Lilurarik ez!» idatzi zuen Bertolt Brechtek Liluraren kontra poeman. Kontrako bidetik, liluraren alde agertu da Mikel Belaskoain artista (Iruñea, 1965). Liluraren alde, magiaren alde eta ezustekoaren alde. Bere arteari lelo bat zizelkatu beharko balio, hori izan zitekeen bat. Zuhaitz artean eman du bere mezua, atzera begirako erakusketa paratu baitu Bertizko jaurerriko lorategian: Lilura. Hilabetea bukatu arte ikusgai dute parkeko bisitariek, eta, etzi, Belaskoainek berak azalpenak emanen ditu bertatik bertara, 17:30ean.
Bertizko lorategiak ehun urte baino gehiago ditu. Sarrera pasatu, eta berehala aditzen dira Holly Miranda estatubatuarraren basoko doinuak. Bat, bi eta hiru. Hiru eskultura soil, belarretan, berdeen artean kolore primario biziak proiektatzen. Bat, bi eta hiru: Ninfa, Zaldioilo eta Ongiaren eta gaizkiaren landarea. Eskulturetan, botoi bat. Klik. Eta haur batzuen ahotsak hasi dira eskultura horrek zer iradokitzen dien kontatzen. Gero istorio bat ere bai, eskulturako irudiari lotutakoa.
Aurrera eginda, doinua atzean gelditzen da. Doinu fina da; basoarena izan zitekeen. «Musika ez da batere inbaditzailea», zehaztu du Belaskoainek. «Kolore primarioak naturarekin batzen dira hemen; primeran urtzen dira basoan». Bideari jarraikiz, beste eskultura bat han: Totem snake. Banbuen artean kolorez jositako pieza txikiak ageri dira, baita zuhaitz batzuen enborretan ere. Han beste pertsonaia bitxi bat: Zorte on deitzen da. Eskulturak lorategian sakabanaturik daude, nork aurkituko zain.
Baso bat proiektuan egindako piezak dira, iaz Holly Mirandarekin eta Garcia Galdeano ikastetxeko ikasleekin batera sortutakoak. Eskulturek mugimendu sentsore bat dute, eta orduan hasten da Mirandaren doinua. Horietaz gainera, Poema proiektuko lanak ere badaude lorategian barreiaturik. Margolan handiak dira, kanpora ateratzen den kristal batek babestuak. Obra bakoitza poema bati loturik dago, eta poema horiek jauregian irakur daitezke. «Kristalak leuntasuna irudikatzen du, baina baita isla ere. Obrari begiratzen diozularik, inguruaren eta zure buruaren isla ikusten baituzu», azaldu du artistak. «Izan ere, ideia kuantikoaren arabera, gauzak ikusteko moduaren araberakoa da dena, eta gu, berriz, ikusten dugun horren parte eta ispilu gara».
Ezustean, artea
Bi atal ditu erakusketak. Bat lorategian dago ikusgai; bestea, jauregian. «Obraren eta tokiaren arteko nahasketa bat da azken emaitza. Bertiz inguru natural ikusgarria da, eta beharrezkoa da errespetatzea. Beraz, ikusmenari dagokionez oso instalazio arina da, nahiz eta egin ditudanetan handienetako bat izan. Artelanak handiak dira, baina, lorategian, txikiak direla dirudi. Izan ere, espazioarekin bat egitea nahi nuen, eta bigarren plano batean gelditzea», azaldu du Belaskoainek.
Beste gakoa sorpresarena da: «Bisita bera da garrantzitsuena, eta parte poetikoa da espero ez zenuen zerbaitekin topo egitea. Hori da erakusketa honen oinarria: ezustea eta magia. Bilatzen ari ez zinen zerbait gertatzea baita magia». Eta hori da Bertizera bisitan doazenek aurkitzen dutena: ezustean, Belaskoainen obrak ikusten dituzte zuhaitzen artean. Hori gertatu zaio Milagros Zorrozari. Iruñetik joan da, aspaldiko partez, Bertizera. «Ilusio handia nuen hona etortzeko; seme-alabak txikiak zirenetik, ez naiz hemen egon». Lorategian sartzean, ezohiko zerbait aurkitu du: kolore biziz jantzitako eskulturak. «Sartu naizenean ohartu naiz eskultura horiek zeudela, eta ez nion zentzurik harrapatzen. Gero, Belaskoainek obra azaldu digu jauregian, eta orduan bai. Egia esan, ederra da».
Beste batzuei, inguruak berak sortzen die lilura eta ezustea. Jorge Merida Madrildik ailegatu da Bertizera. Baztan bisitatu nahi izan du, Dolores Redondoren liburuek erakarrita. «Ez genekien nolakoa zen lekua, eta ez genekien erakusketa hau zegoenik ere. Hala ere, kultura zabaltzea beti onuragarria dela uste dut. Gainera, inguru hauek ederrak dira».
Ezustearen alde egin du Belaskoainek, eta horren arrazoia ere azaldu du: «Prozesu artistikoetan lan eginez, ohartu naiz gehien iristen dena ez dela sorkuntza prozesuaren alde arrazionala, baizik eta irrazionala, ustekabekoa». Poesia interesatzen zaio, eta arteak alde poetiko nabarmena duela uste du. Ez hori bakarrik: «Garai hau oso arrazionalista da, eta uste dut arteak beti izan duen rol bat aldarrikatu behar dugula: fantasia, irudimena eta magia berreskuratzearena. Orain, badirudi denak erabat pentsatuta egon behar duela, eta nik primariora jotzen dut: koloreen bilaketa eta artearen alde prehistorikoena».
Liluratik eta magiatik ere izan zuen Bertizko lorategian dauden eskulturen proiektuak. «Prozesu harrigarria izan zen 10 urteko haurrekin lan egitea. Identitatea nahiko eraikia dute, baina haur inozentzia horri eusten dute. Beraz, lana erabat zuzena izan zen: etengabeko ideia jario bat izan zen. Esaten zituzten gauza askok, gainera, bat egiten zuten nik obran ikusten nuenarekin», kontatu du artistak.
Ola, hamar urtez martxan
Erakusketak badu bigarren partea, jauregian. Atzera begirako erakusketa bat da, eta han azaltzen dira Arte Berriaren Fabrikarekin egin dituen proiektuak. Belaskoainen arte fabrikak hamar urte bete ditu, eta urteurrenaren harira muntatu dute erakusketa Bertizen, Nafarroako Gobernuaren Kultur programazioaren barruan.
Fabrikak beste arte diziplina batzuekin eta jakintzaren beste alor batzuekin elkarlanean aritzea izan du helburu proiektu guzietan. «Urte hauetan sortu den energia islatu nahi izan dut erakusketa honetan», esan du Belaskoainek. Jauregira doana artistaren liluran murgilduko da, eta ongi ezagutuko du haren mundu magiko eta koloretsua.
Liluraren alde
Bertizko jaurerriko lorategian, Mikel Belaskoain artistaren lanak aurkitzen dira ustekabean,'Lilura' erakusketan. Hilabetea bukatu arte egonen dira han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu