Mirentxu Lako andereñoak kausitu du norgehiagokan gailentzea: liburua leitzen ari baitzaie bisean bis dituen begi borobil eta zabal-zabalei, gorgoinei bizkarra emanez. «Atzeman gaitu liburuak! Alta herioaz ari da! Sekulakoa», ñir-ñir dauka so lausoa.

Ikasleak ikusle

1.200 ikasle jin dira bazter orotarik. Ziburuko (Lapurdi) Piarres Larzabal kolegioko eta Orioko (Gipuzkoa) ikasleek elkarrizketa dirdiratsua egin diote Yolanda Arrietari, Kanaldudek apailaturiko telebista platoan. «Gustukoa izan dut zure erantzuna, jostearena...», erran dio Arrietari Pantxika Maitia kazetariak.

Paxkal Indo antolatzailea izerditan iragan da, irrizu. Irakurketa musikatua animatzen ari da Amaia Hennebutte antolatzaile kidearekin batera, saio bat bertzearen ondotik.

Mattin marrazkilariak ez du marrazteko tarterik, Ixabel Agirresarobe ipuin kontalariarekin batera batzarri egiten baitiete tai gabe agertzen zaizkien gazteei. «Bihar bai, jarriko naiz marrazten, baina gaur ez, arnasa hartu beharra dut haiekin egoteko!».

Kanpoan, itzalean, mahai batean kontzentratua du begirada Maia Etxandik, arratsaldean moderatu beharko duen mahai ingurua prestatzen ari baita: Euskaraz sortu edota euskaraz itzuli?.

Bizkitartean, Sarak ez die begirik kentzen Axularren lumari segida eman diezaioketen orori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.