ATZEKOZ AURRERA. Lander Zurutuza. Liburuzaina eta historialaria

«Liburutegien aukerekin txundituta gelditzen dira asko»

Zurutuzak 23 urte darama lanean Lezoko liburutegian; ondo ezagutzen ditu herri txikietako liburutegiak. Liburu elektronikoa indartsu sartuko zela uste zuen, baina jendea paperera itzultzen ari dela dio.

urtzi urkizu
Lezo
2017ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Urte bat bete gabe zuela joan zen Lezora (Gipuzkoa) bizitzera Lander Zurutuza (Usurbil, Gipuzkoa, 1966). Historian lizentziaduna da, eta 1994. urtetik da Lezoko udal liburutegiko liburuzaina. Lezoko toponimiaz 500 orrialde inguruko lan bat egin du. Marinazkane eta Zirikuak ipuinerako marrazkiak egin zituen.

23 urte dira liburuzaina zarela. Zertan aldatu da herri txikietako liburutegien eguneroa?

Izugarri aldatu da. Ni hasi nintzenean, beheko solairua baino ez zen liburutegia, eta, orain, hiru solairu ditugu. Espazioez harago, lanean hasi ginenean herri bakoitzeko liburutegia bertakoa zen, eta kito. Ez genekien beste tokietan zer egiten zen. Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker, orain Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako liburutegi guztiek sare bat osatzen dugu. Katalogoak bateratu dira, eta kontsultagarri ditugu web batean. Liburutegien arteko mailegua estandaritzatu da. Bere herrian aurkitzen ez duen liburu bat sareko edozein liburutegitik eska dezake edonork.

Egun zer motatako liburuak mailegatzen dira gehien?

Haur literatura eta eleberriak. Lezon, euskarazko liburuen batezbestekoa handia da. Gaztelaniazko produkzioa ikaragarria da, eta euskarazkoa askoz urriagoa. Eskertzekoa da herritarrek euskaraz irakurtzeko duten zaletasuna.

Literatur solasaldiak antolatzen dituzue. Zer moduz doaz?

Bai, urtean lau euskaraz eta lau gaztelaniaz egiten ditugu. Saio bakoitzerako, epe bat zabaltzen dugu, liburua banatu eta lasai irakurtzeko. Ane Maioz eta Javier Mina aritzen dira dinamizatzaile.

Herri askotan sortu dira irakurle taldeak eta halako solasaldi saioak. Zuentzat ere aberasgarria da?

Gure eskaintza dibertsifikatzeko modu bat da. Liburutegira joateko ohitura ez duten batzuentzat erakargarria izan daiteke.

Udalak arduratzen al dira liburutegiekin?

Gure kasuan, behintzat, ezkerreko zein eskuineko alderdiek zintzo jokatu dute, eta ez dute esku sartzerik egin liburutegian. Autonomia eman diote, liburutegiak bere kasa funtziona dezan.

Liburu elektronikoak iritsi ziren, baina ez al du oraindik jendeak papera nahiago?

Duela urte batzuk, sentsazioa nuen e-booka oso indartsu sartuko zela eta paperezko irakurleak galduko genituela. Baina urteekin ikusten dut jendea paperera itzultzen ari dela. Paperak duen magia hor dago.

Liburutegiek etorkizuna dute?

Bai, zalantzarik gabe. Garai batean, liburutegia liburua baino ez zen. Egun, etortzen dira gurasoak haurrekin liburu bila, heldu batzuk etortzen dira Interneten kontsultak egitera, besteak aldizkariak begiratu edo mailegatzera, besteak egunkariak irakurtzera... Bakoitzak aukera ezberdinak topatzen ditu. Asko txundituta gelditzen dira liburutegietan dauden aukerekin.

Argazkilari ere bazara. Jaizkibelgo argazkiak jaizkibel2016.wordpress.com blogean jartzen dituzu.

Jaizkibel ezkutuan dagoen perla bat da. Superportua egiteko proiektua egon zenean ezagutarazi zen eskualde honetatik kanpo. Inguruan bizi garenontzat ere ezezaguna da, dena den. Lekuak dauzkat inoiz egon gabeak, nahiz eta Jaizkibelera astean lautan joaten naizen.

Toponimiaz lan mardul bat egin duzu. Eman dizkiozu orduak...

Itxita dago, eta argitaratu nahiko nuke. Txikitatik baserri askoren izenak ezagutzen nituen. Aspalditik izan dut toponimiarekiko grina. 80-90 urte ingurukoen belaunaldia desagertzen denean, aberastasun izugarri bat eramango dute berekin.

Lezoko historian ere topatuko zenituen kontu interesgarriak, ezta?

Lezo itsasoari begira zegoen herri bat zen. Baserriak itsasora begira zeuden fabrikak ziren, sagardoa eta haragia ekoizten. XVI. mende amaieran, munduko itsas ontzi handienak egiten ziren. Espainiako armadako ontzirik handiena bertan egin zuten, 1609an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.