Korapiloak ez dira beti askatzeko izaten. Egin daitezke korapilo ederrak, eta estu askoak, askatu beharrik ez dutenak. Eta izan liteke korapiloa bera beste zerbait askatzeko aitzakia ere: izan sormena, izan ezagutza, izan kidetasuna. Atzo Ataunen (Gipuzkoa) elkartu ziren hamabi emakumeek korapiloak egin zituzten, harremanak estutu zituzten, eta ezagutza askatu. Lihoaren inguruan txirikordatu ziren, korapilorik ederrenean.
Leire Aiartzaguena azalpenak ematen eta lihozko poltsa bat erakusten, atzoko ikastaroan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Barandiaran museoak antolatutako tailer praktikoa: makrame ikastaroa liho zuntzekin. Ez da ohiko ehuna lihoa makramea egiteko. Hori egin zitzaien erakargarri atzo museoko ganbaran lehenengo eta oilategian hurrena elkartu ziren hamabi emakumeei. Leire Aiartzaguena iurretarrak gidatu du tailerra. Eta harena izan da lehen txirikorda: ingurumen hezitzailea baita, baina Ehule izeneko proiektuaren sortzailea ere bai —kakorratza eta makramea erabiliz, kalamuzko eta lihozko produktuak egiten dituzte—.
Ganberaren ilunean emandakoak dira lehen azalpenak: «Euskal Herrian emakumeek landu izan dute beti lihoa, eta prozesu ia osoa gidatu. Eurak izan dira beti protagonista». Aiartzaguenak azaldu du nola den lihoa (Linum usitatissimum) landare urterokoa eta belarkara, nola duen lorea urdin kolorekoa, nola hasi den jada gurean loratzen, eta nola dituen erabilera ezberdinak: «Liho olioa kosmetikan erabiltzen da, badu erabilera terapeutikoa ere, eta, nola ez, ehungintzan erabiltzen da». Aspalditik erabili ere, lihoa baita ehungintzan erabili zen lehen landare zuntza: egiptoarrek erabili zuten estreinakoz.
Lihoa zuntz bihurtzeko tresneria, atzo, Barandiaran museoko ganbaran. IDOIA ZABALETA / FOKU
Larre osoak hartzen zituen lehen lihoak baserrietan. Han eta hemen modu naturalean hazten da orain gurean, eta Aiartzaguenak nabarmendu du ez duela ia hondakinik sortzen, dena aprobetxatzen dela — «dituen fruitu kapsula borobil horiek kenduta, beste guztia»—. Eta azaldu du landarea zuntz bihurtzeko prozesua, eta haren nekeza. Nola atera behar den landarea sustrai eta guzti, nola lehortu behar den lehenengo, eta nola busti behar den ondoren. Prozesua alekatu du, hitz ale ederrak erabilita: azgarbaketa (hazia landaretik bereizteko, karrama izeneko metalezko orrazi bat erabilita), beratzea (10-15 egunetan, pektosa substantzia desegiteko), jotzea (mazoarekin jo eta jo, zuntza atera arte), ezpatatzea (oraindik lastoa duenez, ezpata izenekoarekin garbitu), irutea, matazak egitea, egostea (sutako hautsarekin egiten zuten lixiba, eta erramua sartzen zioten poltsa batean, usain goxoa emateko), harilkatzea, eta oihala egitea.
Liho landarea lehortuta, eta harekin egindako zuntza. IDOIA ZABALETA / FOKU
Askatu dituzte matazak
Azalpenak entzunda jo du taldeak museoaren alboko eraikinera: oilategira. Dena prest du Aiartzaguenak. Lore lehorrez apaindutako mahaietan, liho matazak eta kristalezko potoak. «Askatu matazak», agindu die tailerreko kideei. Eta han hasi dira egiten oxkar korapiloa, hegatxabal korapiloa, korapilo laua... «Denak jarri behar ditugu?». «Estuago edo lasaiago egin behar dut korapiloa?». Lihoari buruzko azalpenak eman dizkiete adinekoenek gazteenei. Mahai baten buruan ari dira Maria Dolores Aranburu Garmendia eta Jose Juana Irastorza Garmendia Zaldibiako (Gipuzkoa) lehengusinak. Aiestaran Goena euren baserrian ezagutu zuten haiek lihoa. «Beti entzun izan dugu nola ematen zitzaien emakumeei ezkondu aurretik lursail bat, haiek lantzeko. Jakin nuenean ikastaro hau lihoarekin zela, horrek erakarri ninduen», azaldu du Irastorzak. «Gure birramonaren ehungailua han dago oraindik. Lihozko oihal gogor-gogorrak ateratzen ziren, erabileraren poderioz biguntzen zirenak», jarraitu du Aranburuk.
«Abentura bat da». «Ezin dut sinistu nondik ateratzen den hau». «Nik baino estuago egin duzu zuk». «Ze polita den eskulana». «Bazenekiten garai hartan galtzontzillo luzeak emakumeak ekartzen zituela?». «Hilko ziren gizonak, haiek goxatzerako!». Irribarreak ere korapilo ederrak dira.
ATZEKOZ AURRERA
Lihoaren txirikordak
Makrame ikastaro berezia egin dute Ataungo Barandiaran museoan, lihoa erabiliz. Landare hori zuntz bihurtu arteko prozesuaren eta Euskal Herrian izan duen garrantziaren berri izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu