Irudigilea

Jose Antonio Morlesin: «Literatur genero bakoitzak bere lengoaia propioa dauka»

Liburuen azaletan, ohikoak dira baliabide erretorikoak, Morlesinen esanetan; metaforak, kasurako. Mezuak ez dira literalki agertzen, eta, horrenbestez, «jakin-mina» eragiten diote irakurleari.

(ID_13386025) (Aritz Loiola/@FOKU) 2023-11-28, Bilbo. Jose Antonio Morlesinek hitzaldi bat eman du Foru Liburutegian krimen nobelet...
Jose Antonio Morlesin, Bilboko Foru Liburutegian. 'Egungo euskal krimen-literatura' liburua du aurrean (EHU, 2021); lan horretarako, euskarazko polizia nobela azalei buruzko artikulu bat idatzi zuen, Susana Jodra Llorenterekin batera. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
2023ko abenduaren 1a
05:00
Entzun

Liburuaren azala izaten da maiz irakurlea limurtzeko gakoa. Hala, alde asko hartzen dira kontuan diseinatzeko orduan, Jose Antonio Morlesin (Gasteiz, 1985) irudigile eta EHUko Arte Ederretako irakaslearen arabera: garrantzia du irudiak, tipografiak, koloreak... Krimen nobeletako azalez mintzatu zen Morlesin asteartean Bilbon, Bizkaiko Foru Liburutegian.

Azala interpretazio bat da? Hautaketa bat, ezinbestean?

Hurbilketa asko egon daitezke: diseinatzailearen arabera, argitaletxearen helburuen arabera… Baina, askotan, irakurtzera gonbidatuko duen diseinu bat planteatzen saiatzen dira.

Irudi esplizituekin lortzen da hori?

Askotariko baliabideak daude. Bildumaren diseinuak ere baldintzatzen du. Batzuetan, nahiago dute argazkiak erabili, ilustrazioak, artelanak… Interesgarria da, beste helburu baterako egindako lanak baitira. Eta interesgarria da ikusizko erretorikaren erabilera ere. Literaturan bezala, metaforak, metonimiak eta halako figurak erabiltzen dira, baina ikusizko eremura eramanez.

Nola eramaten dira?

Adibidez, metafora da antza daukaten bi elementuren arteko ordezkapena. Antz hori izan daiteke fisikoa edo kontzeptuala. Elementu bat beste batekin ordezkatzen da azalean, eta irakurleak dezifratu egin behar du planteatzen zaiona, askotan ez baita literalki agertzen. Eta, ez denez literala, jakin-mina sorrarazten dio irakurleari.

Adibiderik?

Jon Arretxeren Toure detektibearen eleberrietako baten azala, Sator lokatzak liburuarena [Erein, 2016], oso metaforikoa da, eta harremana dauka ikusizko poesia artelanekin. Kolorearen aldetik, Jon Alonsoren Zintzoen saldoan eleberrian [Txalaparta, 2012] sukaldari kapela bat agertzen da, odolez zipriztindua; iradokitzailea da, oso literala izan arren. Eta Anjel Lertxundiren Zoaz infernura, laztana-n [Alberdania, 2008], soineko gorri bat agertzen da, letra zurietan gainjarria, eta hondoa guztiz beltza da.

(ID_17013318847685) Sator lokatzak
Jon Arretxeren 'Sator lokatzak' (Erein, 2016) nobelaren azala, Cristina Fernandezek diseinatua. Metaforarantz jotzen du, Morlesinen esanetan. EREIN
Zoaz infernura laztana-ren azalean, tipografia nabarmentzen da batez ere. Nola ematen zaio adierazkortasuna tipografiari?

Letra zeinu grafikoa denez, oso tresna eraginkorra izan daiteke esanahi grafikoak edo ikusizkoak bideratzeko. Askotan, tipografien ezaugarri formalak erraz erlaziona ditzakegu garai historiko batekin, baita estereotipo batekin ere. Adibidez, polizia generoan, idazteko makinen letra mota da askotan burura datorkigun letra tipoa; zuzenean iradokitzen ditu polizia txostenak. Esaterako, tipografia hori erabili zen Jose Antonio Loidiren Hamabost egun Urgainen eleberriaren 1980ko edizioan [Edili]. Eta Lertxundiren nobelaren azalari dagokionez, trazu lodiko tipografia bat da, eta irudia gainjartzea oso ondo datorkio: letrek mihisea dirudite, oso lodiak baitira, eta bloke moduko konposizio bat eratzen baitute, oso sendoa; horrek ere ikusizko inpaktua nabarmentzen du.

Zein dira elementu esplizituen indarguneak? Odol zipriztinena, esaterako.

Genero bakoitzak bere lengoaia propioa dauka. Odol zipriztinak kode sorta horretako estereotipo bat dira; eta kolore beltza, gorria eta zuria, eta horien arteko kontrastea, askotan erabili izan da, bai krimen literaturan, bai beldurrezko literaturan. Filmen posterretan horren garapena ikus daiteke; estereotipoak oso modu argian erabiltzen dira. Irakurleak badaki zertaz hitz egiten dion liburu azalak.

Beraz, filmek eragiten dute azalen diseinuan?

Bai, guztiz. Elkarren arteko truke bat dago. Adibidez, zineman errotu egin da detektibearen irudi arketipikoa, eta jauzi egin du liburuen ilustrazio askotara.

(ID_17013317368195) Bizi nizano munduan
Jim Buckelsen irudi bat erabili zuten Itxaro Bordaren 'Bizi nizano munduan' nobelaren azalerako. Morlesinen irudiko, paisaiari ematen dio garrantzia. SUSA
Kolore ilunetara jotzen da, oro har. Baina badaude salbuespen batzuk. Kasurako, Itxaro Bordaren Euri zitalari esker nobela, Ainara Azpiazu Axpi-k ilustratua (Susa, 2021). Kolore argien erabilerak beste kode bat ezartzen du krimen nobelen lengoaian?

Bai. Itxaro Bordaren beste liburu baten azalerako, Bizi nizano munduan [Susa, 1996], Jim Buckelsen artelan bat erabili zuten: irudi oso koloretsua da, bukolikoa, eta paisaiari ematen dio garrantzia. Eleberriek daukaten ildo tematikotik oso hurbil dago, hala esango nuke. Uste dut estereotipoak apurtzen dituela, eta oso aberasgarria eta beharrezkoa da hori. Hain definituak dauden generoetan, estereotipoetatik aldentzea oso interesgarria da, beste ikuspuntu eta irakurketa batzuk lantzeko.

Estereotipoak gorabehera, badaude elementu bereizgarriak tokian tokiko literatur tradizioetan?

Aldakorra da, edizioen arabera aldaketak egon daitezke... Adibidez, Toure detektibearen azalak ez dira berdinak jatorrizko edizioan eta gaztelaniazkoan.

lotsabako

Eleberri beltz bat? Toure detektibearen eleberriak irakurtzen ari naiz.

Azalen diseinatzaile bat?

 Antton Olariaga. Euskal literaturako azal asko egin ditu.

Zer libururen azala diseinatu nahiko zenuke?

Klasikoen azalak. Erronka bat da horiek eguneratzea, eta guztiok ezagutzen dugun liburu baten irakurketa berri bat egitea, diseinuaren bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.