Txabi Arnal. EHUko irakasle eta ikertzailea

«Literatura baliabide aproposa da haurrekin heriotza lantzeko»

Haur literaturan heriotza nola jorratzen den aztertu du Txabi Arnalek. Liburu horiek argitara atera behar direla aldarrikatu du, oso modu ausartean eta naturalean heltzen baitiote gaiari.

Ilargi Agirre.
Donostia
2012ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Lehenago edo geroago guztioi egokituko zaigu noizbait, ezin baitzaio zoriari ihes egin. «Pentsa, aberatsak ere hiltzen dira», dio Txabi Arnalek (Ermua, 1967). Heriotza haurrei modu naturalean azaldu behar zaiela pentsatzen du Arnalek. Gasteizko Irakasle Eskolan irakasle da, eta haur literaturan heriotza nola lantzen den aztertu du berriki egindako tesian. Hasierako hipotesi ugari irauli, eta ezustekoak hartu ditu ikerketa egin ahala.

Zein argitalpen aztertu dituzu?

1980tik 2008ra bitarteko 57 albumekin egin dut tesia. Gaur egungo haur literatura aztertu nahi nuen, bizirik zeuden liburuak izan zitezen. Norbait interesatuta egonez gero, liburutegietan edo liburu dendetan erraz topatzeko modua izan dezan.

Nola lantzen da heriotza argitalpen horietan?

Orokorrean oso modu ausartean lantzen da. Nik hasieran uste nuen album horiek kutsu pedagogikoa izango zutela, batik bat; mezuak izango zuela lehentasuna eta ez literaturak, eta panfleto itxura hartuko zutela, gai deserosoetan askotan gertatzen den gisan. Baina ez da horrela izan. Balio literario handiko liburuak dira.

Nor hiltzen da normalean?

Haur literaturan animaliak izaten dira protagonistak askotan. Baliabide horrekin, heriotzaren eta haurraren artean iragazkia jartzen da. Hiltzen dena animalia bada, tristea da gertaera, baina tristura areagotu egiten da gizaki bat denean. Ezustekoa hartu dut, ordea, heriotzarekin lotuta daudenak gizakiak baitira, batez ere. Gehien hiltzen dena aitona da. Naturala da hori; haurrak bizitzan heriotzarekin izaten duen lehen esperientzia normalean horrela izaten baita. Ama ere hiltzen da album batzuetan, eta haurrarentzat ama erreferentziazko pertsonarik garrantzitsuena da. Gutxi batzuetan, protagonista bera, haurra, hiltzen da.

Heriotza hitza bera azaltzen al da literaturan?

Terminoa ez da askotan ageri. Heriotza jorratzen duen liburu batek heriotza ez aipatzea bitxia da. Tabuaren barneko tabua zela pentsatu nuen hasieran, baina ez dugu ahaztu behar obra literarioak direla, eta egileak erabakitzen duela nola transmititu ideia. Heriotza bidaia batekin parekatzen da, aitona ez dagoela esaten da, besterik gabe, edo ez dela mugitzen. «Aitona hil da» ez da erabiltzen.

Gaztelaniazko albumak aztertu dituzu tesian. Euskal literaturan nolakoa da egoera?

Oso liburu gutxi aurkitu nituen euskaraz, eta ez zen nahikoa tesia egiteko. Egon badaude: Pello Añorgak, esaterako, Aio Aio liburua dauka, eta Mariasun Landak Aitonaren txalupan idatzi zuen.

Aztertu dituzun liburuen artean zeinek piztu dizu arreta?

Regaliz-ek, Sylvia Van Ommenena, eta Como es posible-k, adibidez. Heriotza desmitifikatu egiten da lan horietan, eta hori da, hain zuzen, helburua. Heriotza oso tristea da, baina naturala eta unibertsala da aldi berean. Gaur egun, eskola curriculumean ez zaio tarterik eskaintzen. Ingurune ikasgaian gure haurrek bizitzaren faseak ikasten dituzte; jaiotza, nerabezaroa... Eta heriotza ez da inon agertzen. Eskolako norbaiti aitona hiltzen zaionean irakaslea zer egin jakin ezinda geratzen da. Lan honen helburua hutsune hori betetzea izan daiteke. Literaturak ez dauka erantzunik, baina baliabide aproposa da haurrekin heriotza lantzeko.

Eta erabiltzen al da eskolan?

Heriotzaren inguruko liburuak ez dira irakurtzen, eta heriotza gertutik bizitakoan hasten dira gaia lantzen antidoto gisa, une egokia delakoan. Agian ez da momentua. Liburu horiek balio literario handikoak dira, eta edozein egunetan irakurri behar dira, haurrentzat onuragarriak baitira. Gaia ez dela aproposa iruditzen zaigu, eta liburu horiek ez dira erosten. Liburu horiek argitara atera behar dira.

Zer kontatzen da Regaliz liburuan?

Regaliz-en protagonistak katua eta untxia dira. Parkean zeruari begira daude, eta batak besteari esaten dio 'pentsatzen al duzu hil ondoren zerura joango garela? Han goian ezagutuko al gara?'. 'Zu lasai egon, ikusten garenean berriro ere lagunak izango gara', erantzuten dio besteak. Kasu horretan, heriotza aitzakia baino ez da, eta bigarren planoan geratzen da erabat. Laguntasunak iraungo duen kezkatzen ditu benetan.

Heriotzaren irudikapenak nolakoak dira?

Eskeleto itxura hartzen du gehienetan. El pato y la muerte liburuan, heriotza etxeko zapatila eta jantziekin ageri da. Heriotza oso familikoa dela adierazi nahi du idazleak horrela.

Zer ondorio gehiago atera dituzu?

Heriotza ikuspegi laikotik lantzen da, alegia, heriotza fisikoa ikusten da, eta bizitza zikloaren amaiera gisa agertzen da. Erlijioaren pisua oso txikia da. Horretaz gain, generoaren trataera orekatua da oso. Aztertu ditudan lanetan, heriotza baten inguruko sentimenduak emakumeek zein gizonezkoek azaleratzen dituzte. Mutiko gehiago daude, gainera, mindunak. Heriotzarekin oso lotutako sentimendua da beldurra, eta beldurra, batez ere, mutikoek adierazten dute.

Nola kontatu behar zaio haurrari norbait hil dela?

Albistea eman egin behar zaio behintzat. Egia ezkutatzea ez da ona. Batzuetan gezurretan ibiltzen gara, eta horrek kalte egiten dio haurrari. Lehenago edo geroago jakingo du hildakoa ez dela berriz itzuliko, eta orduan sufrimendua bikoitza izango da, gu gezurretan aritu garela ohartuko baita. Nola esan behar zaion? Begietara begiratu eta kontatuta. Bakoitzak jakingo du haurraren izaeraren arabera nola jokatu behar den.

Adinaren arabera nola ulertzen dute heriotza?

Heriotzaren zentzua aldatu egiten da urteekin. Hiru urteko haur batek hildakoa berriz bueltatuko dela pentsatzen du. Sei urtekoak badaki ez dela itzuliko baina berari ez zaiola pasatuko iruditzen zaio, eta, bederatzirekin, berari ere gerta dakiokeela antzematen du haurrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.